Lantzen ari diren hitzarmenean jasotzen denez, Portu Agintaritzak merkantzien berri eman beharko du.
Abuztuaren 2an Lezoko moilan izan zen sutea itzaltzeko orduan izan ziren hutsuneei erantzun asmoz, Pasaiako Portu Agintaritza eta aldundia lanean hasiak dira. Hitzarmen bat adostu nahi dute, prebentzio neurriak zorroztu eta suhiltzaileen espezializazioa bultzatzeko.
Portu Agintaritzak, bere aldetik, portuan manipulatzen dituzten merkantzien gaineko informazioa helarazi beharko du, bereziki, merkantzia arriskutsuak diren kasuetan. Aldundiak, bere partetik, prebentziorako neurriak jarri eta suhiltzaileen espezializazioa lagunduko du.
Hitzarmena aurrera ateratzen bada, Portu Agintaritzak 30.000 euro bideratuko ditu urtero formazio programa eta bestelako bitartekoak finantzatzera. Horrez gain, merkantzia arriskutsuak direnetan, hiru suhiltzaile egon beharko dute portuan zama lanak egin bitartean.
Hitzarmenean adostutakoa betetzen dela bermatzeko jarraipen batzorde bat osatuko dute eta batzorde horretan Portuak eta aldundiak hiruna ordezkari izango dituzte. Bertan erabakiko dute zein merkantziek behar duten arreta berezia, laguntza-taldeak behar diren, noiz eta zenbat denborarako.
Hitzarmenak aldundiaren gobernu batzordearen oniritzia du jada, baina Portu Agintaritzako zuzendaritzak berrestea falta da, bi aldeek sinatu eta indarrean jartzeko.
Lotutako albisteak: