Hilaren 21ean helduko da Orain Presoak dinamikaren barruan bizikleta martxa Erreteria-Oreretara. 12:15ean helduko da Lartzabalgo biribilgunera. Harrera 13:15ean egingo diote Orain Presoak bizikleta martxari Matxaingo biribilgunean
Oarso Bidasoko taldearen argazkia bizikleta martxara deituz.
Orain Presoak dinamikak, euskal presoen aldeko aldarria bizikleta gainera igo du. Helburua, hilaren 20tik 23ra, euskal presoei ezartzen zaien salbuespen egoerarekin amaitu beharra dagoela gizarteratzea dela esan dute dinamikako arduradunek: “Urrunketa politikak zuzen-zuzenean senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua nabarmendu nahi dugu”.
Frantziako Estatuan hasiko da iniziatiba, “Frantziako gobernuak gai honekiko duen aldaketarako borondatea erakutsi baitu, eta erreferente argia bihurtu da zentzu horretan”. Gizarte zibilaren lanaren garrantzia frogatu dela gaineratu du dinamikak, “berak lortu baitu Frantziako Gobernuak, Frantziako Estatuan dauden euskal presoei dagozkien baldintzak aldatzeko beharrezko urratsak egiten hastea. Lan lerro horri jarraituz, gizarte zibilaren eta adostasun sozialaren bultzadaz, dugun babes instituzional eta sindikala kontuan izanik, Espainiako Estatuan ere bide horretan urratsak egiten has daitezen lortu behar dugu”.
Lau etapa izango ditu bizikleta martxak: Mont d’Marsan espetxetik Baionara; Baionatik Donostiara; Donostiatik Altsasura; eta Altsasutik Zaballako espetxera.
Pedalkadaz pedalkada Orain presoak dinamikak Mont d’Marsan eta Zaballa lotu nahi ditu, “Zaballa espetxe politikaren aldaketaren ikur bilakatu nahi dugulako”.
Martxa Errenteria-Oreretatik igaroko da. Hilaren 21ean izango da hori, eta aurretik Irun ere zeharkatuko du. Irunen, Ficoban egingo diote harrera 11:30ean. Oreretara berriz, 12:15ean helduko da Lartzabalgo biribilgunera. Harrera 13:15ean egingo diote Orain Presoak bizikleta martxari Matxaingo biribilgunean, eta 13:30ean bazkaria egingo dute Agirre Lehendakariaren plazan. 15:30ean irtengo da Donostiarantz bizikleta martxa.