ACNUR agentziari 3.000 euroko ekarpena egin dio Indonesian izandako lurrikararen ondorioetan laguntzeko.
Laguntza eskatu dute hondamendiak sortutako biktimak artatu ahal izateko.
3.000 euroko diru ekarpena egin dio Errenteriako Udalak ACNURri (Errefuxiatuak laguntzeko NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia) Indonesian joan den hilabetean izandako lurrikararen ondorioetan laguntzeko. 1.234 pertsona hil ziren lurrikara eta hark eragindako tsunamiaren ondorioz, 800 pertsonek jarraitzen dute larri zaurituta, eta 100 bat daude desagertuta. 62.000 pertsona atera dituzte gainera beraien etxeetatik. 191.000 lagunek behar dutela laguntza zehaztu du udalak, eta egindako ekarpenarekin, kanpin dendak erosiko dituzte, esterilak, eguzki lanparak eta baita ura ere.
Honakoa, Errenteriako Udalak aurten eman duen bigarren larrialdi humanitarioko laguntza da. Aurretik, Salvamento Maritimori ekarpen ekonomikoa egin zion Mediterraneoa gurutzatzen duten errefuxiatuak laguntzeko.