Indartsu eta luxuzko kartelarekin heldu da Atlantikaldia bosgarrenean ere. Hilaren 20tik 23ra arte zortzi gunetan 90 ekintzatik gora atondu ditu udalak Errenteria musika, kultura eta aniztasunaz blaitzeko.
Atlantikaldiaren bogarren aldia aurkeztu dute gaur Donostiako Aquariumean.
Indartsu eta luxuzko kartelarekin heldu da Atlantikaldia bosgarrenean ere. Indartsu, kultura eta musika erreferente ukaezina bihurtu delako Errenteriako Udalak antolatzen duen jaialdia, eta zuten helburuetako bat soberan bete dutelako, Atlantikaldia sendotzea. Luxuzkoa aurreko lau ekinaldietan bezala, aurten ere askotariko kartel aberatsa, kalitate gorenekoa, atondu dutelako goi mailako musikariekin emanaldi errepikaezinak eskaintzeko.
Donostiako Aquariuma aukeratu dute Atlantikaldiaren bosgarren aldia aurkezteko. Izan ere, Atlantikaldia kultura eta musika da, baita itsasoa ere. Atzera egin du Julen Mendoza alkateak, Atlantikaldia itsasoari begira sortu zela gogorarazteko, “memoria historikoari eustsiz sortu zen, eta ohartu ginen, itsasoa bera gure herrian zegoela, itsaso korronteek gure herrira kultura ugari ekarri zituztela. Gu atera ginen Euskal Herritik itsasoz, baina itsasoz heldu dira gurera, goseak, gerrak, lanak… bultzatuta beste asko”. Errenteria herri anitza dela erantsi du, eta horren adierazle, udalerrian dauden 80 kultur komunitateak aipatu ditu, “komunitate horiek barnebiltzen dituen jaialdia ere bada Atlantikaldia”.
Itsas korronteak, hori aurtengo Atlantikaldiaren goiburua, “jendea dakarten eta daramaten itsas korronteak”. Kultur topagune eta musika jaialdia dela Atlantikaldia, baina sorkuntzarako eremua ere badela nabarmendu du, “sorkuntza bultzatzea bilatzen du, artista ezberdinen topaleku da eta artista horien artean gauza berriak sortzea ere bultzatzen du. Kultur ezberdinen topaleku izatetik harago sorkuntza espresio ezberdinen batuketa izatea du helburu”.
Zortzi gune, eta 90tik gora ekintza
Iker Tolosa Atlantikaldiaren Zuzendariak eman ditu aurtengo jaialdiaren gaineko zehaztapenak, eta Errenteria-Oreretak duen aniztasuna programa batera eraman dutela azaldu du: “Herriko 50etik gora eragilek hartu du parte programa osatzeko garaian”. Izaera propioa izango duten zortzi gune izango dira jaialdiaren barruan, denak Oiartzun ibaiaren inguruan, eta Itsas Topaleku kontzeptupean sortutakoak: Kale kaia gazteei begira; Herrixka familientzat, Herriko Plaza kontzertu intimoagoetarako, Teknokaia, Atseden Irla Atlantikaldiaren autobusarekin, Ibaia, Gastrogunea Xabier Olaskoaga Plazan, eta gaueko kontzertu nagusiak hartuko dituen Itsasargi Nagusia.
Azken agertoki horretatik pasako dira, Nneka (Nigeria), Bebe (Espainia), Esne Beltza (Euskal Herria), eta 47 Soul (Palestina) bezalako taldeak. Agertoki nagusi horretatik pasako dira, bestalde, Manez eta Kobreak (Euskal Herria) eta Aiace eta Duo B.A.V.I (Brasil) taldeak. Hiru horiek elkarlanean arituko dira aurten kolaborazio eta egonaldien bidez, izan ere, jaialdiaren izpirituari jarraituta, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdinetako artistak, nazioartekoak eta Euskal Herrikoak elkarlanean jartzen ditu Atlantikaldiak kontzertu bakarrak eta bereziak eskaintzeko Itsas elkarrizketak programaren barruan.
Egonaldi horretan parte hartuko duen Manez eta Kobreak proiektuaren ordezkari Thierry Biscary ere izan da gaurko agerraldian eta eskertu egin du Atlantikaldiak eman dien aukera, “bi egun eta erdi izango ditugu kolaborazia prestatzeko elkarlanean, eta uste dut zerbait polita aterako dela. Guk aukera izan dugu aurten, eta espero dut belaunaldi berriek aukera izaten jarraitzea beren lanak aurkezteko, apustu polita delako honakoa”.
Olatz Salvador ere izan da agerraldian. Berak ere hartuko du parte Atlantikaldian, “ilusio handiz” zehaztu duenez, “aukera izugarria da estilo eta kultura ezberdinak uztartzeko, eta oso berezia izango da bertan arituko diren artista handiak bertatik bertara ikustea, plazan, herriarentzat abesten”.
Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendariak zoriondu egin du Errenteriako Udala jaialdiaren antolaketagatik: “Gipuzkoa itsasoari lotuta dago, eta Errenteriako Udala aitzindari izan da lotura hori aitortzen”. Errenteria erreferentea dela musika munduan gaineratu du Telleriak, eta Atlantikaldiarena, urtero, luxuzko eskaintza dela: “Beste herrientzat eredu izatea nahiko nuke zuen jaialdia, eta zuen jarduna”.
Garraio publikoa erabiltzeko gomendioa
Lau eguneko egitaraua Atlantikaldiaren webgunean kontsulta daiteke eta eskuko telefonoetarako aplikazioa ere prestatu du udalak. Bestalde gaur-biharretan zabalduko dute Atlantikaldiaren barruan antolatutako tailerretan izena emateko epea, eta horietan parte hartu nahi dutenek webgunean sartuta egin beharko dute. Azken aholku bat ere eman dute, garraio publikoa erabiltzearen aldekoa. Ostiralean Euskotrenek gaueko zerbitzu berezia jarriko du Atlantikaldiaren harira, eta larunbatetan ohiko ordutegiaren barruan eskaintzen du gaueko zerbitzu hori, aitzakiarik ez da beraz, autoa baztertu eta garraio publikoa erabiltzeko.
Atlantikaldiaren aperitiboa, Pauline eta Juliette bikote lapurtarraren eskutik heldu da gaur. Beraiek ere izango dira Atlantikaldian eta eskainiko dutenaren aurrerapena egin dute gaurko agerraldian.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.