Jesusen Bihotza Adinekoen erresidentzia Kabia Foru Organismo Autonomoak hartu du beregain, prozesu luze eta korapilatsu baten ostean.
Atzoko plenoak luze jo zuen.
Gobernu taldeak egindako ordenantza fiskalen proposamenak hasi du bidea, atzoko ohiko plenoak hasierako onespena eman ostean. Horren arabera, hilabete hasieran egindako agerraldian Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar Kultura zinegotziak azaldu zutenaren arabera, tasak eta zergak izoztea proposatu du gobernu taldeak 2019ko ordenantza fiskaletan. Hala, JEZ jarduera Ekonomikoen Gaineko Zerga; gainbalioen zerga; jarduera lizentzien gaineko tasak; hirigintzako lizentzia eta zerbitzuei dagozkienak; hilerriko tasak; TAO; ibilgailuak eramatea; ibi, hesi eta bestelako okupazioen tasak; terrazen tasa, eta Kiroldegietako eta Errenteria Musikaleko zerbitzuak ere izoztea proposatu du.
Igoerak lau zerga eta tasatan planteatu dituzte, eta %1ekoak izango dira , “KPIaren igoeraren oso azpitik” (abuztuan %2,2koa zen). Igoera horiekin, hainbat zerbitzuk sortzen duten defizitari erantzutea duela helburu udalak esan zuen Txaskok berriz ere atzoko plenoan. 2019an %1 garestiago izango dira Hiri Izaerako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga, Ur hornidura eta Estolderia Zerbitzuaren tasa, eta Hondakinak Biltzeko eta Ezabatzeko Zerbitzuaren tasa.
Beste aldaketak ere proposatu ditu gobernu taldeak, eta horien barruan kokatu dute Etxez etxeko laguntzaren zerbitzua. Horretarako sarbidea errazte aldera, orduko gehienezko prezioa 18,87 eurotik 14eurora jaitsiko dute.
EAJk bost emendakin
EAJk bost emendakin aurkeztu zituen eta hainbat hobari eskatu zituen bere proposamenean, gobernu taldeak ordenantzak izoztea proposatzen badu ere, oro har, %1a igotzea proposatzen duen zerga eta tasak direlako bere iritziz herritarrengan eragin gehien izaten dutenak Garbiñe Oiarbidek azaldu zuenez: “Hobari horiekin, zailtasun ekonomiko handienak dituztenengan %1eko igoeraren eragina gutxitzea edota ingurumenaren zaintza sustatzea dugu helburu”.
Ondasun Higiezinen Zergan, Bizigune edo antzeko programen barruan dauden etxebizitzei %50eko hobaria ezartzea proposatu du EAJk. EITak agintzen dituen irisgarritasuna, bizigarritasuna edota energia eraginkortasuna hobetzeko obren gaineko zergan %95eko hobaria proposatu du halaber, baita %75eko hobaria alde zaharrean fatxadak berritzeko obretan ere. Hondakinen tasa eta ur eta estolderiaren tasan bizikidetza unitatearen eta diru sarreren araberako salbuespenak proposatu ditu EAJk. Ibilgailuen gaineko zergan, berriz, foru arauak aurreikusten duen familia ugarientzako %50eko hobaria ezartzea eskatu du, azken hori ere, diru sarreren arabera. Ingurumenaren zaintzarekin lotutako hobariak proposatu ditu, bestalde, alderdi jeltzaleak, eta horien barruan ibilgailu hibridoei %75eko hobaria eta elektrikoei %95ekoa bost urtez ezartzea eskatu du. Hondakinen bilketako zergari dagokionean, bosgarren edukiontzia aktiboki erabiltzen duten herritarrei egungo %25eko hobaria %30era igotzea.
PSE-EEren proposamena
Oarsoaldearen egoera sozioekonomikoa kontuan hartu behar dutela ordenantza fiskalek esan zuen alderdi sozialistako bozeramaile Jose Angel Rodriguezek, eta udalak azken urteetan izandako aurrezpenari begira jarri zen alderdi sozialista: “Aurrezki kopuru garrantzitsua lortu du azken urteetan diruzaintza soberakinekin, 2 miloi euro joan den ekitaldian, eta gainera, foru aldundiak Foru Funtsetik aurreikusitakoa baino 970.000 euro gehiago aurten, eta datorren urtean berriz, aurreikusitakoa baino 758.000 euro gehiago jasoko dituela Errenteriako Udalak jakinarazi berri du. Datu horiekin, garrantzitsua da zerga presioa mantentzea, are gehiago gure eskualdea zonalde degradatua denean”.
Sarreretan jaitsiera izan duela udalak esan zuen Txaskok: “%44,7koa zen eta une honetan %40koa da. Udalak horren aurrean defizita ez handitzeko eta zerbitzuen kalitate ona mantentzeko neurriak hartzea beharrezkoa du. Horren harira, zerga eta tasetan igoeraren bat sartu dugu, KPIaren azpitik beti ere, baina hobariak ere sartu ditugu. Oro har izozketa proposatu dugu, lau arlotan izan ezik, eta horietan %1ekoa izango da igoera”.
Oposizioko bi alderdiek aurkeztutako emendakinek diru sarrerak 200.000 euro murriztea suposatzen duela azaldu zuen Ogasun zinegotziak, eta horrek udalaren “flotazio marra erasotzen” duela gaineratu zuen. Alderdi sozialistaren proposamena “errealitatetik aldenduta” dagoela esan zuen Txaskok, eta alderdi jeltzalearen proposamenak negoziatzen saiatu zirela nabarmendu, “hala ere, ezinezkoa izan da, aurretik aipatu dudan bezala, gehiegizko diru kopuruaz hitz egiten ari garelako. Hala ere interesgarriak iruditu zaizkigu hainbat elementu, eta orain posible ez bada ere, atea zabalik utzi nahi dugu aurrerantzean lantzeko, eta hor ditugu aurrekontuak adibidez”.
