Jose Angel Sanchez PSE-EEko zinegotziaren esanetan lezoarren bizitzan eragin positiboa dute udal gobernuaren politikek, tartean, zergen izoztea dagoelarik.
Joxean Sanchez, PSE-EEko Lezoko zinegotzia.
2019ko ordenantza fiskalak onartu berri ditu Lezoko Udalak udalbatzarrean. Erabakitakoaren arabera, laugarren urtez jarraian ez dute igoerarik izango udal tasa nagusiek. Horren harira, pozik azaldu da Lezoko PSE-EEren eledun Jose Angel Sanchez, “laugarren urtez ahalegin handia egin dugu. Tasen izozte berri honek, finean, ordaindu beharrekoan jaitsiera suposatzen du KPIaren igoera kontuan hartzen bada”.
Udal gobernuko kide da Lezoko PSE-EE, EAJrekin batera partekatzen dute ardura. Sanchezek esan duenez, agintaldi hasieran helburutzat jarri zuten udal kontuetan austeritatea eta gastuaren kontrol zorrotza eramatea, “eta konpromiso hori mantentzen ari gara, udal zerbitzuak handituz eta hobetuz, herritarrei arreta hobea eskainiz, eta inbertsio garrantzitsuak egiten lezoarren poltsikoetan eragin gabe”. Udalaren egoera ekonomikoa ona dela ziurtatu du sozialistak, “gastua apaltzeaz gain, bestelako finantzazio iturriak bilatu ditugu beste erakundeekin elkarlanean”.
Sanchezek zehaztu duenez, udalari ordaindu beharreko zerbitzuetan igoerarik ez egoteaz gain, lortu dute adibidez kide asko dituzten familiei, edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenei hobariak eta bestelako pizgarriak ematea.. Oroitarazi du, aldi berean, motordun ibilgailuen zergak %15eko beherakada izan duela agintaldi honetan, eta enpresa berriak edo saltokiak jartzeko zergetan onurak ezarri dituztela.