Kuadrillen desfilea koloretsua izaten da urtero Sanpedro Txikietan; aurten, zirkuan elkartuko dira mozorrotutako sanpedrotarrak.
Sanpedro Txikien atarian Jai Batzordeak ezagutzera eman du “jai zoriontsu, dibertigarri eta euskaldunen alde” atondu duen egitaraua.
Ostiralean hasiko dira festak eta igandean bukatu. Lehen egunean, Sanpedrotarra Arraun Elkartea izango da protagonista. Arraunlariak poz albiste askoren iturri izan dira aurten, eta herritarrek, esker onez, Ander Etxegoieni eman diote festei hasiera emateko aukera. Patroi Onenaren Saria irabazi du aurten
Libia traineruaren patroiak, denboraldiaren hasi-hasieratik sailkapenaren buru.
Eta festetako lehen parrandari hasiera emateko, Gu geu taldearen kontzertua frontoian, Hiru T’erdi kafetegiaren eskutik, eta bertso afaria Antxetan Mantxi eta Xamoa bertsolariek girotuta. Afarirako txartelak, 12 euroan, elkartean bertan daude salgai.
Larunbatean txapelketetarako eguna
Larunbateko egitarauan, berriz, txapelketak nagusi. Goizean Haurrentzako V. Bizikleta Lasterketa; eguerdian marmitako lehiaketa, eta arratsaldean, mus, futbolin eta arrantza txapelketak, guztiak aukeran egitarauan.
Arratsean berriz, zirkua plazan. Sarrerak aurrez erosi behar dira, 12 euroan helduentzat eta 7 euroan, haurrentzat, afaria, edaria eta jolasak barne. Sarrerak
internetez eska daitezke. Antolakuntzak ohartarazi duenez, mozorrotuta joan behar da.
Igandean, TioTeron
Kirol ekitaldi gehienak festetako azken egunean ospatuko dituzte. Hala, eguerdian nesken frontenis finalarekin gozatzeko aukera izango da frontoian, eta arratsaldean, toki berean, eskupilota finalaz.
Eta musikarik gabe festarik ez denez, igandean nabarmentzeko moduko bi ekitaldi: eguerdian Alan Hunterren kontzertua Antxetan, eta arratsaldean, frontoian, TioTeronen Semeak taldekoen eskutik dantzaldia.
Bada gehiago aukeran, eta horiek denak noiz eta non jakiteko, hementxe
egitaraua.