Errenteriako EAJk antolatu du hitzaldia; hilaren 22an izango da, 19:00etan Reina aretoan.
Elixabete Murua eta Garbiñe Oiarbide hitzaldia aurkezteko agerraldian.
Euskaraldiaren bezperatan eta euskara batuaren 50. urteurrenaren harira hitzaldia antolatu du Errenteriako EAJ-k.Miren Azkaratek emango du hitzaldi hori, eta euskara batuaren 50 urteko ibilbidean barrena errepasoa egingo du. Ibilbide horretako protagonista izan da Koldo Mitxelena Elissalt hizkuntzalari, idazle, filologia fakultateko irakasle eta euskaltzain errenteriar handia , eta hori izan dela hitzaldia antolatzeko arrazoietako at esan dute Garbiñe Oiarbidek eta Elixabete Muruak. “Gure herriak euskara batuarekin duen lotura kontuan hartuta, ezin genuen urteurren hau nolabaiteko ospakizunik gabe utzi”.
Hitzaldiaren aurkezpena egiteko aukeratu duten agertokia ez da ausazkoa izan, Koldo Mitxelenaren omenezko eskultura parean aurkeztu dute, “gai honi buruzko hitzaldi batek, ezinbestean du Koldo Mitxelenari omenaldi puntu bat”. Arantzazuko santutegian 1968an Euskaltzaindiako hainbat kide euskara batuari forma ematen hasi zirenetik asko aldatu dela herria, gizartea eta baita euskara eta harekiko harremana nabarmendu dute, “bada gaiaz zer esan”.
Azkarate aski ezaguna da euskararen munduan. Filosofia eta Letretan lizentziatua eta Euskal Filologian egin zuen doktoretza Koldo Mitxelenak eta Ibon Sarasolak zuzenduta. Deustuko unibertsitatean filologia irakasle izan zen, eta geroztik EHUn Euskal Filologia irakaslea da, gaur egun, katedraduna. Kultura sailburu ere izan da Eusko Jaurlaritzan. Euskaltzaindiako kidea ere bada eta euskaltzain izendatu zuten lehen emakumea.
Hitzaldian parte hartzera animatu dituzte herritarrak, baita Euskarlaldian parte hartzera ere.
Hitzaldia hilaren 22an, osteguna, izango da Reina aretoan 19:00etan.