Herritarrek Errenteria-Orereta zirkua izango dela erabaki dute. Zirkua erraldoia izan dadin herritar guztiak deitu dituzte gaiarekin lotura duen mozorroa aukeratzera.

Zirkua izango da Errenteria-Orereta
Malabaristak, ilusionistak, trapezistak, pailazoak, orekariak… bihurtuko dira inauterietan errenteriarrak. Hori da behintzat, inauterietako jai batzordeak desio duena, herritarrek datozen inauterietan herria zirku erraldoi bihurtu nahi dutela erabakita. Azken urteetan bezala, aurten ere, parte hartze prozesua zabaldu dute inauterietako gaia aukeratzeko eta aukeran ziren ei gaien artean, zirkuak jaso du babes gehien.
Atzo eman zuen horren berri inauterietako jai batzordeak, eta horrenbestez, 2019ko inauterietan Errenteria-Orereta zirku erraldoia bilakatzera deitu dituzte norbanako, eragile, saltoki, eta ostatuak. Parte hartzearekin pozik azaldu dira, herritar ugarik bozkatu dutelako. Baina aurten arazoak ere izan dituztela webgune bidezko bozketarekin jakinarazi zuten atzoko agerraldian, izan ere, eraso egin zuten internet bidez dispositibo bakoitzetik boto bakarra emateko jarritako sistema, eta horrenbestez, internet bidez jasotako bozkak baliogabetzea erabaki zuten: “Sistemari eraso egin eta dispositibo batzuetatik hainbat eta hainbat boto jaso ditugula ohartu ginen, eta horiek kontuan ez hartzea erabaki dugu. Hala ere, eskerrak eman nahi dizkiegu, Herri Bizia webgunea erabilita, modu egokian botoa eman duten herritar guztiei”.
Batzordea egitarau zabala eta anitza prestatzeko lanean ari dela jakinarazi zuen agerraldia amaitzeko: “Inauteriak festa handi bihurtu nahi ditugu eta horregatik, aurten ere, gogor ari gara lanean”.