Paula Etxebeste sanpedrotarrak yoga ikastaroak eskainiko ditu, herritar orori irekiak, Trintxerpeko Lilitegian; irakasle ohia, irakaskuntza utzi eta yoga zentroa zabaldu berri du
Yoga familian egiteko ikastaroak eskainiko dituzu Trintxerpeko lilitegian. Zer nolakoa da zure eskaintza?
Bi talde osatu nahi ditugu; lehenengoa haur txikiei eta amei bideratuta egongo da, eta bigarrena familientzat.
Lehenengo taldea erditzearen eta haurdunaldien ondorioak zuzentzera bideratuta egongo da, horregatik amekin. Haurrei dagokienez, garapena estimulatzea da ikastaroaren asmoa, psikomotrizitatea eta kolikoen prebentzioa landuz, digestioetan lagunduz. Azken finean, ama eta jaioberriaren arteko lotura afektiboa sendotzeko une bat izango da, ordu batez ama eta haurra elkarrekin eta bakarrik egon daitezen, goxo eta lasai, beste interferentziarik gabe. Ikastaro honetan, katuka hasi arteko etapan dauden haurrak eta amak hartuko ditut bakarrik, behin haurrak mugitzen hasten direnean asko aldatzen delako lan egiteko modua. Oso bestelakoa da.
Bigarren ikastaroan, haurrak katuka hasi eta 24 hilabetera artekoak hartuko ditut, beren gurasoekin. Kasu honetan, ama, aita, gurasoak elkarrekin, izeba… familiako edozein helduk har dezake parte. Jolasekin eta kantekin psikomotrizitatea eta gorputz jarrerak lantzen dira, baina modu oso ludikoan eta beti ere goxotasuna bilatzen familia eta haurraren artean.
Yogak, haurrengan, zein onura ditu?
Tailer hauetan, hain haur txikientzako tailerretan, goxotasuna da helburu nagusia, haurra eta helduaren arteko harreman afektiboa sendotzea. Haurrari bere gorputzaren kontzientzia hartzen laguntzen dio, masajeekin eta haurra ukitzen hasten garelako. Mugimenduak ere lantzen dira, lateralitatea-eta estimulatzeko, digestioa laguntzeko ariketak ere egingo ditugu, baina batez ere momentu oso goxo bat izatea nahi dut..
Aurretik ere eskaini izan dituzu yoga familian egiteko ikastaroak. Zer moduzko esperientzia izan da?
Ni irakasle nintzela haurren yogan formatu nintzen, Iruñean, eta nire eskolan aplikatzen hasi nintzen, nire gelan, ikasleekin. Gainera, talde berbera hiru urtez izan nuen. 4 urtekoen gelan hasi eta Lehen Hezkuntzako Lehen Mailara bitartean. Egunero egiten genuen yoga, erlaxazio ariketak, barnetasuna… eta ikasleek ikaragarri eskertzen zuten momentu hori, lasaitzeko, arnasteko. Egunero gauza desberdinak egiten genituen. Egun batean arnasketak, beste egun batzuetan bisualizazioak, posturak… Oso esperientzia polita izan zen.
Ikastetxe askotan yoga ari dira txertatzen. Zure ustez komenigarria da?
Ikastetxeetan yoga ez da soilik onuragarria, beharrezkoa da. Nola dago gure gizartea? Eta haurrak dira gure gizartearen isla. Haurrek dena behar dute momentuan, azkar batean. Gainera gauza asko egiten dituzte: Eskola Kirola, ingelesa, jangela, eskola… Nire ikasleekin lantzen hasi nintzenean, hasieran, lehenengo egunetan, asko harritzen ziren yoga ariketekin, baina gerora oso gustura hartzen zuten, beharra zuten. Batez ere arratsaldetan egiten genuen, ikasle gehienak jangelan geratzen zirelako eta arratsaldetan klasera oso aztoratuta iristen zirelako. Momentu oso egokia zen, erlaxatu eta ondoren berriro prest lanerako. Ni egon nintzen eskolan lankideei ere erakusten nien, eta ematen nizkien tresnak-eta gelan egiteko moduko ariketak irakatsiz.
