Doinu ere izango da
‘Aita Manuelen Ipuinak Suite Corala’ estreinatuko dute bihar. Oinarrian, Gema Ces eta Idoia Larrañagak arraunlarien patroi handia ahanzturan eror ez dadin idatzitako liburua dago.
Manuel Arrillaga Aita Manuel zenari aitortza egin eta belaunaldiz belaunaldi San Pedroko arraunlarien patroi estimatuenaren balentriek segida izan dezaten, Aita Manuelen ipuinak liburua argitaratu zuten joan den urtean Gema Cesek eta Idoia Larrañagak. Lehenak hitzak jarri zizkion, bigarrenak ilustratu egin zuen. Haurrentzako ipuina egi bihurtzeko, crofounding-a jarri zuten martxan, eta beren helbururako behar zutena baino diru gehiago jaso zuten. Ipuina argitaratu ondoren, bildutako diruarekin beste zer edo zer egin behar zutela erabaki zuten.
Ipuinak argia ikusi zuenetik ia urtebetera, Aita Manuelen gaineko bigarren proiektuarekin heldu dira orain, ekarpena egin zuten horiei guztiei itzulera egin eta Aita Manuel, sanpedrotarrentzat eta San Pedrorentzat hain garrantzitsua izan zen figura hori lehen lerrora ekartzeko.
Cesen eta Larrañagaren ipuina, Aita Manuel eta bere txakur leial Izpi, musikatuta helduko dira Josu Elberdin konpositore eta zuzendariari sanpedrotarrari esker. Arraunarekin estu lotuta dago San Pedro, itsasoarekin harreman eta lotura ezinbestekoa du, baina baita musikarekin ere, eta biak eskutik helduko dira orain, San Pedrok eman duen figura handienetako bati merezi duen lekua eskaintzeko.
Cesi eta Larrañagari otu zitzaien proiektua, baina hura egi bihurtzeko ate bat baino gehiago jo behar izan dituzte. Lehena, Elberdinena. Proiektua aurkeztu bezain pronto eman zuen baiezkoa konpositore eta zuzendariak, «oso ideia polita iruditu zitzaidan, eta ipuin musikalak idatzi izan ditut, beraz, arlo horretan badut esperientzia pixka bat. Ipuinaren hiru atalak ikusita suit korala egitea erabaki genuen».
Sei hilabetetik gora eman dituzte dena josten, neurrira egindako abestiak eta musika sortzen, abesbatzak prestatzen, musikariak lotzen, jantziak egiten… Eta lan horren guztiaren ondoren, bihar helduko da egun handia: Aita Manuelen Ipuinak Suite Corala-ren estreinaldia. San Pedroko elizan izango da emanaldia, 18:00etan. Ez da nolanahikoa plaza, baina beteko dute, ziur.
45 lagun oholtza gainean
«Ilusio izugarri handiarekin bizitzen ari gara prestaketa guztia —dio Cesek— eta biharkoa egun bereziki hunkigarria izango dela uste dut, ez bakarrik guretzat, lehen lerroan ari garenontzat, jende guztiarentzat baizik. Hori espero dut eta lortuko dugula uste dut».
Elberdinek eman ditu biharko emanaldiaren gaineko xehetasunak. Bi zati izango ditu, eta lehenengoan, bi abesbatzek hiruna kanta abestuko dituzte, «euskarazkoak, herri kantak, gertukoak». Bigarren zatian, berriz, ipuin musikatua estreinatuko dute. Narratzaile bat izango da, Ane Gabarain aktorea, eta hark laburtuko du ipuinaren atal bakoitza. «Ahotsa, berriz, Easo abesbatzaren Araoz Gaztetxoen abesbatzak, eta Lasalle San Luis ikastetxeko abesbatzak jarriko dute, 34 haur arituko dira guztira».
Musika arloan, Iñaki Zudaire saxofonista, David de Oliveira pianista, Aritz Lonbide tronpetista, Iñaki Alberro biolin jotzailea, eta Joxi Etxeberria fagota jotzailea arituko dira, baita Sorginarri Txistu Taldea ere. Musikari gehienak pasaitarrak direla zehaztu dute proiektuaren errudun izan diren Ces, Larrañaga eta Elberdinek, «musikari bikainak ditugu herrian eta ezinbestekoa genuen herriarentzat izan nahi duen proiektu honetan hala izatea, onenetakoak herrian bertan ditugulako».
Hunkituta azaldu da horrekin Larrañaga. Liburuaren ilustratzailea da, baina gainera, Sorginarri Txistu taldeko kidea ere: «Lehen aldia da txistulari taldea Josurekin [Elberdin] arituko dela, baita beste musikari askorekin ere, eta pozgarria da benetan, ohore bat. Orain arte, gainera, bananduta prestatzen ari gara emanaldia eta bihar arte ez gara denak elkartuko eta dena batera egingo entseguan. Une hori berezia izango den zalantzarik ez dut».
Musika, abeslariak eta narratzaileak izango dira, baina ezinbestekoak diren Larrañagaren ilustrazioak ere izango dira biharko emanaldian, «ipuinerako egin nituen marrazkiek lagunduko dute biharkoa».
