Gaurtik larunbatera bitarte ekintza sorta prestatu dute hemezortzigarren urteurrena ospatzeko.
Gaztaño auzoko jaien harira gaztetxean antolatutako haurrentzako tailerretako bat.
Hemezortzi urte bete ditu Zabalenea II Gaztetxeak, eta adin nagusitasunera heldu dela ospatzeko hainbat ekintza antolatu ditu gaurtik hasi eta igandera arte. Gaur bertan, 19:00etan hasita, pintxo potea eta zuzeneko musika izango da Dantzallsound-en eskutik gaztetxean. Bihar berriz, hausnarketari zabalduko diote bidea, gaztetxean bertan antolatu duten hitzaldiarekin.
Egungo gaztetxeen mugimendua goiburuarekin, Iruñeko Maravillas gaztetxeko, Azpeitiko gaztetxeko eta Donostiako hainbat kidek hartuko dute parte hitzaldi horretan.
Kartelada berezia egingo dute 20:00etan, eta kalejiran irtengo dira Beraunera gaztetxetik 21:30ean. Gaztetxean sortutako Ostiko areto futbol taldeak partida jokatuko du Ataunen kontra Beraungo frontoian 22:00etan eta etxekoak animatzea du helburu kalejirak.
Egun handia, larunbatean helduko da, eta egun horretarako egun osoko egitaraua antolatu dute gazte asanbladako kideek. Erronkak, bertsolariak, bazkaria, poteoa eta kontzertuak antolatu dituzte besteak beste. Bazkarirako txartelak 12 euroan daude salgai sindikatu tabernan eta gaurko poteoan ere eskuratzeko aukera izango da.