Onura handiak ditu: autoestimua lantzen da asko, beldurrak… Lilitegiko taldeak osatzeke daude, baina nahiz eta haur gutxi bildu, aurrera aterako dugu taldea, hau niretzat kasik militantzia delako, behar-beharrezkoa iruditzen zait.
Irakaslea izateari utzi diozu yogan bete-betean zentratzeko, eta San Pedron zentro bat zabaldu berri duzu. Zer nolako harrera izan du zure proiektuak?
Joan den urtean hasi nintzen San Pedroko udal gimnasioan yoga eskaintzen, inguruko jendeak pixka bat zirikatuta. Hasieran beldur nintzen taldea osatuko ez zelakoan, baina eskaintza egin eta talde bat sortu zen segituan. Bigarren bat ere atera genuen aurrera.
Irakaskuntza eta yoga uztartzen aritu naiz orain gutxi arte, baina azkenean irakasle lana uztea erabaki dut, proiektu honetan %100 zentratzeko. Herrian beharra zegoela ikusi nuen, eta nik honetan asko sinisten dudanez, pausua ematea erabaki dut. Udal gimnasioan baldintzak ez ziren oso onak yoga egiteko, eta txoko bat hartzea erabaki nuen. Hasi berri gara, eta talde asko beteta daude. Nik banekien harrera ona izango zuela, baina ez nuen espero hainbesterainokoa izango zenik. Oso pozik nago, harrituta. Egia da ere iraila, urria, eta urtarrila intentzio oneko hilabeteak izaten direla, eta zailena dela gerora asmo on horiei eustea, hori hor dago, baina iaz taldearen %70ak azkeneraino jarraitu zuela kontuan hartuta, baikorra naiz.
Zenbat talde daude martxan?
Zortzi talde, horietatik bat haurrena. Helduen talde bat; beste bat yoga samurra egiteko, lesioren bat duten pertsonentzako, adinean aurrera doazenentzat, edota oso urduriak diren pertsonentzat egokia; yoga dinamikoa egiteko talde bat ere badut, hastapenekoa, eta bada beste talde bat bereziki gizonekin pentsatuta antolatu dudana.
Zergatik?
Gizonei kosta egitez zaie, uste dute yoga emakumeentzako dela, nahiz eta Indian duela 50 urtera arte ez zieten emakumeei yoga egiten uzten, pentsa! Milaka eta milaka urte dituen diziplina bat da eta leku askotan oraindik ere emakumeek debekatua dute.
Hemen, mendebaldean, egia da, yoga oso komertzializatua dagoela eta gehien ikusten den irudia hori dela, emakumea kirola egiteko elastikoekin. Iaz bi gizon baino ez zeuden taldean eta hutsune horri aurre egiteko estrategia txiki bat bururatu zitzaidan. Ikastaro bat antolatu dut Kirolarientzako Yoga izenarekin. Funtzionatu du eta gizon asko animatu dira aurten.
Elkarrizketan hainbatetan aipatu duzu beharra hitza. Zergatik diozu yogaren beharra dagoela gure jendartean?
Denek ezagutzen ditugu gure inguruan estres kasuak, antsietatea, depresioa. Emakumeen kasuan, gainera, are nabarmenagoa da. Emakume perfektua izan behar, langile perfektua, eta gainera oso jatorra eta ederra. Izugarrizko presioa da. Gainera, oso azkar bizi gara, abiadura handian, zentzu guztietan.
«Gizonei kosta egiten zaie. Uste dute yoga emakumeentzako dela…»
«Gorputza goxo tratatu behar da
eta zure burua maitatu»
«Yogak geldiarazten zaitu eta arnasa kontzienteki hartzera gonbidatzen zaitu»
Eta yogak nola egiten dio aurre egoera horri?
Yogak geldiarazten zaitu eta arnasa kontzienteki hartzera gonbidatzen zaitu. Estrategiak irakasten dizkizu zenbait egoera bereziki konplikaturen aurrean erabiltzeko. Estrategia horiek oso lagungarriak dira egunerokoan.
Yogan murgildu ahala, pixkanaka hasten zara konturatzen ez dela beharrezkoa hain azkar bizitzea, edo gauza batzuek ez dutela hainbesteko garrantzirik, eta ez zarela zure buruarekin hain zorrotza izan behar. Praktikan nire mezua da yogara etortzen garela osasuntsu egoteagatik eta hobeto sentitze arren. Gorputza goxo tratatu behar da, eta zure burua maitatu. Yogak horretan laguntzen du.
Onurak zerrendatu behar izatekotan zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Nabarmenena, geldiarazten zaituela; arnasa kontzienteki hartzen laguntzen dizula, gorputza lantzen dela izerdituz eta luzaketa asko eginez, oinarrizko gorputz jarrera osasuntsuak ikasten direla; zirkulazio-aparatuarentzat lagungarria dela, baita digestio-aparatuarentzat ere. Horiez gain, serotonina, ongizatearen hormona jariatzeko lagungarria da eta, aldiz, estresa sortzen duen kortisol hormonaren jarioa gutxitzen du. Onura asko ditu.
Zu nolatan hasi zinen yoga egiten? Zerk bultzatuta?
Beti izan naiz oso kirolaria, eta nire buruarekin oso zorrotza. Bolada txar bat pasatu nuen, aldaketa beharra nuen eta nire koinatak, yoga egiten zuela, probatzera animatu ninduen. Nik pentsatzen nuen niretzako yoga bigunegia izango zela, eta horregatik Astanga Yoga egiten hasi nintzen, fisikoki oso exijentea den yoga mota bat, eta harrapatu ninduen. Hortik aurrera, beste bideak aurkitzen hasi nintzen.
Gaur egun zuk zein yoga mota praktikatzen duzu?
Astanga Yogarekin hasi nintzen, baina gerora Yinyasan egin nuen formakuntza. Yinyasan sekuentzia ez da beti berdina, eta mugimenduak bata bestearekin arnasketaren bitartez lotzen dira. Flow esaten den horietakoa da, leunagoa, biribilagoa. Dinamikoa da, baina ez Astanga bezain zorrotza, eta aldaketak baimentzen ditu, nahieran lan egiteko: zentra zaitezke gorputzeko atal zehatz batean, eta beharraren arabera moldatu. Malguagoa da.
Yogan hasiz geroztik etengabe ari zara formatzen.
Oso garrantzitsua da. Lehenbiziko formakuntzarekin ate bat irekitzen duzu eta berehala ikusten duzu ezer gutxi dakizula. Erantzukizuna handia da, jendearen gorputz eta emozioekin ari zarelako lanean. Gainera, pertsona guztiak ez datoz klasera osasuntsu, eta kontuz ibili behar da.
Yimyasan formakuntza egin nuen lehenbizi, Libby Hargreaves irakaslearekin. Gero Yinyoga egin nuen, medikuntza txinatar tradizionalean oinarritutako diziplina bat, guztiz estatikoa eta desberdina. Ondoren haurrei begirako formazioa jaso nuen, eta baita feetup-a ere, Berlinen. Orain bi urteko formazio bat egiten ari naiz, Baraka Donostian, Yoga Terapeutikoan trebatzeko. Oso-oso interesgarria iruditzen zait, batez ere lesioak dituzten pertsonekin lan egiteko.
Yogaz goxo gozatu eta harreman afektiboak sendotu
Bi ikastaro eskainiko ditu Paula Etxebestek Trintxerpeko Lilitegian, biak herritar orori zabalik.
Ikastaroetako bat jaioberri eta amentzako da, katuka hasi bitarteko umeak bilduko ditu. Ikastaroa asteazkenetan izango da, 16:00etatik 17:00etara.
Talde horren helburu nagusiak dira erditze ondorengo etapan amaren bidelagun izatea, eta amari indarberritzen laguntzea eta, aldi berean, haur txikiaren garapen integrala sustatu, eta ama eta haurraren arteko lotura afektiboa sendotzea.
Haur Txiki & familia yoga izeneko ikastaroan, katuka hasi eta 24 hilabetera bitarteko haurrak elkartuko dituzte. Asteazkenetan izango da ikastaroa baita ere, 17:30etik 18:30era. Talde horretan haurrek familiako kideren batek lagunduta parte hartuko dute, haur txikiaren garapen integrala sustatzeko eta familiako kidearen eta umearen arteko lotura afektiboa sendotzeko.
Ikastaroak azaroan hasi eta urtarrilean bukatuko dira. Interesdunek lilitegira
email bat idatzi edota 943 39 05 11 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko.