Kale ekintza antolatu du hilaren 24an GOT Grupo Oarso Taldeak, Mediterraneoa Gogoan.
Kale ekintza antolatu duten eragileak gaurko agerraldian.
Kale ekintza antolatu du hilaren 24an GOT Grupo Oarso Taldeak, Mediterraneoa Gogoan. Helburua galdera zehatza helaraztea instituzioei, “nora begira zaudete?”. Bat egin dute deialdiarekin, SOS Arrazakeria, Harrerako Sare Herritarra Donostia-Irun, OngiEtorri rrefuxiatuak, Zaporeak, Oreretako Mugimendu Feminista, Amnistia Internacional, Intermon Oxfam, Salvamento Marítimo Humanitario eta Banco Obrero Donostiak.
Gaur kale ekintza hori aurkezteko agerraldia egin dute , eta gogora ekarri dute, iaz, Atlantikaldia jaiaren barruan Oiartzun ibaian bustitzea erabaki zutela. Aurten berriz, Herrien astearen barruan txertatu dute beraien aldarrikapena. Euskal Herria, eta bereziki Oarsoaldea eta Bidasoa zeharkatzen duten migratzaileen arazoa nabarmendu nahi dutela azaldu dute Oiartzun ibaian datorren larunbatean egingo duten ekintzaren bidez: “Gure eskualdea muga eremua denez, merkantzia eta pertsonen igaro bidea da. begi bistakoa da azken hilabeteotan pertsona gehiago igarotzen ari direla mugarantz, baina sistematikoki Frantziako poliziak afrikar beltzei kontrol arrazistak ezartzen dizkie itzularaziz. Ondorioz, pertsona horiek Irungo aldean gelditzen dira blokeaturik”.
Egoera horrek migrazio gaietan ardura duten erakundeak arretatsuagoak eta eraginkorragoak izatera bultzatu beharko lituzkeela, baina ez dela horrela erantsi dute, “eta pertsona horietako asko larri eta behar gorrian geratzen dira inongo babesik gabe”. Komunikabide batzuk jokatzen duten papera ere salatu dute larunbateko kale ekintza deitu dutenek. Egoera larritzea egotzi diete: “Immigranteen inbasioa eta uholdearen diskurtsoa eraikitzen dute, alarma eta beldurra elikatuz, antsietate soziala sustatuz migrazio kontrol polizial arrazistak justifika eta aplika daitezen”.
Diskurtso horrek, migranteak ilegalak, mehatxua diren kriminalak, edo salbatu ezin diren biktimak bihurrarazten dituela salatu dute, halaber. harrera sareak direla halako egoerei aurre eiteko tresna gaineratu dute, “Donostia eta Irungo Harrera Sareak ditugu horren adibide, Frantziara bidean diren migratzaile jarioari erantzuna eman diotenak. Hori da bidea, behar larriei erantzuten zaien bitartean, erakundeei zer egin behar duten erakustea”.
Ongi etorri errefuxiatuak! Nora begira zaudete instituzioak? goiburuarekin hilaren 24an egingo dute kale ekintza 17:00etan Panier zubian.