Oraindik ere zabalik da ariketa sozial horretan izena emateko epea. Gaur aurkeztu dute egitaraua.
Euskaraldiaren talde eragilea
Euskaraldirako prest da Errenteria-Orereta. Euskararen unibertsoan 11 egunez gutxienez murgiltzeko, eta 11 horiek hamaika egiteko gogo biziz, lanean jarraitzen dute herriko eragileek eta udalak elkarlanean. Antolatu duten egitaraua aurkeztu du gaur talde eragileak, eta azaldu duenez ez dute egitarau zabalegia prestatu Euskaraldiaren helburua beste bat delako, “egunerokotasunean gure hizkuntz ohiturak aldatzea, eta hori nabarmendu nahi duguna. Bai pentsatu genuen, ordea, ekintza sorta antolatu behar genuela 11 egun horiei begira”.
Ikastetxeekin lanketa berezia egiten saiatu direla azaldu du Garazi Lopez de Etxezarreta Euskara zinegotziak, “komunitate garrantzitsua iruditzen zitzaigun Euskaraldian parte hartzeko, eta ikastetxeek inplikazio handia izan dute informazioa gurasoenganaino helarazteko eta txapak banatzen”. Deialdi argia egin dute talde eragiletik, Euskaraldiaren ariketa soziala kontzienteki egitea, “herritarrei modu aktibo eta ikusgarrian parte hartzea eskatzen diegu egunerokotasunean hizkuntz ohiturak aldatzen kasu batzuetan, eusten besteetan, txapa jantzi eta modu kontzientean saiatu gaitezen benetan ahobizia izango dena edo belarripresta, mantentzen bere konpromisoa, euskaraz jarduten, edota euskaraz esaten dioten hura ulertzen saiatzen zintzoki”.
Ez da nolanahikoa ariketa, zaila izaten da, eta egunerokoan ikus daiteke errazagoa izaten dela hizkuntza aldatzea, euskarari eustea baino, “hori da esfortzurik handiena, bakoitzari pertsonalean egitea eskatzen zaiona”.
Ostiralean abiatuko da Euskal Herrian Euskaraldia. Errenteria-Oreretan 18:30ean izango da irekiera ofiziala Foru plazan. Hamaikakoa osatu duten kideetako batzuk izango dira bertan, eta ereintzak emanaldia antolatu duela jakinarazi dute talde eragileko ordezkariek, luntxa ere ez omen da faltako biltzen direnek 11 egun horien gainean hitz egiten duten bitartean.
Euskal zinemaz mintzatuko dira hilaren 26an antolatu duten mahai inguruan eta luxuzko gonbidatua izango da bertan, Jose Luis Rebordinos. Zinemaldiko zuzendaria, zinema munduko hizkuntza ohiturez mintzatuko da. Beste hitzaldi bat izango da hilaren 28an, Euskara Batuaren 50. urteurrenaren harira Koldo Mitxelena eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiz mintzatuko da Fito Rodriguez. Euskararekin lotura zuzena duen Oarsoarrak Sarien banaketa Euskaraldiaren barruan egingo dute.
Errementari filmaren emanaldia ere antolatu dute, doan, Niessen aretoan. Sarrerak aurretik eskuratu beharko dituzte Niessen Kulturgunean interesdunek. Hilaren 30ean izango da sari banaketa hori Merkatuzarren, 19:.30ean hasita. Ikastetxeetan hainbat lanketa, musika, herri jolasak ere ez dira faltako 11 egun horietan zehar.
Euskararen Egunarekin, abenduaren 3an, helduko da Mintzodromoa. Aurten aurreko urteetan bezala, Galtzarabordako kiroldegian izango da eta Xenpelar AEK Euskaltegiko zein Errenteriako Udal Euskaltegiko ikasleei begirakoa izango da. Euskararen Egunean amaituko da Euskaraldia, eta itxiera ekitaldia ere antolatu dute, hasitako leku berean, Foru plazan. Mikel Markez, Mikel Albisu, eta Joni Camacho, hamaikakoaren kideek parte hartuko dute amaiera ekitaldi horretan.
Izena ematearen gaineko kopururik ez dute zehaztu agerraldian, “ostiralean jakinaraziko dugu hori irekiera ekitaldian”, baina oso ondo doala esan dute. Errenteria-Oreretan ez dira hutsetik hasi, aurretik, bi alditan antolatu dute AsteBatzuk iniziatiba, eta bi alditan erantzun paregabea eman zuen herriak.
Talde eragilean Euskaraldia prestatzen ari direnei galdetuta, ez dute zalantzarik erabilera da erronka nagusia, hori zabaltzeko bidea ere argi dute, “maitasun handiz ekitea”. Elkarrizketa mistoak lortzea, “normaltasunez” beste erronketako bat litzateke, “euskara ulertzen duen jendearekin euskaraz aritzea eta guk eustea euskarari, ahobizi eta belarriprest iraunkorrak izatea, erabilera zabalduko genukeelako ikaragarri. Hori aktibatzera dator Euskaraldiaren ariketa soziala, hiztun kontzienteak izatea”.
Belarripresten jardueraren garrantzia nabarmendu duenik ez da falta izan: “Ahobiziei, euskaraz bizi nahi dugunei, ahalbidetu egingo digute euskaraz bizitzea. Beren papera izugarri garrantzitsua da, ahobiziek, zaila edo ezinezkoa dugulako beraiek gabe euskaraz bizitzea”.
Izena emateko aukera zabalik da oraindik, eta ostiralean bertan, irekiera ekitaldian txapak banatzen arituko dira. Formazioari dagokionean, bihar izango da azken saioa, 19:30ean Xenpelar etxean. Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunean 10:00etatik 12:30era arte jaso daitezke txapak eta asteazkenean 19:30etik 20:30era arte.
Euskaraldian murgiltzera deitu dute azkenik herria, aktiboki eta kontziente, euskararentzat eta euskaldunentzat arnasguneak sortzera.
Euskaraldiaren egitaraua
- Hilak 23, ostirala: Irekiera ekitaldia Foru plazan 18:00etan.
- Hilak 26, astelehena: Euskal Zinema mahai ingurua Jose Luis Rebordinosekin Reina aretoan 18:30ean.
- Hilak 27, 28 eta 29an: Gure gazteak itzultzaile handiak lanketa ikastetxeetan.
- Hilak 28, asteazkena: Euskara Batuaren urrezko ezteiak: Mitxelena eta Txillardegi hitzaldia Fito Rodriguezen eskutik, 18:30ean Xenpelar Etxean.
- Hilak 29, osteguna: Baga Biga programa Mikel Markez eta Eñaut Elorrietarekin DBH3ko ikasleei begira; Errementari filmaren emanaldi irekia, doan, Niessen Aretoan 19:00etan. (Sarrerak mugatuak direnez, aldez aurretik Nieseen Kulturgunean jaso behar dira).
- Hilak 30, ostirala: Oarsoarrak sariak, 19:00etan Merkatuzarren.
- Abenduak 2, igandea: Bosta ateen bila pista jolasa, 11:00etan. aldez aurretik txartela eskatu behar da Turismo bulegoan; Kantuz Euskaraldian, 12:00etan Herriko plazatik abiatuta, Udal txistulari Banda eta Kantu jira.
- Abenduak 3, astelehena: Mintzodromoa euskaltegientzat; Euskararen Eguna itxiera ekitaldia, 18:00etan Foru plazan, Mikel Markez, Mikel Albisu (Ze Esatek) eta Joni Camachoren (Sonakay) parte hartzearekin.