Bide beretik mintzatu zen Ion Collar Irabazizeko bozeramaileak, eta EAJren emendakinak aztertu dituztela eta saiatu direla txertatzen ere, baina teknikoki ezinezkoa izan dela, “hala ere lanean jarraituko dugu giaren gainean”. PSE-EEren emendakinari dagokionean, kanpainaurrea egiten aritzea leporatu zion alderdi sozialistari, “zerbitzuak ez direla izozten ahaztu zaio alderdi sozialistari, eta San Markos Mankomunitateak ez dituela izozten jakin beharko luke. Horrek ere eragina du herritarrengan. Uste dugu PSE-EE kanpainaurrekoa egiten ari dela”. Ez direla hauteskunde kanpaina egiten ari erantzun zion Rodriguezek, “ekonomia oparoaldia dagoenean, bizilagunek onura izoztea da normala, eta egoera horrekin beste udal batzuk izoztu egin dituzte zerga eta tasak, Irun, Arrasate eta Eibarkoa kasu”.
Proposamen ez erreala
Julen Mendoza alkateak hitza hartu zuen alderdi sozialistako bozeramaileari erantzuteko: “Antzeko udalak esaten duzuenean, zertan oinarritzen zara: diru sarreretan, defizitean, superabitean… Errenteriaren egoera oso ezberdina da Irungo udalarekin alderatuta, besteak beste ez duelako guk dugun zorra eta gu udalera heldu garenetik izugarri murriztu duguna, baina egun oraindik ere badagoena. Ez dituzu beste udal batzuk aipatu, Donostia kasu, eta horrek bai igoko ditu zergak eta tasak. Alkatetzan izan zen bitartean alderdi sozialistak etengabe igo zituen zerga eta tasak, eta batzuk udalera heldu ginenean 2011. urtean, krisi testuinguru betean, udalak esfortzua egin eta izozketa egin zuen, herritarrak ez gehiago zigortzeko”.
Foru funtsak soilik hartzea kontuan egotzi zion gainera Mendozak Rodriguezi, horiek direla sarrera bat, eta bestea zerga eta tasen bidezkoa bestea gogorarazi zion, eta udalak izan duen gastuen igoera aztertzeko eskatu zion, “garbiketa zerbitzuan 500.000 euro gehiago inbertitzen ditugu urtean, funtzionarioen soldatak igo dira eta beste gastu batzuk ere handitu egin dira. Zuen proposamena ez da erreala, ez da bideragarria udalarentzat, ez da eztabaida serio, hauteskunde eztabaida baino. Tasa eta zergez hitz egiten dugunean beharrez ari gara, herri honek dituen beharrez, horretarako udalak beregain hartu behar duen gastuaz, eta dituen baliabideez ari gara. Zuek dena izoztea proposatzen duzue eta hobariak ezartzea, foru funtsari erreparatuta, baina udalak dituen gastuak kontuan hartu gabe, besteak beste larrialdietarako laguntzak, azken urteetan izugarri handitu dituenak udalak hala behar delako ez dituzue aintzat hartzen”.
EAJren proposamena “errealagoa” dela aitortuta, ezin izan dutela akordiora heldu eta penagarria izan dela hori erantsi zuen Mendozak, eta etorkizunean adostasunak lortzeko aukerari ateak zabalik utzi zizkion.
Gobernu taldea osatzen duten Errenteria Irabaziz eta EH Bilduren aldeko bozkekin jaso zuten ordenantza fiskalek hasierako onespena atzoko plenoan. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten.
Jesusen Bihotza adinekoen egoitza, Kabiaren esku
Atzoko plenoak landu zuen beste gaietako bat Jesusen Bihotza adinekoen egoitzaren aizan zen. Prozesu luze eta korapilatsu baten ostean hitzarmena sinatuko dute, eta aurrerantzean Kabia Foru Erakunde Autonomoak kudeatuko du orain arte udal zerbitzua izan dena. Gipuzkoan adinekoen hamasei egoitza munizipal zeuden eta horiek Kabiara eskualdatzeko prozesua hasi zuten aurreko agintaldian. Maite Peña EAJren zinegotzia da Errenteriako Udalean, baita Gipuzkoako Foru aldundiko Gizarte Politika diputatua, eta berak azaldu zuenez, bide luze baten ostean heldu da hitzarmena eta gaur egun arte egoitzak izan duen zerbitzu kalitatea eta langileen baldintzak mantenduko direla aurrerantzean zehaztu zuen.
Erabiltzaile, familia, eta langileek izan duten asebetetzea mantentzea espero duela aurrerantzean esan zuen Nagore Basurto Ongizate zinegotziak. Udalari beste hitzarmen bat sinatzea gustatuko litzaiokeela ere esan zuen Basurtok, “baina ez da posible izan”.
Jaione Karrikirik hartu zuen hitza EH Bilduren izenean eta “oso ondo funtzionatzen duen erresidentzia” uzi duela udalak aldundiaren eskuetan esan zuen, “gustura daude erabiltzaileak, baita langileak ere baldintza duinak lortu dituztelako urte hauetan bertan. Uste dugu esku onetan utziko dugula egoitza, eta kalitate hori mantenduko duela Kabiak”. Adinekoen egoitza eskualdatzea posible egiteko udal langileek egindako lan handia ere eskertu zuen Karrikirik.