Bi egun baino ez dira falta eta Oarso Bidasoan kirioak dantzan dabiltza asko; emakumeetan San Juanek bosgarrena irabazi nahi du errenkan, eta gizonetan Hondarribiak aukera handiak ditu.
Batelerak, sailkapen estropadan, Kontxako badian; egun hartan bezala, etzi ere, marea #harroxa zain izango dute.
Hondarribiak eskura du aurten Kontxako bandera. Ez da erraza izango, noski, baina lor dezakete, eta gogotsu daude, urte batzuk pasatu direlako arraun zaleen bandera desiratuena etxeratuz geroztik. 2013. urtean irabazi zuen Hondarribiak Kontxa azkenekoz.
Ama Guadalupekoa-k etzi irabaziko balu, hamabigarren Kontxako bandera litzateke Hondarribiarentzat, Mikel Orbañanos entrenatzailearen aginduetara lortutako hirugarrena.
Hondarribiaren azken garaipenak, gainera, aurtengoaren antzera, oso polemikoak izan ziren. Irabazi zuen azken bandera, 2013. urtekoa, pala txokeen ondorioz Urdaibai deskalifikatu ondoren irabazi zuen Hondarribiak, eta 2005ean, berriz, Pedreña eta Orioren arteko borrokan, kantabriarrak deskalifikatu zituztelako. Aurten traza antzekoa hartu dute kontuak arraunaren olinpiadan, pala txokeak tarteko Urdaibairi ezarritako zigorrak bermeotarrak lehiatik kanpo utzi dituelako berdekoen mesederako; hala ere ikusteko dago bizkaitarren errekurtsoak zein bide hartzen duen.
Baina gertatutakoak gertatu, Mikel Orbañanos ez da fio, nahiz orain arte egindakoekin kontent egon: «Gure lehenengo helburua Kontxarako sailkatzea izan zen, eta lehengo igandean, bandera irabazteko aukerarekin iristea bigarrengora. Momentuz, behintzat, betetzen ari gara helburuak. Ohorezko txandan gaude, eta beste guztien errespetuarekin, Zierbena dugu aurkari zuzen bezala. Saiatuko gara ahalik eta estropadarik onean egiten eta ea lortzen dugun bandera gurea izatea».
Orbañanos oso pozik dago lehengo igandean egindako lanarekin: «Bagenekien aurkari handiak genituela aldamenean eta ez zela erraza izango aurretik sartzea. Gure helburua horixe izan zen, eta aukera ikusi genuenean, saiatu ginen ahalik eta denbora azkarrena egiten. Nire ustez, emaitza ona lortu genuen. Gure esku zegoen guztia oso ondo egin genuen, eta alde horretatik oso pozik atera ginen lehengo igandean».
Mutiletan batez ere, lehia oso pareko dago aurten. Tarte oso txikian hiru traineru helmugaratu ziren igandean, Zierbena, Urdaibai eta Hondarribia, nahiz eta gerora, pala txokeak tarteko Urdaibairi ezarritako zigorrak bermeotarrak sailkapeneko azken lekura eraman.
Hondarribiko zaleak bandera etxera eramateko irrikaz daude.
Kontxa estropada berezia da eta edozer gerta daiteke, baita etzi ere. «Hala da, batez ere estropada eremu horretan, Kontxan», berretsi du berdeen entrenatzaileak. «Ikusi izan ditugu buelta handiak eta horregatik, hankak lurrean behar ditugu. Gure helburua izango da lehengo igandean egin genuen lan berdina egitea», gaineratu du.
Iganderako estrategia, oraingoz ez du erabakita [astearteko adierazpenak dira]: «Egunak pasa ahala erabaki horiek denak hartzen joango gara, baina egia da lehengo igandean lan ona egin genuela eta gustatuko litzaigukeela errepikatzea».
Eguraldi aurreikuspenei begiratuta, beldur handirik ez: «Ematen duenez, lehengo igandekoaren oso antzekoa izango da, eta alde horretatik ere berdintasuna izango da nagusi eta onenak irabazteko aukerak izango ditu».
Jaietan murgilduta dago Hondarribia, eta arraunlariak festara batu nahi dira igandean, bandera eskuan: «Kontxako banderaren egun hauek Hondarribiarentzako ere egun garrantzitsuak izaten dira, eta alde horretatik ere guri gustatuko litzaiguke gure jarraitzaileekin ospatu ahal izatea».
