25 urte bete ditu Lau Haizetarak arnasguneak eraikitzen. Euskararen egoerak hobera egin duela ukatu gabe, oraindik «irabazteko» asko dagoela dio elkarteak. Erronka, orain, erabilera zabaltzea.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko Urruzola, Perez de San Roman eta Maritxalar.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak 25 urte bete ditu aurten. Mende laurdena darama euskara hauspotzen, arnasguneak zabaltzen, azken batean, euskara erdigunean jartzen, eta horren inguruan sareak zabaltzen. Txirritaren Etorrera, Ostiral Kulturalak, normalizazio taldea, Lau Haize Gazte, OTB telebista, Ttakalo ludoteka, Eskolatik Kalera, hitano ikastaroa, Mintzalaguna, Kuadrillategi, Aiko Maiko, Lau Haizetara aldizkaria, kantu jira, Xenpelar Bertso Eskola, motibazio saioak, Euskararen Eguna, Olentzero eta Mari Domingi, Gaztainerre… hamaika ekitaldi, iniziatiba eta proiektu egosi dira topagunearen sukalde goxoan. Batzuk ez dira jada, beste batzuk oraindik bai, eta berriak sortzeko hausnarketan ariko da baten bat.
Denek ala denek arrastoa utzi dute, ziur, Errenteria-Oreretan. 25 urte horien errepasoa egin du Hitza-k elkarteko talde eragileko kide diren Joxe Luix Maritxalarrekin, Aitzol Perez de San Roman koordinatzailearekin eta Gorka Urruzola Mintzalaguna programaren koordinatzailearekin. Aurrera egin nahiaren ahalegina izan dela sorreratik Lau Haizetara dio Maritxalarrek. Euskara elkartearen sortzaileetako bat da, eta egun, «momentuz», bertan jarraitzen du.
Duela 25 urte Errenteria-Oreretako euskaldungoaren 100% bildu zela proiektuaren bueltan esan du, «hasieran egin ziren zerrendek, ahaleginek, eta ilusioak herriaren euskaldungoa hartzen zuten. Ahalegin horren ondorioa izan da egituraketa bat eta iniziatiba sorta bat martxan jartzea».
Diglosiaren menpe
Diglosiak [komunitate berean bi hizkuntza daudenean, eta horietako bat hegemonikoa denean] eragindako zailtasunak, Euskal Herrian ezagunak, Lau Haizetarak ere ezagutu dituela nabarmendu du, «erregistro egoki baten falta dugu, kaleko hizkuntza falta zaigu hemen. Belaunaldi berriei eskolako hizkuntza eman zaie gehiago, eta kaleko hizkuntza falta izan zaigu. Hamaika arrazoi izan daitezke gaztelera erabiltzeko, baina aipatu dudan hori bat izan daiteke. Elkarteak topo egin du elkarte guztiek topo egin duten arazo berberarekin».
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea izan zen aurretik, eta duela bost urte bihurtu euskaltzaleon topagune. Bidean iniziatiba eta programa ugari izan dira, eta kexu da Maritxalar, «badirudi agian ez dugula ezer egiten, zaila delako egitea. Batzuetan uste dut ez dugula geure buruarekiko konfiantza handirik. Egindakoa hor dago, 25 urte pasa tu dira eta gauza asko egin ditu elkarteak».
Egindako horren guztiaren atzean ezinbestekoak izan dira pertsonak, eta 25 urtean ehunka pasa dira elkartetik, bakoitzak gehiago edo gutxiago, bere ekarpena eginda. Ez dira denak, baina batzuk aipatu ditu Maritxalarrek egindako ekarpenari aitortza egiteko. Lehendakari izan diren eta elkartearen hastapenetan izan diren Kike Eizmendi, Mikel Azkarate, Xabier Zabaleta, Imanol Miner, eta egungo presidente Xixilio Maritxalar aipatu ditu, baina baita elkartearen sorreran bertan eta bidean ekarpen handia egin duten hainbat izen ere, Edurne Agirrezabala, Angel Mari Elkano, Gema Lasarte, Igor Elberdin, Andoni Goitia, Joxemari Carrere, Ane Lardi, Mikel Ugalde, Antton Kazabon, eta zendu diren Iñaki Alberdi, Mikel Carcedo eta Jose Luis Zabala: «Guztiak ezinbesteko izan dira bide honetan, eta ekarpen izugarria egin diote elkarteari modu batean edo bestean. Horiekin batera hamarnaka lagun pasatu dira urte hauetan, bakoitzak bere denbora dedikatu dio elkarteari, gauza oso aberatsa izan da herrian».
