Begoña Lazkano pasaitarrak brontzezko domina kolkoratu berri du Itsas Kayakeko Europa Txapelketan, K2 mistoan; eski surfarekin gozatua hartu du azkenaldian.
Bagoña Lazkano eta Daniel Sanchez Viloria, lehengo igandean, Altean (Alacant), Europako Txapelketan brontzezko domina irabazi berritan.
Ez da bere ohiko modalitatea, baina bistan da horretan ere bikain moldatzen dela. Begoña Lazkano pasaitarrak oso emaitza onak lortu zituen joan den asteburuan Vila Joiosan (Alacant, Herrialde Katalanak), Itsas Kayakeko Europako Txapelketan: laugarren postua lortu zuen K1ean, bakarka, eta brontzezko domina kolkoratu zuen gero, K2 mistoan, Daniel Sanchez Viloria espainiarrarekin batera. Txapelketara sasoi onean iritsi bada ere, ezustekoa eman du Trintxerpeko piraguista gazteak.
Izatez, pistako palista da Lazkano, ur lasaietakoa, baina azkenaldian oso lehiakor aritu da itsas zabaleko probetan. Espainiako Txapelketan parte hartu zuen irailean, K2 modalitatean, Amaia Benavente errenteriarrarekin batera, eta urrezko domina kolkoratuta amaitu zuten saioa. Emaitzak emaitza, ordea, eta, Lazkanok berak aitortu duenez, oraingoz, lehiatzea baino gehiago, gozatzea izan da proba horietako helburua. “Oso ahogozo txarrarekin bukatu nuen Pistako Munduko Txapelketa, eta gauza berriak probatzeko gogoa nuen”.
“Erabaki txarren ondorioz”, Lazkanoren K4 ontzia finaletik kanpo gelditu zen Portugalen jokatu zen Munduko Txapelketan, eta pasaitarrarentzat kolpe latza izan zen hura: “Finalean sartzea zen txapelketa horretako helburu argia, horretarako taldea geneukan, baina ez genuen lortu. Emaitza horrek lekuz kanpo utzi ninduen”. Sentsazio txar horiek ahaztu nahian hasi zen bestelako erronkei heltzen. Pentsatu eta egin. Eski surfera pausoa eman, eta itsasoan lehiatzeari ekin zion pasaitarrak. “Oso modalitate teknikoa da, eta abantaila daukate kirol horretan esperientzia dutenek”, azaldu du. Baina ez dauka damurik: “Asko disfrutatzen ari naiz”, adierazi du, joan den igandeko proba gogoan. “Olatu asko hartu genituen, eta frantziarrekin borrokan ibili ginen estropada guztian. Laugarren postuan jarri ginen azken kilometroetan, eta estutzeko esan zidan Danik [Sanchez Viloria]”. Lazkano oso pozik dago Europako Txapelketan brontzezko domina irabazita, eta esker on hitzak besterik ez dauzka Sanchez Viloriarentzat. “Hark eskarmentu handiagoa du itsasoan, eta asko lagundu dit”.
Trintxerpeko piraguista, gaur egun, Blume zentroan ari da entrenatzen, Madrilgo Errendimendu Handiko Zentroan, eta Luis Brasero da haren prestatzailea. Lazkanok oso argi dauka pistako aurtengo helburu nagusia zein den: “Berriz K4ko taldean sartzea eta Munduko Txapelketa lehiatu ahal izatea. Bertan banatzen dituzte Olinpiar Jokoetarako txartelak, eta erronka hori jarri diot neure buruari. Oso urte garrantzitsua izango da”. Lazkanok badaki oso jende gutxi sailkatuko dela, eta oso zaila izango dela horietako bat izatea. Errealitate horretaz jakitun, ez du hitz egin nahi 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoez, baina buruan dauzkala aitortu du. Barruan daukan guztia emango du bi urte barru Tokion lehiatu ahal izateko. BAT Basque Team fundazioaren babesa izango du bide horretan. Abuztuan jokatuko dute Munduko Txapelketa, eta udaberrian jakingo du bertan izango den edo ez.
Pasaiako badian hazitakoa
Gaur-gaurkoz, Pasaian punta-puntan dabilen palista da Lazkano. Horren adibide, 22 urterekin Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko zorian egon zen. Trintxerpekoa izanik, Pasaia Kayak taldean ekin zion kirol ibilbideari, eta Donostia Kayaken jarraitu zuen hazten. Oso gazte zela irabazi zuen Espainiako Txapelketa eta 16 urterekin deitu zion, lehen aldiz, Espainiako selekzioak. Brontzezko domina irabazi zuen estreinako Munduko Txapelketan.
Emaitza onek hauspotuta, pauso garrantzitsua eman zuen 18 urte bete zituenean. Trintxerpetik atera eta Madrilera joatea erabaki zuen, bete-betean piraguismoan aritzeko. Sevillara joan zen ondoren, hasitako ibilbidean pauso sendoak ematen jarraitzeko, eta berriz ere Madrilen bizi da gaur egun.
Nortasun Agiria
Izen-abizenak. Begoña Lazkano.
Jaioterria. Pasaia.
Jaioturtea. 1994ko urtarrilaren 14a.
Ikasketak. Kazetaritza.
Lorpen garrantzitsuenak. 2018an, brontzezko domina Itsas Kayakeko Europako Txapelketan, K2 mistoan, eta laugarren postua K1ean; zazpigarren postua Esprinte Erako Europako Txapelketan, K4 500 metroan; eta 14. postua Munduko Txapelketan, K4 500 metroan.
2017an, brontzea Munduko Kopan, K4 500 metroan, bosgarren postua K4 500 metroan, eta 8. postua K1 500 metroan eta K1 500 metroan; Munduko Txapelketan, 8. postua K4 500 metroan.
2016an, zilarra 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan, K4 500 metroan, eta 7. postua K1 500 metroan; zilarra Munduko Kopan, K4 200 metroan eta 4. postua K4 500 metroan; eta 8. postua Europako Txapelketan, K4 500 metroan.