Benavente brankan eta Lazkano txopan, helmugara iristen.
Ezin hobeto aritu da pasaitar ordezkaritza asteburuan Castellonen lehiatu den itsas kayakeko Espainiako txapelketan. Norbere aldetik lehiatu ziren Begoña Lazkano eta AmaiaBenavente larunbatean, eta elkarrekin igandean, eta bi jardunaldietan ikusgarri.
Eguraldiak erabat baldintzatu zuen larunbateko proba. Ekaitza bortitzak jo ditu asteburuan Levanten, eta antolatzaileek ohi baino ibilbide motzagoa antolatu behar izan zuten K-1en banakako probarako, Castellóko portu-eremuaren barruan, ur guztiz bareetan. Aukera ezin hobeto baliatu zuen Donostia Kayak taldeko Begoña Lazkanok.
Zazpi kilometroko ibilbidea bete behar izan zuten palistek, eta Lazkano hasieratik jarri zen buruan, bere bi arerio nagusiak, Aurora Figueras kataluniarra eta Amaia Osaba nafarra, gertutik zainduz. 9 segundoko tartearekin gailendu zitzaion kataluniarrari eta 18 segundokoarekin nafarrari. 33 minutu eta 41 segundo behar izan zituen Lazkanok urrezko domina poltsikoratzeko.
Amaia Benavente taldekide errenteriarrak, bere aldetik, lan txukuna egin zuen, seigarren postuan helmugaratuta.
Elkarrekin indartsu
Igandean elkarrekin lehiatu ziren Lazkano eta Benavente, k-2an. 16 kilometroko ibilbidea osatu zuten, bi luze eta ziaboga bakarrarekin. Kanariar Uhartetako bikotea txapelketarako faborito argia, baina Pasaiako harrobiko bi palistek pronostikoak hautsi zituzten lehia estu eta ikusgarrian.
Estropada erdiraino, parez pare aritu ziren bi ontziak, baina poparean pasaitarrek olatu pare bat aprobetxatuz tartea zabaltzea lortu zuten, eta garaipen itzela lortu zuten, 41 segundoko aldearekin.
Beteranoak fin
Proba berean Pasaiako hainbat palista beteranok parte hartu zuten, eta Ramon Vega laugarren postuan helmugaratu zen, domina lortzetik oso gertu. Patxi Benavente errenteriarra, aldiz, zazpigarren izan zen bere adinekoen tartean.