Lan baldintza duinak eskatzen ari dira erresidentzietako langileak.

Adinekoen egoitzetako langileen elkarretaratzea Olibeteko eguneko zentroan. Argazkia: ELA sindikatua
Greban dira adinekoen zentroetako langileak. ELA sindikatuak deituta atzotik ostiralera arte izango dira greban eta gaur Errenteria-Oreretako Olibet eguneko zentroaren aurrean elkarretaratu dira lan baldintza duinak eskatzeko.
Langileen aldarrikapen nagusiak honakoak dira: hobekuntza ekonomikoak eta horien barruan soldata igoera eta plusen igoerak; 20 minutuko atsedenaldi ordainduak; lanaldien normalizazioa; ratioen hobekuntza zerbitzuen kalitatea bera bermatuz, norberaren zereginetarako egunak; gaixo egoteagatik penalizaziorik ez jasotzea; edota 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak, hobekuntza sozialak, besteak beste.
Bihar, Irungo Colon pasealekuan izango da elkarretaratzea eta, ostegunean, berriz, Errenteria-Oreretako Sanmarkosene egoitza aurrean. Ostiralean egingo dute azken elkarretaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Elkarretaratze guztiak 11:30ean izango dira.