XX. Ikuskan saritutakoak, Trintxerpeko alkateordetzan, sariak banatzeko ekitaldian.
Larunbatean bukatu zen XX. Ikuska, ohi bezala, sari banaketa eta saritutako film labur guztien proiekzioarekin, Trintxerpeko alkateordetzan.
Aurtengo jaialdian, besteren artean, Pablo Malo zuzendaria nabarmendu da. Bi sari jaso ditu zinegileak, biak
Tarde para el recreo lanarengatik: zuzendari onenaren saria eta ikuslegoaren saria. Aitortza garrantzitsua urteetan Ikuskako epaimahaikidea izan den zine zuzendariarentzat.
Film labur onenaren saria, aldiz,
Matria izenburuko lanarentzat izan da, Alvaro Gago Diazek zuzendutakoa.
Gizon aktore onenaren saria Carlos Restak irabazi du, Romina Tamburellok zuzendutako
Rabia filmean egindako lanarengatik, eta Emakume aktore onenarena, berriz, Emilie Launayrentzat izan da, Arthur Bacryk zuzendutako
Une Place filmean antzeztutako paperarengatik.
Epaimahairen sari berezia, aurten, Jose Luis Santosen
Le Vivre Ensemble lanarentzat izan da, eta aurtengo sari berria, epaimahai gaztearena, Kutxa Kulturrek sustatua, Jose Corralek zuzendutako
Un cuento familiar lanarentzat.
Euskarazko lan onenaren Mintzagun Saria, azkenik, Ruben Rosasen
Atsolorra filmak jaso du.