Herriko bost denda eta bertako dendariei aitortza berezia egin die Ainhoa Redondo ilustratzaile oreretarrak. Denda bakoitzaren esentzia erakusleihora atera du, marrazki ikusgarrien bitartez.
Ainhoa Redondo.
Errenteria-Oreretako alde zaharreko dendetatik pasatzen diren bizilagunek erakusketa oso berezi batekin egingo dute topo datozen egunotan. Herriko denda txikiak eta bertako dendariak zutoin gisa hartu, eta artelan oso bereziak sortu ditu Ainhoa Redondo ilustratzaile errenteriarrak. Barrutik kanporako irriak du izena egitasmoak, «saltzaileen eta bezeroen arteko konplizitatea» islatzen duen koadro sorta berezia.
Herriko dendariei aitortza egin nahi izan die margolariak. «Herriko merkataritza eta zehatzago saltoki eta denda txikietan dauden dendariak azalaraztea da helburua, aspaldiko saltzaile-bezero harreman hori indartzea», azaldu du. Eta horretarako, artea baliatu du Redondok.
Ipuin edota liburu batetik ateratako marrazki ederrekin dendariak eta negozioa bera kanpora begira jarri ditu. Laburbilduz, merkatarien eta negozioen gaineko marrazki ederrak egin ditu, eta guztiak, denda horien erakusleihoetan zintzilikatu dituzte. Proiektua bideratu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Olatuak egitasmoko diru laguntza jaso du sortzaile oreretarrak.
Boni.
Marrazki bidez betikotu dituen dendak aukeratzeko, ondorengo hiru premisa hauetakoren bat betetzea eskatu die proiektuan parte hartu duten merkatariei: herriko alde zaharrean edo gune esanguratsuetan kokatutako dendak izatea; belaunaldiz belaunaldi pasatako negozioa izatea, edota saltokiko produktuak artisau erakoak edo bitxiak izatea. Eta garrantzitsuena, sortzailearen ahotan: «Abentura berri eta zoragarri honetan murgiltzeko adorea eta gogoa izatea».
Mirentxu liburudenda, Zituene pasta kooperatiba, Bitxi Kolore denda, Boni zapata denda eta De Paula gozotegia. Horiek izan dira artelanen onuradunak eta era berean erakusketaren agertoki nagusiak. «Proiektuaren esentzia mantentzeko denda bakan batzuk aukeratu ditut», azaldu du Redondok. Behin dendak aukeratuta, sorkuntzari hegalak eman dizkio Torrekuako hirugarren solairuan duen bulegotxoan.
Mirentxu liburudenda.
Marrazkiekin hasteko, lehenik, dendariekin argazki saioak egin dituela kontatu du, dendari eta ilustratzailearen arteko harreman hori estutzeko. «Nik proposatutako gaiarekin eta gorputz jarrerekin egin genituen argazkiak. Oso ondo pasa genuen», onartu du. Irudi horiek aintzat hartuz, bere mundura eraman ditu. Eskuz marraztu eta margotutako erretratuak dira guztiak. Marrazkiak egiteko, olio, gouache, akuarela eta bestelako teknikez baliatu da. Prozesu guztia eskuz egindakoa izan arren, amaierako lana formatu digitalera pasatu duela azaldu du, dendetan jartzeko lona, argazki edota bestelakoetan inprimatu baititu.
Zituene.
Egunerokotasunean herritarrek egiten dituzten erosketetan sortutako harreman horiei balio handia ematen die ilustratzaileak, eta bertan erosteko joerari bultzada emateko ere baliatu nahi izan du egitasmoa. «Herri bateko bizitzaren zati diren harremanak landu ditut, herriaren eta egunerokoaren zati garrantzitsu baitira dendariak», azaldu du. Keinu polita egin die egunerokoaren zati diren bizilagunei.
Esperientzia «oso polita»
Dagoeneko ikus daitekeen emaitza horretara iristeko, hilabete mordoa aritu da pintzelari gogoz eragiten oreretarra. Irudi bakoitza sortzeko, ordu eta lan asko inbertitu ditu Redondok. «Denbora asko kentzen du horrelako lan batek; irudi bakar bat egiteko gutxi gorabehera 30-35 ordu inguru eman ditut». Prozesua luzea izan da, hori argi dago. Argazkiak atera, dendariak eta euren jarduna ondo ezagutu, formatua aukeratu, marrazkia egin… Halere, lanak bere fruitua eman duela onartu du: «Esperientzia oso interesgarri eta polita izan da, asko gustatu zait, asko disfrutatu dut». Gainera, dendarien erantzun eta prestutasunarekin oso pozik azaldu da: «Denda guztien jarrera oso egokia izan da; asko gustatu zaie emaitza», adierazi du.
Bitxi kolore.
Bost marrazkiekin gustura eta pozik geratu den arren, gehiago egiteko gogoz geratu dela aitortu du. «Pena ematen dit, egia esan, gehiago egitea nuen buruan». Hala ere, etorkizunean berriz ere egitasmoarekin jarraitzeko prest azaldu da.
Ibilbide luzekoa
Aspaldi eman zuen ilustrazioaren munduan lehen pausoa Redondok. Arte Ederretan lizentziatutakoa da, eta hasieratik, album ilustratuak egitea izan da bere bokazioa. Hala eta guztiz ere, azken urteetan ilustrazioaren adar ugari ukitu dituela kontatu du.
De Paula.
Testu liburu ugari ilustratu, jai edota bestelako ospakizunen dozenaka kartel egin, ehunka erretratu pertsonal marraztu… Denetarik egin du. Baina, guztietatik, argi du zer duen gustukoen: «Haurren ilustrazioak egitea da bereziki maite dudana». Eta hortik doa bere azken proiektua. Antton Kazabonek idatzitako Benito Lertxundiren gaineko biografia ilustratzea du esku artean, haurrei bideratutako liburu baterako. Horrez gain, beste dozenaka proiektu interesgarri buruan dituela kontatu du.
Redondoren lanak ikusi edota informazio gehiago jasotzeko, www.ainhoaredondo.eus webgunea bisita daiteke.