Batelerak, lana biribiltzera
Emakumetan, San Juango Batelerek dena dute alde. Sei segundoko errenta irabazia dute, aspalditik lortutako errentarik handiena, eta bosgarren Kontxako bandera irabazi nahi dute errenkan. Anartz Gereño entrenatzailea, ordea, zuhur mintzo da: «Argi dago errenta badagoela, baina ezin gara fio. Edozer gauza pasatzen dela, kalea, egun txarra… sei segundo ez dira asko. Gure asmoa da berdin-berdin zerotik atera, eta beste estropada berri bat izango balitz bezala jokatzea. Besterik ez». Lehengo igandeko lanarekin, berriz, aitzakiarik ez du arrosen prestatzaileak: «Oso ondo atera zen dena. Nik espero nuen ziabogan parexeago edo aurretik sartzea, eta ezin izan genuen, baina buelta oso ona egin genuen, ziaboga ere ona, eta aurreneko bi olatuak aprobetxatu genituen aurrea hartzeko. Lortu genuen, eta hortik aurrera, chapeau».
Sailkapen estropadan Riveirak irabazi izanak alarmak piztu zituen, eta nahiz eta igandeko estropadan zalantzak uxatu, Gereñok errespetu handia die kontrarioei. Beldurra ote dien galdetuta, hala dio: «Noski, bai galiziarrei eta bai Oriori. Oriok ere estropada oso ona egin zuen, eta azkeneko minutuan denbora jan zigun. Riveira ere bai oso talde indartsua da. Beldurra ez, baina errespetua bai. Argi dago hemen denak irabazteko gaudela, eta kontuan hartu behar dugu beraiek ez dutela ezer galtzen eta dena irabazteko daukatela. Nik uste dut beraien helburua dela kale edo bale atera topera, eta hasieratik aurrea hartzea. Igandera begira, oso arerio gogorrak dira biak».
Bateleren estrategiaz galdetuta, berriz, erantzun argirik ez: «Egia esanda oraindik ez dut pentsatu. Aldaketaren bat edo beste egingo dut, baina oraindik ez dut argi. Egunak aurrera doazen bezala pentsatuko dut, eta ikusiko dut ea jendea nola dagoen eta zein talde jarriko dudan».
Eguraldiaren aurreikuspenez galdetuta Gereñori gaiak ez dio loa eragozten: «Printzipioz ez du itsasorik ematen, eta niri pertsonalki ez zait inporta. Bare edo itsas pixka batekin ondo moldatzen gara berdin-berdin». Iaz soberan frogatu zuten, baita aurten ere, A Coruñako estropada adibide; «Ondo moldatu gara itsaso zakarrarekin, eta horren beldurrik ez daukagu».
Erreka play-offaren atarian, Koxtaperentzat garrantzitsua litzateke Kontxako banderaren bultzada, baina Gereñorentzat, igandean gertatzen dena gertatzen dela, sasoi osoan egindako lana balekoa da: «Kontxako bandera irabaztea beti izaten da ona elkarterentzat. Azkenean propaganda antzerako bat izaten da, jendea elkartera gerturatzeko eta jarraipena emateko. Hori bai, ni konforme nago urtean zehar egin dugun lanarekin, bai bateletan, bai trainerilletan, eta baita traineruan ere. Badakigu Kontxa zer den, eta dena erabakitzen dela hor. Ematen du Kontxa ez baduzu irabazten ez duzula ezer egin. Baina urtean zehar egindakoarekin oso konforme eta pozik nago».
Hibaika, amorrutik
Duela oso egun gutxira arte poza zen nagusi Hibaikan, eta ez da gutxiagorako. Kontxarako sailkapena lortu izana sari ederra izan zen errenteriarrentzat, denboraldi hasiera bereziki zaila bikain gaindituta. Lehengo igandean baita ere, txalotzeko moduko estropada egin zuten Hibaikako neskek, bosgarren postuan helmugaratuz, Donostiarraren aurretik. Itzuleran azkarrenak izan ziren, sasoian eta indartsu daudela berretsiz.
Aste honetan, baina, poztasuna mikaztu duen albistea jaso dute Hibaikan. Bi talde galiziarrek play-offa jokatzeari uko egin dioten arren, araudia ez aldatzea erabaki dute eta, kontrakoa zirudien arren, azkenean ezingo dute lehiatu Hondarribia eta Donostiarrarekin datorren denboraldian EuskoTren Ligara igotzeagatik. Haserre daude klubean, eta penatuta arraunlariak, «kalte handia» egin zaiela erabat sinetsita. Horrek, hala ere, ez ditu beltzezko neskak makurraraziko eta igandean balio dutena probatzera uretaratuko direla zalantzarik ez da.
Bosgarren postua sendotu eta ahal bada laugarrena eskuratzea. Horixe izango da helburua Hibaikarentzat.
Asmoak asmo, estropadak uretan irabazi behar. Donostian dena prest da, eta Oarso Bidasoan, zaleak, gozatzeko prest. Sanpedrotarrentzat, aurten, sailkatzea izan da saria, eta ez dute ezer galtzerik. Hondarribian eta Donibanen, berriz, gehiago nahi dute. Etzi biek irabaziko balute, lehen aldia litzateke Kontxako bi banderak Oarso Bidasora batera ekartzen. Batelerek 2014ean irabazi zuten aurrena, eta hortik aurrera urtero izan dira garaile. Hondarribiak duela bost urte astindu zuen azkenekoz Kontxakoa. Biek dute balentria errepikatzeko aukera.
«Soilik armarriak
750.000 puntada ditu,
eta letrek 650.000»
Bordatzaile leinu baten hirugarren belaunaldikoa, Oiartzunen du denda Itsaso Salaberrik, haren amonaren omenez, Xegun izenaz; Kontxako banderak bordatzearen ardura berea izan da aurten.
Lehen aldiz bordatu dituzu Kontxako banderak. Esperientzia positiboa izan da?
Lehiaketa atera zenean, nik ez nuen aurkezteko asmorik. Errespetu handia diot lan honi, eta lehen bandera bordatzen zutenak ezagutzen ditut. Nire senarrak eman zidan lehiaketaren berri eta izena ematera animatu, eta hala egin nuen, gehiegi pentsatu gabe. Gerora, apirilean, lan bat aurkeztea eskatu ziguten hainbati, bandera txiki bat, ikusteko nola egiten genuen lan. Nik irabazi nuen lehiaketa eta niri eman zidaten lana.
Ez nuen espero, eta hasieran kostatu zitzaidan berria onartzea. Presio handia sentitu dut, batetik nik neuk nire buruari ezarritakoa, eta bestetik, udalak esan zidanagatik. Iazko akatsak zuzentze aldera aurtengo lana perfektua behar zuela esan zidaten. Bazekiten jendeak luparekin begiratuko zuela.
Zu zeu kontent geratu zara lanaren emaitzarekin? Ikusi dutenek zer esan dizute?
Oraingoz kritika oso gutxi entzun ditut. Onartzen dut nik langa oso altu jartzen dudala beti, eta nik lana entregatu badut horrela, nire lana ondo egina dagoelako da. Ziurrenik egongo da gustuko ez duenik, baina ni konforme nago egindakoarekin.
Nola definituko zenuke?
Erronka berri bat izan da nire bizitzan. Tontorreraino igo naiz, eta helburua lortzen den guztietan bezala, egindako lanarekin pozik eta oso asebeteta geratu naiz.
Zenbat denbora eman dizu? Luze jo du lanak?
Hasieran hilabete eta erdi eman zidaten. Lanean hasi nintzen eta aurrera egin ahala nire lana gustatu ez, desegin nuen, eta berriro hasi. Horrela, lau bandera egin nituen: aurkeztu ditudan biak, hoberen geratu zaizkidanak, eta lehenbiziko biak.
Epea luzatzeko eskatu nuen eta onartu egin zidaten. Uztailaren 27an entregatu nituen, eta oporretara alde egin nuen, presio handi-handiarekin.
Joste lanari erreparatuta, nolako ezaugarriak ditu banderak?
Aurten logoa berria da, Donostiako Udalak aldatu egin zuelako bere irudi korporatiboa duela bi urte. Logo berriaren ingurukoak, beraz, nik sortu behar izan ditut. Horrez gain, %100ean bordatutako bandera bat da. Dena da puntada, aurrekoetan ez bezala. Soilik armarriak 750.000 puntada ditu, eta letrek 650.000. Guztira, ia milioi eta erdi puntada daude.
Jaungoikoari eskerrak, aurten bandera soilik alde batetik egin da, atzealdea zuriz doalako. Zentzu horretan, uste dut banderarekin aurreztu dutena, lehenbizikoz sari parekideak emateko erabili dutela, eta ni pozten naiz, azken finean, lan egiten dutenak arraunlariak direlako, eta saria beraiek merezi dutelako. Azken batean hau trapu bat baino ez da, garaikurra, eta niretzako benetan garrantzitsua da sariak berdindu dituen Kontxako lehen bandera izatea.
Gainera, zu izatea bandera historiko horren bordatzailea…
Ohore bat da. Eta zorte pixka batekin Gipuzkoan geratzen badira, hobe.
Banderak nora joatea nahiko zenuke?
Egia esan, ez naiz oso arraun zalea, baina badakit emakumeetan San Juanek aukera handiak dituela, eta gizonetan Hondarribiak. Beraiek eramatea espero dut. Ideala litzateke inoiz Donostiarrak irabaztea, baina oraindik badute lana egiteko. Hala ere, hau kirola da eta onenak irabaz dezala.