Enplegua, ongizatea, kultura eta kirola sustatzearekin batera, irisgarritasuna lehenetsi duela aurrekontuan azaldu du gobernu taldeak.
Gaurko plenoan aztertuko dute aurrekontu proposamena.
Osoko bilkura egingo du gaur udalbatzak. Gai ordenean, gobernu taldeak aurkeztutako aurrekontu proposamena izango da gai garrantzitsuenetako bat. Enplegua, ongizatea, kultura eta kirolaren sustapenarekin batera, irisgarritasuna lehenetsi duela aurrekontu proposamen horretan zehaztu du gobernu taldeak. Horren harira, oinezkoentzako bidea eraikitzea proposatu dute proiektu nagusi modura. Villa bat eta gaur egun eraikitzen ari diren igogailuaren pasabidearen artean zigzagean sortuko dena. Pasabide horrekin, Lezoren erdigunea eta Altamira auzoko kiroldegia lotuko dituzte.
8.700.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du gobernu taldeak, eta inbertsioetarako 691.000 euro aurreikusi ditu. Iaz baino 300.000 euro gehiago ditu 2019ko aurrekontu proposamenak, eta inbertsioetarako aurtengoan baino 63.700 euro gehiago aurreikusi dituzte: “Eraginkortasunez eta era iraunkorrean kudeatzea eta inbertitzea da helburu nagusienetakoa, herritarrek jasan beharreko presio fiskala baretzea, eta horien bizi kalitatea hobetzea.
Enplegu planei diru zatia bideratu dio proposamenean gobernu taldeak, eta kultura sustatzearekin batera herritarren artean ohitura osasungarriak ere bultzatu nahi dituela erantsi du, “bereziki, herritarren zahartze aktiboari begira. Kultura eta kirol sailek partida handiagoa izango dute gure proposamenean”
Kirolera bideratutako diru zatia 100.000 euroko gehigarria izango du, Altzate igerilekuan ur jolasak eraikitzeko, skate parkea hobetzeko, kalean kirola sustatzeko eta kirol ekipamenduak berritzeko.
Azkenik, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzei bideratutako diru zati guztiak mantenduko direla azaldu du, adibidez, Bidez Bide garraio zerbitzua, Altamira auzoan edo Lezoko landa eremuan bizi diren pertsonak, adinekoak edo mugikortasun mugatua dutenak herri erdigunera gerturatzeko. Mantenu lanak ere aurreikusi dituzte aurrekontu proposamenean.