A25ari begira adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak
Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.
Emakumeen kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du errenteriako Udalak. Indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraikitzearekin duen konpromisoa eta betebeharra berretsi du lehenik eta behin, eta indarkeria matxistaren biktimek erreparaziorako duten eskubidea nabarmendu du: “Erreparazio horrek egiarako eskubidea dakar, bizi izandako indarkeriaren, salaketaren eta emakumeen hitzen errelatoa egiazki entzuna izatea. ezinbestekoa da ahotsa ematea emakumeei, autoritatea beren lekukotzari eta egiazkotasuna bizi izandako indarkeriari buruz egiten duten errelatoari”. Erreparazio horren helburua hautsitako eskubideak lehengoratzea eta sufritutako indarkeriaren inpaktua sozialki aitortzea da udalaren esanetan. Emakumeei eragindako biktimizazio bikoitza ere aipatu du adierazpenean. Hala, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen errelatoak zalantzan jartzen direnean, haien hitza gutxiesten dela, zikindu eta isilarazi egiten dela, “biktimizazio bikoitza gertatzen da, jasandako minari, lotsa eta erruduntasuna eransten zaio, eta bitartean, erasotzaileak justifikatu egiten dira”. Gizarteak biktimen egiarako eskubidea bermatuko badu, tokiko erakundeek gizarte hori eraikitzean duten ardura sozial eta politikoa bere egin behar dute udalaren iritziz. Azkenik mugimendu feministak egindako deialdiekin bat egin du udalak, eta bertara deitu ditu herritar guztiak.