Kantxan gertatzen denak kategorian gora egitea edo ez baldintzatuko du. Lehen Mailako seniorren eskuz binakakoan Ohorezko Mailara igotzea izango dute jokoan Urmeneta eta Odriozolak.
Iker Urmeneta beste partidu batean. Argazkia: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa
Ez dute nolanahiko astea honakoa Batzokiko eta EPLE pilota elkarteetako hainbat bikoteek. Kantxan gertatzen denak kategorian gora egitea edo ez baldintzatuko du. Partida gogorrak eta erabakigarriak, beraz, aste honetan Errenteria-Oreretako pilotarientzat.
Lehen Mailako seniorren eskuz binakakoan Ohorezko Mailara igotzea izango dute jokoan Urmeneta eta Odriozolak. Partida bakarrean jokatuko dute, finalaurrekoa, gainera igoera hori Amezketako pilotalekuan Zazpi Iturri klubeko pilotarien kontra, errenteriarrak taldeko bigarren gelditu baitziren sei partida irabazi eta bakarra galduta. Gogorra izango dute finalaurrekoa, arerioen mailagatik, baina errenteriarrek lehiarako grina erakutsi dute ligaxkan.
Gomazko paletan igoera dute jokoan EPLEko Arregi eta Urreagak ere, aurrekoek bezala, partida bakarrean. Bigarren mailara igotzea dute jokoan eta Loiolako Arana eta Luarezayerdi pilotariak izango dituzte arerio etxetik kanpo. Final laurdenak jokatuko dituzte, baina irabazten badute finalaurrekoetara pasa eta zuzenean igoko dira bigarren mailara errenteriarrak.
Gomazko paletan ari diren Batzokiko bi bikoteek ere bigarren mailan mantentzea dute jokoan. Batzokiko 1 taldeko Larralde eta Alzugarai Altzatarra taldeko pilotarien kontra arituko dira; eta Batzokiko 2ko Mitxelena eta Laborde, Alde Zaharreko pilotarien kontra. Bi partidatan jokatuko dute bigarren mailan mantentzea.
Urmeneta eta Odriozolak ostiralean (azaroak 2) jokatuko dute finalaurrekoa Amezketako frontoian 21:30ean; Arregi eta Urreagak ere ostiralean jokatuko dute Loiolako frontoian 20:30ean; Batzokiko 1eko pilotariek bihar asteazkena, jokatuko dute partida Pasai Antxoko Ibaiondo pilotalekuan 20:10ean; eta Batzokiko 2 taldekoek ostegunean (azaroak 1) Loiolako frontoian 20:00etan.