Donibaneko jaiak: Sukaldea plaza denean
Etxeetan geratzen dena ez bada, isiltasuna eta bakardadea ez datoz bat Donibaneko jaiekin. Plaza izaten ari da herrian topaleku eta umorearen ardatz.
Etxeetan geratzen dena ez bada, isiltasuna eta bakardadea ez datoz bat Donibaneko jaiekin. Plaza izaten ari da herrian topaleku eta umorearen ardatz.
Jaien erdigunean aurkitzen dira Santioak. Bi egun atzetik eta beste hainbeste edo gehiago aurretik. Oroitzapen batzuk gordeta eta beste batzuk eraikitzen ari dira une honetan. Gaur mahoiz jantziko da Donibane, eta arrantza giroan murgildu. San Pantaleon Eguna da.
Txupinazoan bizi zituzten sanjuandarrek lehen zirrarak, asteazken arratsean. Herriko plaza beteta, elektrotxarangaren doinuak giroturik eta denak suziria lehertzeko zain. Horren arduradun Itsas Mendi Elkartearen txistulariak izan ziren, aitortza egin zietelako herritarrek, jaien hasieraren protagonista bikoitz bihurtuz. Merezita. Agurra eta aurrez asmaturiko koreografia batekin jarraitu zuten festa, dantzan, plazan. Gauean gazteek hartu zuten plaza, afaria eginez.
Atzo, ordea, nagusienek izan zuten tartea. Santa Ana Eguna izanik, Santa Ana ermitan egin ohi den goizeko mezan parte hartu zuten.
Plazara jaitsita, marmitako lehiaketako proposamenak egin, eta jan zituzten. Eta dastatzen jarraitu zuten arratsaldean ere sanjuandarrek, Gazteen II. Pintxo Lehiaketa egin baitzuten Bonantzan. Partaide ugari eta pintxo ikusgarriak. Kuadrilla bakoitzak 50 pintxo berdin egin behar zituen, ondoren herritarrek jateko. Bitartean, txikiek txokolatearekin zikindu zituzten muturrak, abordaia egin eta ondoren, jolasetatik berrindartzeko.
Sabelak bete ondoren, txosnetako bafleetako musika itzali eta Andoni Ollokiegiren gitarra eta ahotsak entxufatu zituzten. Musikari sanjuandarrak publikoa bere egin zuen. Habaneren ikuskizuna hasi arte luzatu zen. Ohitura zahar-berria, arrakastatsua izan da aurten ere. Balkoietako faroltxoek argitzen zuten plaza. Hasi baino lehen beteta zeuden jarlekuak herriko zein kanpoko jendearekin. Liluratuta utzi zuen publikoa itsasoarekin lotura zuzena duen dramatizazioak.
Gaur eta gerokoak
Arrantzale eguna da gaur, San Pantaleon Eguna, herriko kuadrillek sardinak egin eta banatzen dituzten eguna. Mahoizko gona eta galtzak soinean izango dituzte. Herria jendez betetzen duen sardina-jana izango da arratsaldean. Sardinen kea bisitarien arropa eleganteraino iritsiko da, eta etxera heldutakoan ohartuko dira zer nolako harremana duen oraindik Donibanek itsasoarekin, usainagatik. Geratzen denak askorako emango duela zin egin dute herritarrek.
Uztailak 27 – Arrantzaleen eguna 14:00. Aiton-amonen bazkaria. 19:00. Sardina jana herritik zehar, Pasai txarangak girotuta. 20:00. Musika plazan. 22:00. Arrantzaleen danborrada. 00:00. Bull DJa Bonantzan.
Uztailak 28 – Larunbata 10:00. Gazteen pilota eta karabina txapelketa frontoian. Ondoren. Holi festa. 12:30. Kantu jira Meipitik. 13:30. Haur bazkaria Bixi Bixin. Ondoren karaokea eta jolasak. 18:30. Dantza solte txapelketa plazan. 20:00. Herri kirolak. 23:00. DJ plazan. 23:00. Nau, Kopson eta DJ Txankleta Bonantzan.
Uztailak 29 – Igandea 07:30. Diana txistulariekin. 08:00. Sokamuturra. 10:30. Gaztelutxoko bizikleta igoera Meipitik. 17:30. Poker txapelketa plazan. 18:00. Arrantza txapelketa Bonantzan. 18:30. Muxikoak plazan. 19:30. Alurr dantza taldearen ikuskizuna plazan. 20:00. Xake txapelketa plazan. 22:30. La Txula Potra arkuan. 23:00. Dub festa arkuan.
Uztailak 30 – Ez Gaude Denok eguna 10:30. Haurren lasterketa. 12:00. Apar festa. 17:00. Gazte olinpiadak plazan. 17:30. Dultzaineroak. 19:00. Herrien arteko desafioa: Donibane vs. Donibane Garazi. 21:30. Barrikotea. 22:30. Euskal kantak kantatuz. 23:30. Zezen suzkoa. 00:00. Omenaldia. 00:30. Bull DJa Bonantzan. 00:30. DJ plazan.
Uztailak 31 – San Inazio eguna 06:30. Txokolate jana txosnan. 07:15. Kalejira plazara. 08:00. Sokamuturra. 09:00. Diana. 11:30. Batelarien desfilea. 12:15. Batelarien estropada. 14:00. Bazkari herrikoia. 19:00. Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariak txosnetan. 21:15. Danborrada uretan. 22:30. Su festa. Ondoren. Ikurriñaren jaitsiera.
Argazki berriak: