Pasaia Osorik Bizitzeko kanpainaren barruan, beren jarduna euskalduntzeko aurrera urratsak zehaztu eta hitzartu dituzte.
Aisialdiko jardueretan euskararen presentzia bermatzea. Horixe Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak bultzatutako Pasaia Osorik Bizitzeko kanpainaren helburua. Atzo arratsean kanpainan parte hartzen ari diren elkarte eta ikastetxeek agerraldi publikoa egin zuten, helburua lortze bidean hitzartu dituzte konpromisoak publikoki izenpetzeko.
Iaz jarri zuten martxan
Pasaia Osorik Bizitzeko Kanpaina, Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren testuinguruan. Haur eta nerabeen eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz izateko beharrari erantzun nahi dio Euskaraldiarekin bukatutzat emango duten kanpainak, eta herriko hamaika kultur, kirol eta aisialdi elkarte ari dira parte hartzen.
Pasaiako elkarteek hitzartu dituzten konpromisoak mailakatuak dira, elkarte bakoitzaren errealitateari egokituak. Elkarte batzuk sorreratik bertatik bermatuko dute beren eskaintza euskaraz, Lamiak edota Alkartasuna dantza taldeek kasu; beste batzuk, aurrerantzean euskaraz dakiten hezitzaileak saioak beti euskaraz gidatuko dituztela hitzartu dute eta horrez gain, haur eta nerabeekin lan egingo duten hezitzaile guztiak euskaraz jakingo dutenaren konpromisoa hartu dute; tartean daude, esaterako, San Juan Koxtape Arraun elkartea eta Fama konpartsa.
Aurreko konpromisoez gain, beste elkarte batzuk hezitzaile euskaldunek hizkuntza estrategietan trebatzeko udalak eskainiko dien prestakuntza jasoko dutenaren konpromisoa ere hartu dute. Tartean daude, Trintxerpe Klub Atletikoa, Pasaia Kirol Elkartea, Trintxerpe Kirol Kluba, Trintxer Hockey Eskola, Ekaitza Gazte taldea, Boveda Gazte Taldea eta Pasaia Kayak.
Euskara zinegotzi Nahikari Oterminek eman zion bukaera ekitaldiari. Oterminek nabarmendu zuenez, kanpaina bukatuta ere laguntza eskaintzen jarraituko du udalak: “Gure lana ez da hemen bukatzen, ikasturte honetan eta hurrengoetan ere laguntza eskaintzen jarraituko dugu”. Eta gurasoei ere helarazi zien mezua “elkarteek hartu dituzten konpromisoei erantzuteko” eskatuz, eta haien seme-alaben eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz izatea haurren eta nerabeen eskubidea dela ohartaraziz.
Sorreratik euren jarduera euskaraz eskainiko dutenak:
- Lamiak dantza taldea
- Donibane dantza taldea
- Alkartasuna dantza taldea
- Pasaiako Euskal Pilota Eskola
Euskaraz dakiten hezitzaileek saioak euskaraz gidatuko dituzte eta haur eta nerabeekin lan egingo duten hezitzaile berri guztiek euskaraz jakingo dute:
- Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkartea
- Fama konpartsa.
Euskaraz jardungo duten hezitzaileek hizkuntza estrategietan trebatzeko udalak eskainiko dien prestakuntza jasoko dutenak:
- Trintxerpe Kirol Kluba
- Pasaia Kirol Elkartea
- Trintxerpe Atletiko Kluba
- Trintxer Hockey eskola
- Ekaitza Gazte taldea
- Boveda Gazte Taldea
- Pasaia Kayak