Berezko nortasuna duen musika taldea da Nau. Lau gazte, rock-metal estiloan murgilduta eta egurra emateko prest. Lehen aldiz joko dute Donibanen bihar, etxean, eta ez dadila azkena izan.
Nau musika taldeko partaideak: Jokin Isasi, Luken Martin, Oihan Villa eta Asier Lasa
Berezko nortasuna duen musika taldea da
Nau. Lau gazte, rock-metal estiloan murgilduta eta egurra emateko prest. Lehen aldiz joko dute Donibanen bihar, etxean, eta ez dadila azkena izan.
Ez da ohikoa adin honetako lau gazte musika estilo honetan ikustea, rock-metalean aritzea. Ez eta beren abesti propioak sortzen, gainera. Talde desberdinetatik etorrita bakoitzaren izaerarekin bat datorren musika egitea lortu dute, izaera propioa emanez eta haiek identifikatzen dituen musika eginez.
Nau da taldearen izena; motza eta indartsua. 22 eta 23 urteko lau gaztek osatzen dute, Lezo zein Donibanekoak: Jokin Isasi gitarran, Luken Martin gitarra eta ahotsean, Oihan Villa baxuan, eta Asier Lasa baterian. Gaur egungo errealitateari buruz idazten dute, baina letrarekin banio gehiago musikarekin kontatzen dute esan nahi duten hori. Hori guztia, euskaraz.
«Ez da erraza musika munduan murgiltzea, estilo honekin batez ere», dio Villak. Egun, gehienbat musika komertziala entzuten dela esan daiteke, eta Nauren estiloa ez dator bat gaur egun sortzen den musikarekin. Hala esan du Lasak. Ska, reggaea eta rapa dira orain gazteen artean entzuten diren estilo nabarmenenak: «Guk ez dugu jendeak nahi duena ekoizten, nahi duguna ekoizten dugu eta gero jendeari erakusten diogu». Kontzertuetan entzuleak «gustura» egoten direla gehitu dute, estilo horretara ohituta ez daudela badakiten arren.
Duela 20 urte sortu ziren musika taldeetan oinarrituta dago gazte sanjuandar eta lezoarren musika. Garai hartako musika entzuten dute gehienbat. «Ameriketako Estatu Batuetako musika asko entzuten dut nik, adibidez, baina hemengo erreferente asko ditugu baita ere: Koma, Dut, Berri Txarrak…», dio Martinek. Herrikoak diren Jousilouli eta Naizroxa ere aipatu ditu behin eta berriz, eta harro, oso harro, gainera. «Errealitateari buruz idazten dugu, gatazkei buruz. Guk gehienbat musikarekin espresatsen dugu sentitzen duguna», aitortu dute.
Bidea ekiten egiten da
Ez dira hamarrera iristen eman dituzten kontzertuak, eta ez dira Oarsoaldetik atera. Oholtzan emandako garapena, ordea, nabaria da. «Gero eta askeago, gusturago eta konfiantza handiagoarekin aritzen gara», dio Isasik, «Horrek gehiago gozatzea eta aurrera egitea dakarkigu».
Hankak lurrean, baina ametsez beteta daudela demostratu dute. «Hemendik bizitzea itzela litzateke. Zaila dela badakigu, eta horregatik, ez da hori gure helburua. Musika egin eta hori zabaldu nahi dugu», diote.
Ildo berberean dauden lau lagun izateak ilusioa bikoizten die, eta sortu eta jotzeko indarra eman. Sasi guztien gainetik, bidea egiten jarraituko dutela argi utzi dute. Bihar joko dute etxean, 23:00etan, Bonantzan.