Datorren asteartean Estrasburgok emango duen epaiak hamalau euskal preso kaleratzea ekar dezakeela jakinarazi du Sarek, tartean Aitzol Gogorza oreretarra.
Zigor luzapenekin amaitzeko eskatu zuten hamarnaka lagunek atzo.
Sufrimenduaren luzapena eta eskubideen urraketa amaitzea eskatu zuten atzo hamarnaka lagunek Sare Herritarrak egindako elkarretaratzean. Zigorren luzapena amaitzea eskatu zuten, hau da, euskal presoek, Frantziako Estatuan zein Espainiako Estatuan betetako zigorrak batu ditzaten. Europako araudiak hala jasotzen badu ere, 2008. urtetik daramala Espainiako Estatuak araudi hori urratzen salatu zuen Sarek, Frantziako espetxeetan izan diren euskal presoek bertan betetako zigorrak aintzat hartu gabe, alegia.
Egoera horrek, beste hamarnaka eta hamarnaka euskal presoen artean, larri gaixo dagoen Aitzol Gogorza euskal preso oreretarrari eragiten dio. Finean “zigorrak bikoiztea” suposatzen duela salatu du Sarek. Horren aurrean hainbat lanketa egin dituztela gogorarazi zuten atzoko elkarretaratzean, baita bide judizial ezberdinei ekin. Horren harira, datorren asteartean (hilak 23)
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak presoen zigor batuketaren gaineko ebazpena emango du. Santiago Arrospide preso ohiaren kasua aztertuko du Estrasburgok, eta ebatziko duenaren zain dira, “ikusiko dugu epaiak zer dioen, baita Espainiako Estatuak zer egingo duen horren aurrean ere. Argi geldituko da ordea, ezin duela mendekuan oinarritutako espetxe politika bat indarrean mantendu”.
Izan ere Estrasburgok epaia emanda, helegitea jartzeko aukera izango du Espainiako Estatuak, baina horrek mendeku jarrera bati baino ez liokeela erantzungo esan du Sarek, “hala gertatu zen Ines del Rioren kasuan. Urtebete gehiago eman behar izan zuen espetxean. Saretik argi dugu sufrimendua luzatu eta eskubideak urratzen dituen egoera horrek hilaren 23an amaitu behar duela, eta hala exijitzen diogu Espainiako Estatuko Gobernuari ere”.
Hamalau euskal preso kaleratzea
Datorren asteartean Estrasburgok emango duen epaiak hamalau euskal preso kaleratzea ekar dezakeela jakinarazi du Sarek, tartean Aitzol Gogorza oreretarra; harago, egun 50 bat presori eragiten die zigorren luzapenak, edo beste moduan esanda, betetako zigorrak ez batzeak, “une garrantzitsua da honakoa, beraz”.
Gogorza 1999an atxilotu zuen Frantziako poliziak Mont Marsanetik gertu, eta 2011n estraditatu zuten Espainiako Estatura. 2012ko apirilean gerturatu zuten Euskal Herrira, Basauriko espetxera zehazki, Sevillako (Andaluzia, Espainia) espetxetik, duen gaixotasun larri eta sendaezinaren harira.
Aurretik egin duen bezala, “konponbiderako eta elkarbizitzarako” pausuak emateko batzera deitu ditu herritar guztiak: “Gaur hemen elkarretaratze honetan, ozen diogu espetxe politika aldatzeko garaia dela, baina Donostian ere batu eta desio bera duen jendarte oso bat dagoela erakutsi behar dugu”.
Nazio manifestaziora bihar deitu dute, eta 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik.