Abuztuaz geroztik Ubera bibliotekan da Foru Aldundiak Kultur Dealers programaren barruan Gipuzkoako hainbat tokitan kokatu dituen hamabi makinetako bat; fikziozko testuak eta gogoetak banatzen ditu, debalde.
Ubera bibliotekaren sarreran egongo da makina, urriaren 12ra bitartean.
Vending makina baten itxura du, baina bere salgaiak ez dira ohikoak. Mikrokontakizunak banatzen ditu Donibaneko Ubera bibliotekan abuztuaz geroztik dagoen makina automatikoak, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, norberak hautatzen duen hizkuntzan, doan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura saileko iniziatiba bat da. Kultur Dealers izenarenpean, kulturaren hamabi vending makina kokatu dituzte Gipuzkoako hamabi lekutan, gehienak leku oso jendetsuak. Pasai Donibanen ez ezik, Tolosako Usabal kiroldegian, Zumaiako kultur etxean, Getariako Balenciaga museoan, Zarauzko merkatuan, Eibarko, Orioko eta Lasarte-Oriako EuskoTreneko geltokietan, Donostian Tabakaleran eta Federico Garcia Lorca pasealekuan, eta Errenteriako Fanderiako kiroldegian .
Helburua argia da: «Herritarren artean sormenerako eta pentsamendurako gune bat irekitzea, eta bide batez gipuzkoarren espiritu sortzailea eta literarioa agerian jartzea», hala dio iniziatibaren webguneak (
kulturdealers.com) azalpenetan.
Antolatzaileek gaineratu dutenez «literatur sorkuntzarako espazio berriak sortu eta irakurketa kluben, idazketa tailerren, biblioteken, kulturguneen, blogarien eta beste hainbeste sortzaileren lana ezagutarazi eta aitortu» nahi izan dute.
Fikzioa eta gogoetak
Vending makinek banatzen dituzten mikrokontakizunen artean badira egitasmorako propio idatzitako testu asko, aurrez epaimahai aditu batek hautatuak. Aurten, epaimahaian Slawka Grabowska, Cristina Irizibar, Ana Merino, Amaia San Sebastian, Itziar Sistiaga eta Juan Manuel Urrutia aritu dira. Idazketa tailerretako kideak dira guztiak. Hautatze lanetan laguntzaile Juan Velazquez eta Arantxa Urretabizkaia idazle profesionalak izan dituzte.
Eta hautatutako fikziozko mikrokontakizunez gain, pentsamenduko eta filosofiako pieza laburrak bildu dituzte, baita poesiak, aforismoak, eta antzeko testu laburrak, jada argitaratuak. Liburu saltzaileen gremioak hautatuak izan dira azken testu hauek. Eta guztira, makinetan, 200 testu inguru bildu dituzte, alor guztietako sortzaileengan arreta jarrita.
Genero diskriminazioa
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa.
Foru Aldundiak Kultur Dealers programa hirugarrenez antolatu du aurten. Lehen bi edizioetan sortzaileak gai librean aritu dira, baina aurten mikrokontakizunetarako gaia ere plazaratu dute lehen aldiz: genero diskriminazioa. «Genero diskriminazioari aurre egiteko lehen urratsa da denbora luzeegian gai honen inguruan egon den isiltasuna apurtzea», adierazi zuten antolatzaileek aurkezpenean. «Beharrezkoa da hitz egitea, kontatzea, eta idaztea». Literaturaren bitartez errealitate bidegabe bat ezagutarazteko espazioa sortu nahi izan dute modu honetan, eta aurrerantzean ere bestelako gaiak plazaratzeko asmoa dutela iragarri dute.
Eta gaiarekin batera bigarren berritasun garrantzitsu bat ere izan da aurten Kultur Dealers egitasmoan. Izan ere, lehen aldiz mikrokontakizun onenari saria eman diote, euskaraz eta gaztelaniaz.
Lehiaketaren irabazleak Jose Maria Hernandez Gomez eta Mikel Casuso Lomas izan dira, Ortografía de género eta Bi gaileta lanekin, hurrenez hurren.
Guztira idazle berrien 88 mikrokontakizun jaso dituzte, hamahiru euskaraz eta 75 gaztelaniaz, eta horietatik 76 hautatu dituzte vending makinen bidez zabaltzeko.
Harrera ona
Mikrokontakizunen makinak Donibanen «harrera ona» izan duela kontatu du Ubera bibliotekako liburuzain Marga Anzuelak: «Jendeak hasieran ez daki zer den, eta bitxia iruditzen zaie, baina gero sorpresa hartzen dute, eta gustura aritzen dira. Agian, haurrak eta gazteak dira ausartenak. Helduei azaldu behar izaten zaie aurrez, baina gerora gustuko izaten dute».
Urriaren 12ra bitartean egongo da vending makina berezi hau Ubera bibliotekan, Anzuelak azaldu duenez, nahi duen ororen eskura, «Ubera bibliotekaren sarreran dago makina, erabiltzaileek beren botoiak sakatzeko zain», eta bibliotekaren ordutegia ere gogorarazi du: «Asteazken eta ostiraletan goizez, 10:00etatik 12:45era bitartean, eta astelehenetik ostegunera, 16:30etik 19:45era».
Maiatzean inauguratu zuten Donibaneko Ubera biblioteka, baina inaugurazio ofizialaren aurretik lan handia egina dute bibliotekaren bueltan elkartutako herritarrek. Hamaika ekitaldi antolatu dituzte orain baino lehen auzolanean, eta aurten ere bide beretik jarraitzeko asmoa dutela iragarri du liburuzainak. Gau Beltza antolatzen hasiak dira jada, eta joste tailer bat ere lantzen ari dira, barrutiko aiton-amonekin eta familiei zuzenduta, haurren irakurketa txokorako kuxinak josteko. Azaroa eta abendua bitartean egin asmo dute joste tailerra, eta interesdunek Ubera bibliotekatik pasa edo 943 52 31 86 telefono zenbakira deitu besterik ez dute.