Atzera begira jarri da sorrera garaiaz mintzatzeko, «jendeak sentimendu bat zuen, beharra sentitzen zuen, bazirudien errazagoa zela lan egitea. Gaur egun, ematen du ez dagoela hainbeste arazo euskararekin, hainbat urrats egin dira eta zenbait arlotan normalizatua dago. Egia da administrazioan urrats handiak egin direla, bateren batek ere egin du lan hor. Ikastetxeetan D eredua gailendu da… Duela 25 urte ematen zuen dena gure esku zegoela, eta orain ez da horrela. Orduan dena zegoen egiteke, eta orain dena martxan dago. Gure buruarekin oso kritikoak izaten gara, baina euskarak gure herrian gaur egun duen egoeran Lau Haizetarak eragin duen zalantzarik ez dut, lan handia egin duelako eta egiten jarraitzen duelako». Euskaltegiek eta ikastolek urte hauetan egindako lanari ere egin dio aitortza.
Erabilera, erronka
Maritxalarren hausnarketarekin bat egin du Perez de San Romanek, eta elkarteak ezinbesteko izaten jarraitzen duela dio: «Lau Haizetarak beharrezkoa izaten jarraitzen duela sinistuta nago, akaso ez dugu pertzepzio hori gauzak nahiko normal eta nahiko eginak dauden sentsazioa dagoelako, baina erronka handiak ditugu. Herritarrek asko dugu euskararen alde egiteko, aldarrikatzeko, irabazteko. Erabilera erronka dugu, eta Lau Haizetarari akuilu izatea dagokio».
Hori berresteko adierazgailuak jarri ditu adibide, «erne ibiltzeko esaten ari zaizkigu horiek. Izan ere, inoiz izan dugun gazteriarik prestatuena dugu egun, baina euskararen egoeraren gaineko kontzientzia galdu egin dela esango nuke. Egoera normalizatu batean bizi direnez ez dira kontziente zenbat kostatu den honaino heltzea, eta oraindik ere ez gaudela berdintasun egoera batean beste hizkuntzekin, gaztelania edo frantsesarekin. Inoiz baino baliabide gehiago izanik, inoiz baino behar gutxiago ikusten dute gazteek oro har euskararen alde ezer egiteko».
Datu bat ere eman du esandakoa berresteko, azken kale erabileren neurketetara jo du horretarako: «Egin diren azken kale erabileren neurketen artean puntu bat igo da erabilera udalerrian. Positiboa da igo delako. Oiartzunera jotzen badugu, ez ondoan dagoen herria delako, UEMAko Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide delako baizik, deigarria da ikustea gazteengan jaitsi dela erabilera. Errazagoa denean kontzientzia gutxitzen da. Nik horrekin lotzen dut zonalde euskaldunetan gazteen artean erabilera jaistea. Gero hausnartu egin behar da eta ikusi zer egiten ari garen gaizki».
Ez du, ordea inongo zalantzarik euskararen egoera orain 25 urte baino hobeagoa dela, eta gakoa beste bat dela gaineratu du: «Erabilera. Hori falta zaigu orain. Erabileraren erronka dugu aurrean, nola eragin, hori dagokio orain elkarteari».
Euskaraldia aukera bat
Eragiteko modu bat Euskaraldia izango dela dio. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den dinamika erraldoian parte hartuko du Errenteria-Oreretak, eta Lau Haizetara da sustatzaileetako bat, ez bakarra, baina bai garrantzitsuenetako bat.
Pozik daude egiten ari diren bidearekin, eta iazko eskarmentua ongi datorkie erronkari aurre egiteko, «AsteBatzuk dinamika egin genuen lehenengoz, Belarriprestak eta Ahobiziak izan genituen herrian eta arrakastatsua izan zen oso. Euskaraldiaren inguruan batzarra sortu dugu eta eragile eta herritar talde polita elkartu da lagundu eta ideiak ematera. Handia da Errenteria-Orereta eta anbizio handiko iniziatiba Euskaraldia».
Ez dute lan makala aurrean hemendik eta abendura arte. Herri osora heldu nahi dute, herritar ororengana, banan-banan guztien hizkuntza ohituretan eragingo duen hausnarketa bultzatzeko, «erraz esaten da, baita idatzi ere, baina 39.000 biztanle dituen herri batean lanketa ez da batere erraza».
