"Monzonek azkeneko arnasa eman arte jarraitu zuen borrokan"
Antxoko liburutegian aurkeztuko du Pako Sudupek Telesforo Monzonen gainean ondu duen biografia; Pasaiako Udaleko Euskara Saileko kide, euskal kultura ikertzen nabarmendu da
Antxoko liburutegian aurkeztuko du Pako Sudupek Telesforo Monzonen gainean ondu duen biografia; Pasaiako Udaleko Euskara Saileko kide, euskal kultura ikertzen nabarmendu da euskal ikasketetan doktorea.
Zergatik hautatu duzu Telesforo Monzon biografia idazteko orduan?
Txillardegirena egin nuenean [Txillardegiren borroka abertzalea saiakera liburua 2016an argitaratu zuen] askotan agertzen zen Monzon. Monzon hil zenean artikulu pare bat idatzi zituen Txillardegik, eta esaten zuen Telesforo zela berak ezagutu zuen jendearen artean hizlari onenetako bat, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, eta bai frantsesez. Baina Txillardegiren arabera, horrek baino gehiago bere abertzaletasunak hunkitzen zuen jendea. Artikulu horiek irakurtzean pentsatu nuen Txillardegirena bukatuta Monzonenari heldu behar niola.
Horrez gain, ikusi nuen gauza gutxi zeudela argitaratuta Monzoni buruz. Koldo Izagirrek sekulako bilduma egin zuen 1980ko hamarkadan bere artikuluak biltzen, baina ez zegoen biografia bat. Beraz, bi arrazoi horiengatik: batetik, biografiarik ez zegoelako, eta bestetik Txillardegik asko famatzen zuelako.
Biografia idatzita, zuri, zer da Monzonengan gehien erakarri zaituena?
Bera jauntxo bat da, euskal aristokrata bat, eta hain posizio sozial altukoa izanik, EAJra lehendabizi eta gero EAJtik Herri Batasunera nola egin zuen jakiteak jakin-mina piztu zidan. Telesforo Monzon aristokrata bezala, Telesforo Monzon EAJko mitinlari eta kontseilari, eta ondoren Herri Batasuneko kide.
Baina behin lanean hasita gehienbat eragin didana da ikustea nola egon zen bere bizitza osoan konprometituta. 26 urte zituela abertzaletu zen, soldadutza egin eta berehalaxe, eta EAJra bildu. 50 urte egin zituen abertzaletasun borroka horretan. Berak zituen ondasunekin askoz ere hobeto bizi zitekeen gutxiago emanda borroka politikoari. EAJn ibili zen, gero erbestera jo behar izan zuen, Mexikon egon zen, eta Mexikotik bueltan Donibane Lohizunen jarri zen bizitzen, 1946-1947. urteen inguruan. Franco hil zenean 71 urte zituen, eta politika utz zezakeen lasai asko, baina Telesforo Monzonek azkeneko arnasa eman arte jarraitu zuen borrokan eta hori miresgarria da.
Langileriaren alde lerrokatutako zaldun bat izan zen Monzon, nolabait. Bilakaera horretan, zeintzuk izan ziren mugarriak?
Familiatik zetorkion karlismo, integrismo espainolistatik EAJra nola pasatu zen aztertzean, kontuan izan behar da, EAJ garai hartan basatiagoa zela, gogorragoa, eta gaur egun baino arriskutsuagoa zela EAJkoa izatea. Telesforo Monzon 1936ko gerraren aurretik kartzelan egon zen, denbora gutxi, baina bere amak testamentua ere aldatu zuen abokatuak hala gomendatuta.
Monzonek berak oso modu idealistan kontatzen du nola abertzaletu zen, eta liburu bat ere aipatzen du, Engracio Aranzadiren Nación Vasca. Ez da ahaztu behar bera abertzaletu zenean Primo de Riveraren diktadura indarrean zegoela, eta horrek euskara debekatzen zuela. Faktore horiek guztiek eragina izan zuten.
