Loreekin egindako zintzilikarioak egiten ikasteko aukera larunbatean Torrekuan.
“Kokedama” egiten ikasiko du larunbateko ikastarora animatzen denak.
Habian! proiektuaren eskaintzen artean aurkitzen da Idoia Lizeaga Iturralde bitxigile eta sortzaileak emango duen ikastaroa. Hilaren 15ean izango da, larunbata.
Loregintza artearekin lotu ohi du eta soinean eramateko baliagarri ikusten du ere. Ibilbide profesional luzea du gai honetan, Land Art instalazioetan (Girona) eta Escola D´Art Floral de Catalunyan aritu da irakasle moduan. Zizurkilgo Fraisoro Nekazaritza eskolan ikastaroak ematen ditu, baita sektore profesionaleko hainbat zaleri ere: Zinemaldia, Lur Kolektiboarekin… Larunbatean berak gidatuko du ikastaroa.
“Kokedama” egiten ikasi ahal izango du parte hartzaileak, zintzilik jartzeko goroldio bola. Teknika, materiala eta egiteko moduak ezagutaraziko ditu eta egindakoa etxera eramango du gero. Lurra prestatu, buztinezko azala sortu eta goroldioa lotuko zaio landareari. Azkenik zintzilikatzeko sistema prestatuko dute eta bitxia sortuko da.
Parte hartzeko bi deialdi egongo dira, bata goizean eta bestea arratsaldean. Tailerra bera izango da bi ordutegi horietan, 11:00etan edo 17:00etan, Torrekuan. 30 euro ordaindu beharko ditu interesdunak. Izena emateko habianfabrika@oarsoaldea.eus helbidera idatzi edo 943 49 41 29 telefonora deitu beharko da. Plaza mugatuak daudela aurreratu dute, ordutegi bakoitzeko 10 pertsona gehienez.
Habian! proiektua
Errenteria eta Oarsoaldeko ekonomia eraldatu nahi du Udalak bultzatutako proiektu honek. Sorkuntza eta elkarlanean ditu oinarriak eta bi hazitegi ditu martxan: Habian! Fabrika Kreaktiboa eta Habian! Teknologia Kreaktiboa. Artisautza edo sorkuntza ofizioetan oinarritutako proiektuekin lan egiten dute, haiei laguntzeko asmoz. Jarduera bertan garatzeko aukera ere ematen dute, espazioa utziz. Diziplina hau herritarrengana hurbildu nahi dute gero.