1983ko madalenetako istiluen ondotik banderarik ez jartzea erabaki zuela udalak ekarri dute gogora, "bizikidetzaren alde"
Errenteriako udaletxeak deitoratu egin du epaitegietatik heldutako azken ebazpena.
Hilaren 19an (atzo) heldu da epaitegietatik ebazpena: Udalak zazpi eguneko epea izango du Espainiako banderari beste leku bat emateko, eta alkatearen ardura izango da gainera, epaia betearaztea. 2013ko abenduaren 20an EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiak Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean modu iraunkorrean izatera derrigortu zuen Errenteriako Udala. Epaia beteta, udaletxeko balkoian jarri zuen bandera udala, eta epaitegiak eta Espainiak Estatuaren abokatutzak epaia betetzat eman zuten.
Aurtengo ekaina amaieran, baina, bandera ez zegoela legean ezarritakoaren arabera kokatuta zioen idatzia aurkeztu zuen Espainiako Estatuko Abokatutzak epaitegian. Bost hilabetera heldu da ebazpena, Administrazioarekiko Auzien Donostiako 3. aretotik, eta horren arabera, zazpi eguneko epea izango du udalak beste kokapena emateko Espainiako banderari. Agindua betetzearen ardura, gainera, alkateari ezarri diote. Hilaren 19an, joan den astelehenean, jaso zuen ebazpena udalak.
Ebazpena deitoratu du Errenteriako Udalak. Esan duenez ez da ulergarria duela bost urte onargarria zena, orain ez izatea. Harago jo du eta azaldu du
1983ko zorigaiztoko madalenetan izandako istiluen ostean erabaki zuela udalak banderarik ez jartzea, “herriko identitate eta sentsibilitate guztiak bildu eta guztien bizikidetza lortzeko modurik onena zelako ezein bandera ez jartzea. Deitoratzen dugu, herriko bizitzarekin zerikusirik ez duten instantziek planteatzea gatazka identitarioak, herri honetan adostasunez eman diren erritmo eta pausuen gainetik”.