Distira berezia izan omen dute, giro onean ospatu, eta milaka lagunek hartu dute parte antolatutako 150 ekintzetan.
Txupinazo txikiak gainezka egin zuen Koldo Mitxelena plazan.
Madalenak amaitu eta bi egunera, jaien gaineko lehen balorazioa egin du Ion Collar Kultura zinegotziak: Oso positiboa. Halakoa izan da balorazioa, distira berezia izan omen dute, giro onean ospatu, eta milaka lagunek hartu dute parte antolatutako 150 ekintzetan. Eskertzeekin hasi da Collar, eta lehenik, madalenak aurrera ateratzeko ahalegina eta konpromisoa hartu duten elkarte, eragile eta kolektibo guztiei azaldu die esker ona: “Pertsona horien ahalegin eta inplikaziorik gabe ezin izango genituzke festak gozatu eta programa ere ez litzateke hain osatua izango. Lan hori aitortu eta eskertu behar dugu”.
Udaleko departamendu guztiei zabaldu die eskertza hori, “mantenua, kultura, udaltzaingoa, garbiketa zerbitzuak, komunikazioa eta abar, lanerako izan duten prestutasuna, azkartasuna eta eraginkortasunagatik”. Ekipo sanitarioak eta Babes Zibileko kideak ere izan ditu gogoan Kultura zinegotziak, “egunero gutaz arduratu zaretelako”.
Aurtengo omenduak izan diren auzo elkarteei egin die aipamen berezia, bestalde, eta hainbeste urtetan egindako lan altruista eskertu die, “gaurko Errenteria zuen borrokari eta lanari esker da den bezalakoa”. Eta herritarrak ezin ahaztu, “zuek baitzarete madalenetako ilusioa pizten duzuenak”.
Jarduera berriak, gainditutako erronka
Batzordeek eta elkarteek jarduera berriak bilatzeko eta antolatzeko egin duten ahalegina nabarmendu du Collarrek, “madalenetara berritasunak ekartzea erronka handia da eta aurten, sobera gainditu dugu erronka hori”. Berritasunen artetik, Erein elkarteak aurten lehenengoz antolatu duen zezen suzkoen entzierroa, hilaren 24 goizean egindako apar festa eta gosari herrikoia, eta EMKE Bandak jaiak amaitzeko ematen duen kontzertuaren “formatu berritzailea” nabarmendu ditu Collarrek.
Eremu parte hartzaileak sendotzea lortu dutela aurten ere esan du, eta Txupinazo Txikiak eta Holy Festak arrakasta “itzela” izan dutela. Arrakastaren gakoa ere eman du: “Arrakastarako bermerik onena parte hartze espazioetan egindako proposamenak entzun eta gauzatzea da”.
OaingozHau Mugimenduari ere egin dio erreferentzia eta azken horrek sortutako espazioak eta inplikazioa nabarmendu ditu, “bihotzez mila esker herriko jaien aldeko apustua egiteagatik, eta proposamen berritzaile eta ausarta egiteagatik. Danborradak ikusgarriak eta hunkigarriak izan dira, eta bazkari herrikoiek izan duten parte hartzeak islatzen du madalenen izaera: herritik eta herriarentzat antolatutako jaiak dira”.
Errespetuan, aniztasunean eta berdintasunean jaiak gozatzera deitu zituzten herritarrak, eta bide horretan, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Gorabehera berezirik ez da izan jaietan, lapurreta txikiren bat eta mediko arreta behar izan duen norbait salbu, eta horren harira, udalak lanean jarraituko duela datorren urtean horrelako gorabeherak ahalik eta gutxien izan daitezen berretsi du.
Herritarrik gabe ez dago jairik, baina azken horien pazientzia ere ezinbestekoa izaten da, eta hori ere eskertu du Collarrek: “Badakigu askotan zaila dela festarako eta atseden hartzeko eskubidea bateratzea, eta ildo horretan eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei pazientzia izan duzuelako, eta egoera berezia zela ulertu duzuelako. Errenteria herri bizia denaren adibide argia dira madalenak”.
Lehen balantzea egin du udalak, “positiboa oso”. Irailean, berriz, Jai batzordearekin eta Kultura batzordearekin bilduko da udala madalenen balorazio zehatza egiteko.