Asteazken eta ostegunerako proiekzioak eta mahai ingurua antolatu dituzte.
KATeko garai bateko palistak eta entrenatzaileak, Joseba Saies buru.
Joan den uztailean ekin zieten Pasaia Kayak-en 30. urteurreneko ospakizunei, baina ospakizun nagusia hilaren 16an izango dute. Bien bitartean, baina, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, piraguismoaren mundua herritarrei gerturatzeko.
Argazki erakusketa bat atondu dute Trintxerpeko alkateordetzan, taldeko argazki zaharrekin, eta materialetan izan den bilakaera erakusgai. Hilaren 28ra arte egongo da zabalik, 16:00etatik 20:00etara egunero.
Horrez gain, piraguismoaren gaineko hiru proiekzio interesgarri eskainiko dituzte datorren asteazkenean (hilak 12), Trintxerpeko alkateordetzan, 19:00etatik aurrera, eta mahai inguru bat, hilaren 13an, toki eta ordu berean, taldeko sortzaileetako batzuk hizlari.
Hilak 16an, bazkaria eta festa
Urteurrenaren ospakizunen barruko ekitaldi nagusia, edonola ere, hilaren 16koa izango da. Azken hiru hamarkadetan klubetik pasatako kideetako asko elkartuko dira bazkarian, Zirizan, baina aurretik, nola ez piraguan irtengo dira.
10:30etik aurrera 100 bat piragua aterako ditu klubak nahi duen edonork probatzeko aukera izan dezan. Ibilbide bat ere zehaztuko dute, Trintxerpen hasi eta Albaolara bitarte, han buleta hartu eta irteera puntura itzultzeko.
Piragua topaketa amaituta, 12:30ak inguru, hamaiketako eskainiko dute Trintxerpeko moilan horretarako propio atonduko duten karpan.