Azken saria herritarren esku San Pedroko jaietako argazki lehiaketan
San Pedroko jaietako argazki lehiaketak baditu irabazleak. Baina bat falta da erabakitzeko, publikoaren gustukoena.
Arrakastatsua izan da aurten ere “San Pedroko Jaiak 2018” lelopean abiatu duten argazki lehiaketa. 85 argazkiren artean hiru aukeratu ditu epaimahaiak, kide bakoitzak bana. Baina, Ikuslegoaren Saria falta da eta hori herritarrek aukeratu beharko dute.
32 pertsona helduk eta 4 gaztek parte hartu dute lehiaketan, guztira 85 lan aurkeztuz. Argazki guztiak Antxeta elkartean egongo dira ikusgai gaurtik aurrera eta irabazleen izenak San Pedro Txikitako jaietan jakinaraziko dituzte, hau da, irailean.
Epaimahaia Jasone Sistiaga, Oskar Mendizabal eta Orhi Aizpuruk osatu dute. Bakoitzak argazki bana aukeratu behar izan du saridun gisa. Hala ere, sari bat erabakitzeko falta dela iragarri dute, publikoarena hain zuzen. Horregatik, bozka eman nahi duen orok elkartean bertan izango du aukera. Bozkatzaile guztien artean bi pertsonentzako afari bat zozketatuko da, Antxetan bertan emango dena. Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie parte hartzaile guztiei.