Aitor Vilariño pasaitar palistak domina irabazi du Euskadiko Selekzioarekin K-4 proban. K-1 proban ere hirugarren egin du egun berean.
Oihan Sayar, Ion Moreno, Aitor Vilariño eta Erik Arozena, garaikurrarekin
Selekzioen arteko K-4 ontzien proba eman zen igandean, hilak 22, Sanabriako lakuan (Zamora). Gaztela eta Leongo Sari Nagusi honetan, txapeldun izatea lortu du Euskadiko Selekzioak, tartean Aitor Vilariño pasaitarra zelarik.
Irungo Santiagotarrak taldeko Oihan Sayar, Erik Erozena eta Ion Morenorekin batera aritu zen Aitor Vilariño palista pasaitarra Euskadiko selekzioaren izenean. Bidasoako Jaitsiera irabazita lortu zuen laukotean parte izatea, hortaz ez dute elkarrekin entrenatzeko denbora handirik izan. Hala ere, Valladoliden jokatutako bezperako probaren sentsazio onak aurrera egiteko indarra eman zien eta emaitza ona lortu zuten.
5000 metroko ibilbidea eta “borroka estuaren” ondoren, Gaztela eta Leongo selekzioa aurreratzea lortu zuten. 1 segundo eta 7 ehuneko aldea atera zieten. Hirugarren Extremadurak egin zuen, 20 segundoko aldearekin.
Vilariñok baina, ez zuen domina hori soilik lortu. Proba nagusia baino ordu batzuk lehenago, K-1 proba librean parte hartu zuen. Distantzia bera jokatu zuen pasaitarrak, kasu honetan bakarrik. Hasieratik hartu zuen abantaila beste batzuekin batera eta helmugara hirugarren iritsi zen. Aurretik izan ziren Aranjuezeko eta Fluvial O Barcoko ordezkariak. Ur-lasaietan denboraldi “txukuna” egiten ari dela adierazi dute.