Zuriñe Hidalgo abeslari eta telebista aurkezleak bisita egingo die Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Kuadrillategiko kideei datozen hiru ostiraletan.
Zuriñe Hidalgo.
Lezo, Pasaia eta Oiartzungo Kuadrillategi egitasmoan partaide diren gazteek bisita berezia jasoko dute datozen hiru ostiraletan. Kuxkuxeroak izeneko saioen barruan, Zuriñe Hidalgo abeslari eta telebista aurkezlearen bisitaz gozatzeko aukera izango dute gazteek. Kuadrillategiko kide izango da, beraz, Hidalgo.
Lehenik eta behin Lezoko Kuadrillategikoekin izango da abeslaria, bihar (ostirala), 18:00etatik 19:30era lehen saioan eta 20:00etatik 21:30era bigarrenean, Herri Eskolan. Datorren astean, hilaren 23an, Oiartzunera egingo du bisita artistak Gaztetxean 19:30etik 21:00etara egingo delako bertako Kuadrillategikoekin. Pasaian, Donibanen egingo du geldialdia Hesian taldekoak, hilaren 30ean (ostirala ere), 19:00etatik 20:30era bertako kulturguneko komunikazio gelan.
Kuadrillategi egitasmoaren xedea da gazte taldeak bildu, eta haien gustuen araberako jarduerak euskaraz garatzea. Eta Kuadrillategiren barruan Kuxkuxeroak egitasmoa lantzen dute: euskararen erabileran erreferente, eta gazteentzat eredu direnak gonbidatzen dituzte, euskaraz elkarrizketa naturalak egiteko.