Udalerriko birziklapen tasak hobetzen lagunduko duela uste du alderdi jeltzaleak.
Elixabete Muruak, EAJren ordezkariak batzordean egin du proposamena.
Errenteriako etxe guztietara birziklapen gida helaraztea proposatu du alderdi jeltzaleko Elixabete Muruak hondakinen sistemaren gaineko jarraipen batzordean. Neurriarekin udalerriko birziklapen tasak hobetuko direla uste du EAJk: “Sentsibilizazio kanpainak egin badira ere, kanpaina didaktikoa baten beharra sumatzen dugu, errenteriarren zalantzak argitzeko. Etxean eskura edukiko luketen gida horrek, hondakin bakoitza non utzi behar den argituko lieke herritarrei, eta beren lana erraztu”.
Proposamena jarrera eraikitzailearekin egin duela esan du EAJk, eta hondakinen bilketa sistema hobetzeko. ez da egin duen proposamen bakarra, edukiontzi grisa eta marroiari pedala jartzeko aukera aztertzeko ere eskatu dio udal gobernuari. Neurriak edukiontziak irekitzea erraztuko dielakoan herritarrei, “bereziki adineko pertsonei edota tapa altxatzeko arazo fisikoren bat duten pertsonei”.
Hondakinen tasan ezarritako mailak berraztertzea eskatu du bestalde, “ordaindutakoa eta sortutako hondakin kopurua ez datozelako bat askotan, eta ia hondakinik sortzen ez duten hainbat establezimenduk etxebizitzetan ordaintzen den tasa baina altuagoa ordaintzen dute”.
Edukiontzi bidezko sistemaren aldeko apustua egiten duela esan du EAJk, “bistan da sistema horrek benetan ongi funtzionatzen duela, gure herria ere bide horretan doa, baina emaitzak hobetu daitezkeela ziur gaude”.