Atal bakoitzak abesti bat
Ipuin bakoitza ezberdina denez, abestiak ere ezberdinak izango dira atal bakoitzean, baina guztiak amaieran korapilatuko dira bat egiteko, «azken atalerako musika atal guztiak lotu ditugu, eta gorena izango da».
Haurrentzat pentsatuta idatzi eta ilustratu zuten ipuina Cesek eta Larrañagak, «gure haurrek ez zuten ezagutzen aita Manuel, eta guretzako ezinbestekoa bihurtu zen belaunaldiz belaunaldi transmititzea bere figura», eta biharko ipuin musikatua, oinarrian ere, haurrei begira sortu dute. Halere, ez dagoela haiei mugatuta esan du Elberdinek, «helduek ere gozatuko dute, beraiek ere izango dute emanaldi horretan tartea».
Aitortza izango da biharko emanaldia, baina baita Pasaiako ondarea berreskuratzearen aldeko aldarria ere. Ondarea egiten dena baino gehiago zaindu beharko litzatekeela dio Cesek, «dugun bizitza erritmoak, sare sozialek eta globalizazioak oro har, ez diote mesederik egiten ondarearen berreskuratze eta zaintze egokiari. Bizi garen garai hauetan, gure gauzak ahaztu edota alde batera uztera garamatzate aurretik aipatutako faktore horiek, eta hori irauli beharra dago».
Ondarea berreskuratzea
Sinistuta dago Ces esfortzua egin behar dela: «Momentu batez eten, gelditu behar dugu eta gurea dena zaindu eta gorde behar dugu, gure zati delako, gure bizitzaren historia neurri handi batean, gure nortasuna. Oso garrantzitsua da gurean hain garrantzitsu izan ziren pertsonak mantendu eta ezagutaraztea».
Nahikoak agian ez, baina bide horretan, ondarea berreskuratu eta aitortzeko hainbat urrats egiten ari direla uste du, bestalde, Elberdinek, «idaztea tokatzen ari zaidan lan ugari bide horretatik doaz, ondarea da gure balioetako bat eta atera behar dugu. Gauza asko dago argitara ateratzeko, aitortzeko, gogorarazteko, baina uste dut ari garela bide horretan gauzak egiten».
Horren harira, Cesen eta Larrañagaren adibidea jarri du, Aita Manuelen figura berrartu eta txikienen eskura jartzeko ipuina argitaratu zutelako: «Aita Manuel izan zen, eta da, argitara ateratzen ari garelako, aldarrikatzen, aitortzen, eta liburuarekin batera, biharko emanaldiarekin bermatzen ari gara izango dela ere. Aita Manuel ez da geldituko argazki batean, hura ikusi eta ez dute galdetuko ‘Eta zein izan zen ba argazkian azaltzen den hori?’ Gemak eta Idoiak [Ces eta Larrañaga, hurrenez hurren] egin duten esfortzuari esker, ipuinari eta Izpiri esker, Aita Manuel izango da belaunaldi berrien gogoan, baita etorkizunean ere».
Ateak zabalik
Biharko emanaldia estreinaldia izango da, eta aitortu dute ez dutela beste halakorik hitzartu. Halere, ez dituzte ateak itxi, «San Pedron egingo dugu, gure herrian, Aita Manuelen herrian, baina ez dugu aterik ixten». Eskerrak eman dituzte hirurek, Aita Manuelen bigarren proiektua aurrera ateratzeko parte hartzen ari diren guztiei, «parte hartzea proposatu bezain pronto baiezkoa eman digutelako guztiek», baita diru ekarpena egin zutenei ere, «horri esker egitea izan dugulako bigarren proiektu hau».
San Pedroko eliza betetzera deitu dituzte, bestalde, herritarrak zein Aita Manuelen inguruan interesa izan dezaketen guztiak: «Ipuina beste modu batera kontatuko da bertan, musikatuta eta gozatzeko beste modu bat eskainiko du emanaldiak».
Musika ona entzuteko eta emanaldi bikainarekin gozatzeko aukera izango dela nabarmendu du Elberdinek, «kulturaz gozatzeko tarte eta gune egokia izango da». Ipuina aldez aurretik irakurria izatea ez da beharrezkoa izango, «atal bakoitzean laburpena egingo duelako narratzaileak, eta musikak pista ugari emango dituelako».
Kalejira, zortzikoa, habanerak… Musikarekin gozatzeko aukera paregabea da biharko saioa, baina batez ere ondarea berreskuratzekoa, herriaren eta arraunaren historian ezinbesteko izan den Aita Manuel handiari aitortza egitekoa.
Etzi, Aita Manuel Eguna
Biharko emanaldia, Ondartxo Abesbatzak antolatu duen Pasai San Pedroko 33. Musika Abesbatza Astearen barruan dago, etzi egingo duten Aita Manuel Eguna bezala. Laugarrenez egingo dute San Pedroko arraunlarien patroi handiaren omenezko eguna, Zu etxerako Manuel iniziatibak bultzatuta, eta Torreko plazaraino desfilean joango dira herritarrak, Aita Manuelek irabazitako bandera guztiekin.
Patroiaren figura bizirik mantenduko dute, gainera, horretarako eskultura bat sortu dutelako. Sanpedrotarra da eskultura egin duen artista, Zigor Garcia. Hori ikusteko igandera arte itxaron beharko dute sanpedrotarrek: 12:30ean inauguratuko dute, Torrea plazan.