«Berak zituen ondasunekin askoz ere hobeto bizi zitekeen»ondasunekin askoz ere hobeto bizi zitekeen» «Berarentzat funtsezkoak ziren zazpi lurraldeak eta euskara» «Jose Antonio Agirre eta Manuel Irujorekin fenomeno konpontzen zen»Gainera, Jose Antonio Agirre eta Manuel Irujorekin fenomeno konpontzen zen, eta haiekin 250 bat hitzaldi egin zituen Espainiako II. Errepublikaren garaian. Diputatu izan zen 1933. urtetik aurrera, eta diputatu zelako, Madrilen etxe berean bizi zen Jose Antonio Agirre eta Manuel Irujorekin, eta harreman horiek erabakigarriak izan ziren. Jose Antonio Agirre Monzonentzat klabe inportante bat izan zen, bai hitzaldietan, bai gero Eusko Jaurlaritzan berak Gobernazio sailburu izendatu zuenean lehendabizi, eta ondoren Kultura sailburu. Hala ere, hori hala izanik ere, 1953an dimisioa eman zuen Monzonek, Jose Antonio Agirre hil baino lehen. Dimisioa zergatik eman zuen? Bi gauza aipatzen ditu: bat da Jaurlaritzak ez zuela nahikoa egiten euskara eta euskal kultura bultzatzeko. Kontuan hartu behar da bera Donibane Lohizunen zegoela eta han antzerkia egiten zuela, herriz herri ibiltzen zela pastoralak ikusten eta artikuluak idazten. Euskal kultura lantzen ari zen eta uste zuen Jaurlaritzak ez zuela nahikoa egiten euskara eta euskal kultura bultzatzeko. Hori bat. Eta bi, momentuan erabakigarriagoa izan zena, Jaurlaritza sozialisten errepublikako legalitateari lotuegi zegoela uste zuen. Hori izan zen garai hartan faktore politiko erabakigarria, baina bestea ere aipatzen du berak: Jaurlaritzak euskara eta euskal kultura ez zituela aski bultzatzen. Herri Batasunera jauzia zerk bultzatuta egin zuen? Monzonentzat oso garrantzitsua izan zen Txillardegi eta hasierako ETAko jendea ezagutzea, iheslariak, errefuxiatuekin elkartzea…. 1936ko gerrako gudariak eta ondorengo gudariak alderatzen zituen, eta EAJk azkenei ere leku egin behar ziela uste zuen, EAJk eguneratu behar zuela eta ezin zuela aberatsen alderdi bat izan. Bilakaera hori 1970eko hamarkadan izaten du batez ere, eta hor Monzonenzat funtsezkoa da iheslari berriak etortzea eta horiekin bat egitea. Euskara eta euskal kultura ardatz izan zituen Monzonek bere ibileran. Euskara, berriz, Madrilen ikasi zuen. Nolatan? Aitak, txikitan, etxean euskaraz egiten ziela esaten du, baina 9 urte zituela hil zitzaion aita eta amak ez zekien euskaraz, Sevillakoa zelako. Etxean sei senide ziren eta txikitan euskaraz egiten zutela esaten du, baina oso egoera, esan dezagun, diglosikoan. Gurasoek erdaraz egiten zuten beren mailako jendearekin eta aitak euskaraz bakarrik morroi eta neskameekin. Egoera diglosiko hori salatuz plazara atera zen Monzon.
«Euskara batuaren aita Txillardegi izan zen, eta Monzon ere hor zegoen berarekin» «EAJk eguneratu behar zuela uste zuen, ezin zuela aberatsen alderdi bat izan» «Madrilen ikasten ari zela, abertzaletzea eta euskaltzaletzea bat izan ziren» «Anai Artea sortu zuen Piarres Lartzabalekin iheslariei laguntzeko»Madrilen ikasten ari zela, abertzaletzea eta euskaltzaletzea bat izan ziren. Berak esaten zuen, ‘nik euskara ahaztuta dut, nire euskara oso kaskarra da eta ikasi egin behar dut’. Madrilen hasi zen ikasten, irakasle batekin, eta gero, Tolosara etorri zen, Urkizu auzora, Ixaka Lopez Mendizabalek topatutako baserri batera, eta han denbora bat eman zuen eta Lizardi, Lauaxeta, Orixe, eta Labaien ezagutu zituen. Telesforo Monzonentzat euskara ez zen aparteko gauza bat. Berarentzat funtsezkoak ziren zazpi lurraldeak eta euskara. Euskara batua Arantzazun finkatu zen, baina lehenago, Baionan zortzi euskaltzalek eta politikarik bilerak egin zituzten zortzi hilabetez ortografia batzeko, deklinabidea