Pasaiako Bartzelonazaleen kirol lagunarteak antolatuta, Bartzelonaren EAEko peñen topaketa egingo dute asteburuan Pasaian.
Bartzelonazaleak asteburuan bilduko dira Pasaian.
Gipuzkoako Hitzan gaur publikatu duten erreportajea
Jarraitzaile leialak, zale prestuak, sekula kale egiten ez duten horietakoak. Distantziak ere ez ditu kikiltzen, eta harro janzten dute beren taldearen elastikoa, beren herriaren eta jarraitzen duten kirol taldearenaren artean ia 600 kilometro badaude ere. Trintxerpen du egoitza Pasaiako Bartzelonaren kirol lagunarteak, eta ospakizun bikoitza du gaur hasi eta igandera arte: Bartzelonak Anoeta berrituan jokatuko du bihar, Realaren aurka, eta hilaren 30ean bost urte beteko ditu Pasaiako zaleen taldeak.
Biak batuta, asteburu osoko topaketa antolatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Bartzelonaren kirol lagunarteek. Hitzaldi, bisita gidatu eta saio gastronomikoekin atondu dute hiru eguneko egitaraua, eta, noski, biharkoa izango da jardunaldirik garrantzitsuena: Anoetan, Realaren zelaian, 16:15etik aurrera jokatuko den futbol partida. Azken urteetan bezala, Realak Bartzelonari gauzak zail jarriko dizkion zalantzarik ez dute Jokin Saborido Pasaiako Bartzelonazaleen taldeko lehendakariak eta Jose Pastor lehendakariordeak. Halere, ziur daude Bartzelonak irabaziko duela partida. “Hori nahi dugu”.
Gaur bertan hasiko dute topaketa. 20:00etan, hitzaldia emango du Ricardo Serna Bartzelonako jokalari ohiak, Trintxerpeko alkateordetzan. Eta mahaiaren bueltan amaituko dute eguna, Errenteriako Laguntasuna elkartean antolatutako afarian. Ekintza solidarioa antolatu dute, gainera, afarian, Janire Trimiño errenteriarraren alde. Tetraplegikoa da Trimiño, eta haren alde dirua biltzeko zozketa egingo dute. Saboridok azaldu duenez, afaria ez da nolanahikoa izango:”Gala afaria izango da eta Bartzelonaren zuzendaritzako kide batek parte hartuko du, beste 80 zalerekin batera”. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako kirol lagunarteetako kideak izango dira 80 lagun horiek.
Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatuko dute bihar goizean, eta hitzaldia egingo du Bartzelonaren zuzendaritzako kide batek. Bazkaldu ostean, bihar arratsaldean izango dute topaketako momenturik garrantzitsuena: kalejiran joango dira Anoetako zelairaino, Bartzelona animatzera.
Bi urtetik behin antolatzen dute topaketa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Bartzelonazaleen taldeek, baina Saborido kexu da, aurten zelaian ez direlako izango beste urteetan bezainbeste: “Anoetan lanak egiten ari direnez, Realak Bartzelonari ez dizkio eman partidarako sarrerak, eta, horren ondorioz, Kataluniako peñak ez dira etorriko”.
Lehengo harreman onik ez
Bartzelonaren hamar kirol lagunarte daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta horietatik bost Gipuzkoan daudela zehaztu du Pastorrek: “Irunen, Altzan, Zumarragan, Zestoan eta Pasaian”. Ondo hartuak direla dio Pastorrek. Katalunian, Bartzelonan, jaioa da bera, baina Pasaian bizi da. Aitortu duenez, bizi zaren herri edo hirian lehen mailako futbol talde bat dagoenean, ez da erraza blaugrana izatea: “Oso ezberdina da maila horretako beste talderik ez dagoen herrietan. Egia da Realarekin orain gutxi arte oso harreman ona izan dugula, baina harreman hori eta Anoetara joatea bera tirabiratsuago bilakatu da orain. Hala ere, gurea defenditzen jarraitzen dugu guk: Bartzelona”. Argi dio: pena ematen dio bi kluben arteko garai bateko harreman on hori gaur egun ez izateak. “Urtetan Realeko jokalari mordoa pasatu da Bartzelonatik: Bakero, Begiristain, Lopez Rekarte, Urrutikoetxea, Artola… Amaiezina da zerrenda, eta bi taldeen artean ona izan da harremana beti. Orain, ordea, badirudi ez dela hain ona, eta pena da; harreman on hori mantentzea nahiko genuke”.
Saboridok izan zuen zale taldea martxan jartzeko ideia: “Nire erokeria bat izan zen. Beste lagunarteetan ari nintzen, giroa gustatzen zitzaidan, eta animatu egin nintzen”. Ehun lagun biltzen ditu Pasaiako lagunarteak, eta ofiziala da. Saboridok eta Pastorrek harro diote azken hori: “Bartzelonak baimena eman, eta hala aitortu gintuen, jarraitzaile talde ofizial gisa, 2013ko irailaren 30ean”. Helburua, noski, euren taldearen “jarraitzaile leial” izatea da. Pastorrek zehaztu duenez, ordea, ez diote erreparatzen futbol talde nagusiari soilik: “Emakumeak datozenean ere joaten gara animatzera, errugbi taldea datorrenean berdin, baita eskubaloi taldea ere… Jendea ezagutzeko aukera ematen digu, gainera, kirol lagunarte honek; denak oso ezberdinak gara, baina kirolak eta, zehatzago, Bartzelonak, batzen gaitu. Adiskidetasuna sortu dugu kirolzaletasunetik, eta gure arteko errespetua”.
Bartzelonak berezitik zer duen galdetuta, Saboridok ez du aurkitu arrazoi berezirik. “Ez dakit zer esan. 1976koa naiz ni, eta Realak oso urte onak izan zituen garai hartan. Baina txiki-txikitatik Bartzelonakoa izan naiz ni; lau urterekin, banintzen jada. Aitak galdetzen zidan ea zergatik ez nintzen, lagun guztiak bezala, Realekoa, baina ni Bartzelonakoa izan naiz beti”.
Kataluniakoa izanik, ulergarriagoa da Pastorrena, baina umorez azaldu du Bartzelonazaletasuna: “Txikitan odol analisia egin, eta zati bat noblea nuela esan zidaten, urdina, eta bestea gorria; ordutik, kolore horiekin bat egin eta gaur arte, blaugrana. 70 urte ditut, eta 68 daramatzat Bartzelonaren bazkide gisa, aitak txikitatik zaletuta”.
Saboridok eta Pastorrek diotenez, ateak zabalik dituzte eurekin bat egin nahi duen ororentzat: besteak beste, Trintxerpeko Yolanda tabernan partidak elkarrekin ikusteko, urtean behin Bartzelonara bidaiatzeko eta bi urtez behin zaleen topaketarekin bat egiteko.