1500 pertsona Errenteriako Koadrilen Eguneko bazkarian. Giro ederra sortu da plazan eta oraindik egun guztia aurretik.
Koadrilen egunean itzal bila
Txupinazoa eta Line Koadrilen eguneko pertsonaiaren jaitsierarekin hasi dute Koadrilen Eguna. Errenteriako jaitako hirugarren egunean, 1500 pertsona bildu dira plazan elkarrekin bazkaltzeko. Egun guztia aurretik.
Koadrilak dira protagonistak gaur. Ongi pasatzeaz gain eginkizun bat du bakoitzak antolakuntza gauzatu ahal izateko: panpina egin, bazkaria zerbitzatu, kamisetak egin, mahaiak jarri, jaso… Janaria baino lehen errespetua, pazientzia eta elkarlana bezalako hitzak ekarri dituzte mahai gainera, eguna ongi ateratzeko
dekalogoa irakurri dute. Bakoitzak bere platerak hartu eta jasotzeko deia zabaldu, zaborra jaso eta sailkatzera bideratu eta baita adibideak eman ere, bazkal orduan eraso sexistak ere ez direla onartuko gogorarazi eta euskaraz harremantzera gonbidatu dituzte parte hartzaile guztiak. 14:00etan pasatxo hasi dute jana eta esandako guztia aktibatu dute.
Adin zein izaera desberdineko jendea animatu da dimentsio handia hartu duen ekintza honetara, denak kamiseta urdinarekin soinean. Ardurez gain, bakoitzaren atondua ekartzeaz gogoratu dira batzuek, eguzkiaz babesteko hamaika aukera desberdin ikusi baitira plazan: txanoak, betaurrekoa, ur-pistolak, izotza, hozkailu txikiak, aterkiak… Kolore urdinaz gain beste hainbeste ikus zitekeen plazan.
Arratsaldean poteoa egingo dute eta hartara jende gehiago animatuko dela iragarri dute.