zehazteko… erabakiak hartzeko: Txillardegi eta Eneko Irigarai ETAtik; Solau eta Monzon EAJtik; Enbatatik Jean-Louis Davant eta beste hiru apaiz euskaltzale, Jean Hiriart-Urruti, Pierre Andiazabal eta Roger Idiart. Davantek esaten zuen denen buru Txillardegi zela, baina Monzon ere ibili zen aurre lan horietan. Gero Koldo Mitxelenak egindako lan hori osatu eta prestigioa eman zion, baina euskara batuaren aita Txillardegi izan zen, eta Monzon ere hor zegoen, berarekin batera. Idazle ere izan zen Monzon. Bai, artikulu oso politak dauzka eta antzerki gidoiak ere baditu, famatuena, Azparneko anderea, arrakasta gehien izan zuena. Abesti ezagun askoren letrak ere idatzi zituen: Nik euskarari bai ta bai, Itziarren semea… Batez ere Pantxoak eta Peiok kantatu zituzten bere letrak. Gernikan bonbardaketa izan zenean Monzon han zen eta usoa sugarretan ikusi zuela zioen, eta hortik zetorrela kantako uso zuria-uso gorria… Gernikan ikusi izandako flash hari hitzak jarrita. Kristaua zen Monzon baina ez klerikala. Etxean kapilauek hazi zuten eta familian oso giro integrista-erlijiosoa bizi izan zuen. Bera sinestuna zen eta ia egunero egoten zen Piarres Larzabalekin. ETAren garaian ere, bozeramaile zela, ETAk Beihl kontsul alemana bahitu zuenean Burgosko prozesuaren testuinguruan, Piarres Larzabalek eta berak Espiritu Santuari aholkua eskatzen ziotela kontatzen du. Anai Artea elkartea sortu zuen Piarres Lartzabalekin, iheslariei laguntzeko. Monzon oso sinestun izan zen, elizara joaten zen eta jauna hartzen zuen. Fededuna izan zen, baina ez inoiz apaiz zale porrokatua. Monzonen mitinak historiara pasatu dira. Zergatik? Beste garai batzuk ziren, eta ahozkoari garrantzi gehiago ematen zitzaion gaur egun baino. Hitzaldietan, Telesforo Monzonek euskal aberria aipatzen zuen, eta esaten zuen gu ez garela espainolak, eta helburua Euskadi askatzea zela. Oso argi zuen hasieratik. II. Mundu Gerraren ondoren Franco botatzeko bestelako planteamenduek porrot egin zutenean —Monzon saiakera horietan dezente ibili zen—eta EAJk amore eman zuenean, Monzonek argi zuen euskaldunek ezin zutela espainolekin fidatu. Madrilen ezin zela ezer egin oso argi zuen, eta hara herri bezala joatearen aldekoa zen: bakea autodeterminazio eskubidearen truke. Horrez gain, sinboloak sortzeko aparteko gaitasuna zuen. Monzonek ez zuen Euskal Herria ulertzen Nafarroa gabe, eta Arrano Beltzaren sinboloa erabili zuen, independentzia adierazten zuelako, eta nafar estatuaz hitz egiten zuelako. Ezaguna da ere pitxar hautsiaren sinboloa. ‘Nafarroa kendu nahi digute, eta Nafarroa kenduta gu ez gara ezer, beraz, hori ezin dugu onartu’, zioen Monzonek. Esan zuen ere euskaldunok ?kardantxiloak bezala kantatu behar dugula, eta ez kanarioak bezala. Sinboloak sortzeko gaitasun hori lotuko zenuke Monzonek mitinlari bezala izan zuen ospearekin? Bai, Monzonek esaten du gerra galdu eta erbestera joan beharrik izan ez balu, bera ez zela inoiz poeta izango, baina egoerak poeta izatera behartu zuen eta poesia horren barruan mitoak sartzen dira ere: ‘Arrano Beltza, zurea duzu Iruñea, baina baita Gernika eta Garazi ere…’. Zazpi lurraldeen batasuna beharrezkoa zela uste zuen, eta gure hizkuntza euskara dela, horiek ardatzak: gure lurralde sakratua, zazpi lurraldeak, eta gure hizkuntza, euskara. Liburu fitxa
Izenburua. Telesforo Monzon aristokrata abertzalea EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala.
Argitaletxea.Txertoa; Begira Bilduma. ISBN: 978-84-7148-595-3
Azala. Irune Izquierdo.
Azaleko argazkia. Olaso Dorrea Fundazioa.
Inprimatzailea. Leitzaran grafikak.
Liburu aurkezpena
- Noiz.Abenduaren 4an
- Non. Pasai Antxoko liburutegian.
- Ordua. 19:00etan.
