Lore Suarez, haur eskolako mojak eta Judith Ubarrechena arkitektoa, gaurko ekitaldian.
Trintxerpeko Ama Pilar Izquierdo haur hezkuntzako ikastetxearen eraikina DOCOMOMO plaka batekin nabarmendua izan da gaur goizean. Jose Maria Yturriaga Dou arkitekto gipuzkoarraren eraikina,1959 eta 1970 urteen artean altxa zuten, eta arkitekturan adituek diotenez mugimendu modernoaren adibide nabarmena da. Horregatik gaur goizeko aitortza.
Documentation and Conservation of building, sites and neighbourhoods of the Modern Movement erakundearen siglak dira DOCOMOMO. Nazioarteko erakunde bat da, 1990. urtean sortua, Mugimendu Modernoko eraikin, ingurune eta auzoen dokumentazioa eta kontserbazioa bultzatzeko sortua.
Trintxerpeko gaurko ekitaldian EHAEOren Gipuzkoako presidente Judith Ubarrechena, ikastetxearen zuzendari Maria Asuncion Ganado, ikastetxearen sorreran egon zen mojetako bat, sor Concepcion Gomez, Ana Azpiri historialaria eta Lore Suarez alkateordea izan dira. Concepcion Gomezek gogoratu du nola sortu zen proiektua. Kontatu duenez “itsasontzi itxurako eraikin bat proiektatu zuen” arkitektoak eta nabarmendu du zailtasun ekonomiko handiak izan zituztela egitasmoa aurrera eramateko. 11 urte pasatu zituzten eraikina altxatzen.
Eraikinak haurtzaindegi bat hartu zuen hastapenetan, eta gau eskola, haur eskola eta kontsultategi bezala erabiltzeko pentsatua izan zen, nahiz eta udaletxeko erregistroen arabera, haur eskola eta kontsultategi modura bakarrik funtzionatu duen, gaur Lore Suarezek azaldu duenez.
Arkitektoen elkargoko Judith Ubarrechenak, bere aldetik, gogorarazi du mugimendu modernoaren eraikin ugari daudela Euskal Herrian, eta Trintxerpeko eraikina oso ondo mantendu dela goraipatu du.
Ekitaldia Ana Azpiri historialariaren bisita gidatu batekin bukatu da.
Eraikinak itsasontzi itxurarekin proiektatu zuen Jose Maria Yturriaga Dou arkitekto gipuzkoarrak.
Arkitektoek Mugimendu Modernoaren ikurtzat dute Trintxerpeko eraikina.