Euskaraldiaren harira, adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalbatzak. Ariketa sozialarekin bat egin, eta eredugarri jokatzeko konpromisoa hartu du.

Ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute Euskaraldiarekin
Euskaraldiarekin bat egin du udalbatzak, eta hura sustatzeko konpromisoa hartzearekin batera, erantzukizunez eta eredugarri jokatuko duela azaldu du. Hori guztia azaltzeko adierazpen instituzionala egin du. Orain arte egindako ahaleginak ez zaizkiola nahikoa iruditzen euskara eta gazteleraren egoera parekatzeko, eta hizkuntza berdintasuna bultzatzeko indar gehiago jarri behar dela sinistuta azaldu dira, “zehazki euskararen erabilera lehenetsiz.
7.000 hizkuntza inguru dira munduan, eta munduko biztanleen %97k hizkuntzen %4 hitz egiten dute ama hizkuntza gisa. Gainerako biztanleen %3k hitz egiten du hizkuntzen %96a. Hizkuntza gutxi batzuk direla nagusi munduan erakusten du horrek.
Gipuzkoan 100 hizkuntzatik gora hitz egiten dira, bizikidetza osasuntsu baterako ezinbestekoa dela lehen urratsa euskara eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza orekatua lortzea den zalantzarik ez du udalbatzak. Horri begira, ezinbestekotzat jo du norbanakoen, gizartearen eta administrazioen arteko ahaleginak uztartu eta elkar elikatzen jarraitzea, “premiazkotzat jotzen dugu hizkuntza gutxituen aldeko hizkuntza-arau sozial berriei ere lekua egitea”.
Euskararen normalizazio prozesuak azken hamarkadetan “ibilbide oparoa” izan duela nabarmenduta, prozesu horrek “argi-itzalak” izan dituela erantsi du udalbatzak egin duen adierazpenean, “bada pozik egoteko arrazoirik, baita kezkatzeko daturik ere”. Izan ere nabarmen egin du gora ezagutzak, baina ez neurri berean euskararen erabilerak: “Euskararen normalizazio prozesua inflexio puntuan dago, fase baten amaieran eta beste baten atarian. Aro berri horretan, argi dago, erabileran jarri behar dela indarra”. Horren harira, erakunde publikoa den neurrian, udalak, eta hura kudeatzen duten arduradun politikoek dagokien erantzukizuna bere gain hartu eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa azaldu dute, “erabileran urrats berriak egin ditzagun”.