EAJren aurtengo omendua Ereintza Eskubaloia izango da. Krosaren sari banaketaren ostean omenduko dute eskubaloi taldea.
Gaur aurkeztu dute hilaren 24ko haur krosa EAJren egoitzan.
Aurten ere antolatu du EAJk haurren krosa. XI. aldia izango du aurtengoa, eta urtero bezala, omendu bat izango du aurten ere: Ereintza Eskubaloia. Gaur aurkeztu dute krosa EAJren egoitzan, eta Elixabete Murua, Errenteriako EAJren Uri Buru Batzarraren lehendakariak azaldu du ohitura osasuntsuak sustatzea dutela helburu, eta kirola eginez haurrek ondo pasatzea. Hilaren 24an izango da Haurren Krosa, 12:00etan hasita. Izena ematea, berriz, 10:00etan zabalduko dute Batzokian bertan lasterketaren egunean, eta interesdunek beraz, hara jo beharko dute parte hartu ahal izateko.
Lasterketak hiru kategoria izango ditu: txikienek, 2009-2010ean jaiotakoek 850 metro egin beharko dituzte korrika; kimuek, 2007-2008an jaiotakoek 1.000 metro; eta haurrek, 2005-2006an jaiotakoek, 1.500 metro. Batzoki paretik abiatuko da lasterketa,m eta parte hartzaileentzat aldagelak jarriko dituzte Batzokian.
Lasterketa amaituta, sari banaketa egingo dute antolatzaileak, eta une hori baliatuko dute Ereintza Eskubaloia omentzeko. Muruak esan du urteak daramala EAJ kirolaren aldeko hautua eginez herriko kirol talde eta kirolariak omentzen, “haien lana eta ibilbidea, zein kirolaren alde egiten duten ahalegina aitortzeko. Aurten Ereintza Eskubaloia omenduko dugu, gure herrian eskubaloiak duen garrantziaren atzean, neurri handi batean, Ereintza Eskubaloia baitago, eta horrek aitortza merezi du EAJren iritziz”.
Parekidetasuna sustatzen duen elkartea
Ereintza Eskubaloiaren ibilbidea egin du ondoren Muruak. 1958an sortu zuen gazte talde batek Ereintza Kirol eta Kultur elkartea “gure herriko kultura eta tradizioak babesteko. hasieratik izan zuten helburuetako bat eskubaloia bultzatzea, eta 1959an sortu zuten lehen taldea”. Lorpen ugari jaso ditu orduz geroztik Ereintzak, eta gizonen talde bakar hartatik, kategoria guztietan gizon zein emakume taldeak edukitzera pasa da. Ideia hori nabarmendu du Muruak, eta Ereintzak eskubaloia errotzea lortu duela, baina baita berdintasuna bultzatzea: “Emakumeen lehen taldea 1980-1981 denboraldian sortu zuten kadete kategorian, eta hurrengo denboraldian jubenilen taldea gehitu zitzaion. 1983-1984 denboraldian bi gertaera garrantzitsu izan ziren Ereintzaren historian: Senior Emakumeen taldea sortzearekin kategoria guztiak osatu ziren emakumeetan, eta jubenil neskak Espainiako txapeldunorde izan ziren”.
Emakumeen taldeen presentzia gizonenen parekoa dela Ereintza Eskubaloian esan du Muruak, “horrek gure herrian kirola sustatzeaz gain, berdintasun baloreak sustatzen ditu. aitortza egin eta eskerrak eman nahi dizkiogu, eta urte luzetako bide horri eusteko gure bultzada eman”.
Laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkie azkenik, Muruak, eta aipamen berezia egin dio Errenteriako Atletismo taldeari, “antolakuntzan egiten duen lan izugarriarengatik”.
Euskaraldiaren gaineko informazioa
Haurren Krosa baliatuta, EAJk gainera, Euskaraldiaren gaineko informazioa eta argibideak emango ditu egun horretan. Alderdi jeltzaleak bat egin du 11 egunez ahobizi eta belarriprestez euskararen alde egingo den iniziatibarekin.