Collar, Maritxalar, eta Tolosa gaurko agerraldian.
Anitza, gustu eta publiko guztientzat egokia izango den kultura programazioa prestatu du udalak udazkenerako, eta gaur eman dute horren berri Iker Tolosa Kultura teknikariak eta Ion Collar Kultura zinegotziak, emanaldiak hartuko dituen Niessen kulturguneko atarian. Hiru hilabeterako zazpi emanaldi antolatu dituzte, horietako lau helduei begirakoak eta beste hirurak berriz, familiei begirakoak.
Igandean izango da horietako lehen emanaldia, Kulunka Konpainiaren Edith Piaf: taxidermia de un gorrion lanarekin. Bi Max sari jaso dituela konpainiak lanarekin nabarmendu du Tolosak, “konpainiak egindako lan bakoitza izaten da arrakasta, eta lan honekin sekulakoa izaten ari dira, benetan da gomendagarria”.
Azaroaren 10ean helduko da helduei begirako bigarren emanaldia: Khea Ziater taldearen Los visitantes. Formatu berritzailean mugitzen den pieza dela nabarmendu du Tolosak, zuzeneko musika duen talk showa eta antzerkiaren arteko hibrido gisa definitu du: “Erregistro berritzailean sei artista oholtza gainean, musika eta umore artean hausnartzen. Bat-batekotasuna lantzen dute, eta emanaldia egiten ari diren herriarekiko lotura eta keinu asko egingo dituzte”.
Azaroan helduko da ere Axut konpainiaren Zazpi senideko lana, 18an hain zuzen ere. Anai, arreba, ahizpa kontzeptua eta kartzela, istripua edota gaixotasun bat tartean, horien hutsunearen gainean hausnarketa sakon eta interesgarria egin dute lanarekin. Zazpi idazleen testuetan oinarrituta dago, tartean Lander Garro idazle errenteriarraren testuetan.
Tartean konpainiak Euskaltzaindiarekin elkarlanean sortutako Ghero lanarekin amaituko dute udazkeneko helduei begirako kultura eskaintza. 3.000. urtean kokatuko dituzte ikusleak, azken euskalduna hiltzear da, eta berekin batera euskara.
Familiei begirako lehen emanaldia, berriz, Kataluniako Mons Dansa konpainiaren Wabi-sabi lana izango da hilaren 26an. Familiartean ikusteko bigarrena, azaroaren 30ean, Benetan be konpainiaren Inondik Inora antzezlana, musika eta umorez jositako lana. Kataluniako 2princesesbarbudes konpainiaren Enaren Kontuak hartuko du Niessen abenduan udazkeneko familiei begirako eskaintza amaitzeko. Kontzertu moduko dokumental ornitologikoa izango dela azaldu du Tolosak, “enaren ohiturak habiak egiteko, elikatzeko… oso konpainia berezia da, lan honetarako benetako 11 kantu sortu dituelako jostailuzko instrumentuekin”.
Taula gainetik harago
Antzerkia eta arte eszenikoak oro har, ez direla oholtza gaineko lanera mugatzen nabarmendu du Kultura teknikoak, “ez udalarentzat behintzat”, eta horri begira, duela hilabete batzuk Atarian programa jarri zuela martxan ekarri du gogora. Kulturgunearen atarian bertan egiten dute Atarian helduei begirako antzezlanen ostean: “Topagune txiki bat sortzen dugu asmo intelektual gorena izateko asmorik ez duen solasaldia egiteko. Jendeak oholtza gainean ikusi duen konpainia horretako aktore eta zuzendariarekin emanaldiaren gainean aritzeko aukera izaten du”. Ainara Gurrutxaga aktore eta kazetariak gidatzen ditu solasaldiak.
Herritarrak eta kultura elkarrengana hurbiltzeko garrantziaz hitz egin du, bestalde Collarrek, “Herritarrak Niessenera, kulturara erakarri nahi ditugu, eta horretarako kalitatezko ikuskizunak programatzea eta esperientzia berriak bizitzeko aukera ematea funtsezkoa da. Esperientzia horiek, goxoagoak izan daitezen, itxura aldatu diote auditorioko atariari. Aldaketa horren “errudun”, Ibai Maritxalar margolari, artista eta sortzaile errenteriarrak. Bere lan baten urtebeteko lagapena egin dio Errenteriako Udalari, eta Collarrek eskertu egin du artistaren keinua.
Maritxalarrek, eskerrak eman dizkio udalari, bere lana Atarian bezalako iniziatiba batean bere lana erakusteko emandako aukeragatik, “hausnarketa gune horretan nire Luisa emakume zartatu hau, horren entzule, ikusle, konplize izatea, sortzaile bezala interesgarria da. Espazio hau eraberritze prozesu horretan jaso nuen nire lan bat jartzeko gonbita. Artista plastikoa naiz, pintorea naiz, baina antzerkiarekin ere lotura handia dut, eszenografoa naizelako, antzerki eskolan parte hartze dudalako, egun ere Zoruk antzerki taldeko kidea naiz. Nire sorkuntza lana bi lengoaia horien artean mugitzen da nolabait, bai antzerkian, bai pinturan, hori da nire unibertsoa”.
Jarraipena izan dezan espero duela gaineratu du Maritxalarrek, eta eskaera bat egin du ,”beste artistek ere beren lana erakusteko aukera izan dezaten, eta herrian arte eszenikoetan lan bikaina egiten den bezala, arte plastikoetan egitea. Bultzadatxo bat beharko genuke, halako espazio bat, gune baten falta sumatzen dugu, Merkatuzar hor dago, baina gabezia bat sumatzen da herriko sortzaile plastikoen artean, eskaera hori eskertzetik eta elkarkidetzatik egin nahi dut”.
Kultura plan estrategikoan aktiboki ari direla esan du Collarrek, “guztion artean egin beharreko zerbait da eta kontuan hartzekoak dira halakoak”. Herritarrei eskaera bikoitza egin die, kulturaz gozatzea lehenik, eta ondoren ikusitakoaren gaineko iritzia uztea Niessen kulturgunearen sarreran dagoen Esperientzien koadernoan. herritarrek programazioaren gaineko informazio zehatza izan dezaten udal eraikin guztietan, turismo bulegoan, eta hainbat saltokitan gaur bertan zabalduko dute Banbalinak izeneko arte eszenikoen agenda.
Ikuskizunen prezioa helduentzako emanaldietan 8 eurokoa da, eta familiei begirakoetan, berriz, 3 euro. Kultura txartelaren titularrek %20ko deskontua izango dute. Sarrerak, berriz, Niessen kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eros daitezke, eta ikuskizunaren egunean bertan, Kulturguneko leihatilan ordubete lehenago.Online erosteko aukera ere bada.
Emanaldien informazio guztia ondoko bideoan bildu du udalak.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.