Lanen ondorioz urriaren 1etik 19ra itxita egongo da Fanderia auzoko pilotalekua. Udalak 107.000 euroko inbertsioa egingo du berritze lanetan.
Agustina Otaola pilotalekua.
Azken hilabeteetan oso zaila zen Fanderiako Agustina Otaola pilotalekuko kantxan aritzea. Airearen hezetasun erlatiboa handia zenean ia ezinezkoa zen kantxa erabiltzea, lurzorua arriskutsu zegoelako kirolarientzat, oso irristakor. Horri irtenbidea emango dio Errenteriako Udalak: 107.000 euroko inbertsioa egingo du hezetasun arazoekin bukatzeko. Horren ondorioz, egingo diren lanak medio, urriaren 1etik 19ra ezingo da kirol instalazioa erabili.
Obrak honakoak dira: egungo lurzoruaren gainean aire kameraz aireztatutako plastikozko piezak jarriko dira. eta horien gainean, hormigoizko geruza bat isuriko da. Hala, joko eremua, fisikoki lurzoruaren oinarritik banatuta egongo da.
2004an eraiki zuten pilotalekua. 2011n, kondentsazioaren eragina saihesteko hainbat lan egin zituzten bertan eraikinaren aireztatze sisteman. 2014an, ordea, hezetasun handiak sumatzen hasi ziren kantxan, batez ere airearen hezetasun erlatiboa handia zenean; denbora pasa ahala arazoa areagotu egin zen, joko eremua ia erabilgaitz izateraino.
EPLEren oharra
Errenteriako Pilotaren Lagunen Elkartea (EPLE) da pilotalekuaren erabiltzaile nagusietakoa. Kirol klubetik jakinarazi dute, lanen ondorioz Pilota Eskolaren jarduna etengo dutela obrak bukatu arte. Bestalde, kirol, elkartearen taldeek Oarsoaldeko beste pilotalekuetan jokatuko dituzte dagozkien partidak.
EPLEren webgunean euren jardunaren berri izan daiteke.