Horren harira, Euskaraldia bidearen hasiera besterik dela ulertzea garrantzitsua dela nabarmendu du Perez de San Romanek, «amaierako emaitza soilik kontuan hartzen badugu, erabilera iraultzera ez garela helduko ohartuko gara, Euskaraldiak bidea hasiko du, erronka handia da eta izugarri lagungarria izango zaigu. Klabea izango da hizkuntz ohituren gaineko hausnarketa bultzatzea gero erabileran eragiteko».
1.000 lagunen bueltan
Hamaika iniziatiba eta proiektu izan dira euskara elkartean, eta egun ere ez da makala duen eskaintza: Mintzalaguna, Kuadrillategi, Familia Jolasean, bertso eskola, Olentzero eta Mari Domingi eta kantu jira antolatzen dute egun. Urtean zehar, horietan guztietan, 1.000 herritarretik gora biltzen dituzte. Olentzero eta Mari Domingi dira jendetsuenak, 600 bat haur bildu dira horretara azken urteetan. Mintzalaguna programan, berriz, 120 lagun ari dira, eta 110 haur Bertso Eskolan, aurten.
Azken datu horrekin harrituta azaldu dira, baita harro ere, «Euskal Herriko bertso eskolarik potenteneetakoa izango da oraintxe gurea». Helduen bertsolari taldea ere badute, kopuruz xumeagoa bada ere.
Etorkizunari begira jarrita erronka nagusia elkartea indartzea dute, «hala izan da azken urteetan, bertako dinamikak ere indartzeko. Kezka nagusietako bat da egiten duguna herritarrei nola adierazi, zer egiten dugun eta zergatik azaltzea, eta martxan gaudela».
Komunikazio arloan gabezia dutela aitortu dute, «hobetu behar dugu». Erabilera sustatzea da beste erronka nagusia, eta hori Mintzalaguna proiektuarekin lotu du Maritxalarrek. Bat dator Perez de San Roman, «indartu behar dugu. Une honetan herriko bi euskaltegietako ikasleek hartzen dute parte programan, eta ikasle ez diren beste herritarrengana ere heltzea da helburua. Erronka polita eta handia da. Saiatu izan gara Gazte Mintzalaguna martxan jartzen, baina kosta egiten da, gazteentzako ez delako erakargarria, ez dugulako asmatzen. Hausnarketa, beraz hori da, nola asmatu, nola egin erakargarri euskara herritarrengan, eta gazteengan».
Gazteak ezinbesteko
Gaztea da Urruzola, 23 urte ditu eta Kuadrillategiko begiralea izan zen Lau Hazietarako talde eragileko kide izan aurretik. Euskara elkarteetan jende gaztearen beharra dagoen zalantzarik ez du, baina ez omen dira garai onak atxikimendurako gazteen artean, «euskararekiko atxikimendua geroz eta zailagoa da gazteen artean, eta lan eta hausnarketa handia dugu arlo horretan egiteko».
Ateak parez pare ditu zabalik Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, gazte zein helduentzat, emakume zein gizonentzat, egun dituzten proiektuetan lagundu, zein berriak proposatu nahi dituztenentzat, «azken batean, herrian euskararentzat arnasguneak zabaldu nahi dituen orok du lekua gurean, bere bizi proiektua euskaraz egin nahi duen orok, herria euskaratik eta euskaraz eraiki daitekeela sinisten duten guztiek”.
Mahaiaren bueltan bukatuko dituzte ospakizunak
Mahaiaren bueltan erabakiko zituen ziurrenik kontu asko eta asko Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak 25 urte hauetan, baita beste hainbeste ospatu ere. Horrela, mahaiaren bueltan jarrita amaituko dute 25. urteurrenaren harira antolatu duten ekintza sorta. Bihar izango da bazkaria Landare elkartean, 14:00etan. Bertsolariek ere ez omen dute kale egingo mende laurden honetan modu batean edo bestean elkartearen ibilbidean parte hartu dutenen topagune izango den bazkarian, baina sorpresak ere iragarri dituzte. Bazkarian parte hartzeko txartelak elkartearen
posta elektronikora mezua bidalita, eta 943 34 01 43 telefono zenbakira deituta eska daitezke. Prezioa, 15 euro.