Sarituak eta udaletako ordezkariak, atzoko galaren bukaeran.
Atzo arratsean eman zituzten Oarsoarrak Euskararen Sariak. Lurdes Sistiaga irakasle izandako eta euskaltzale sanjuandarrak jaso zuen sari nagusia, aurretik eta egun euskararen alde, hainbat alorretan, egindako lanagatik. Aipamen berezia jaso zuten aldi berean Oiartzungo Intxixu Trail eta Lezoko Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketek, kirolaren eremuan euskara normaltasunez erabiltzen dutelako, lasterketen hizkuntza era naturalean euskara delako.
Euskararen Eguna hurbil, eta Euskaraldiaren zortzigarren eguna izaki, euskararen erabileraren aldeko mezua zabaldu zuten bertan izan zirenek. Nahikari Otermin Pasaiako Euskara zinegotzi eta aldi berean Oarsoaldeko Garapen Agentziaren lehendakariak nabarmendu zuen egunez egun eragin behar dela euskararen erabileran, eta saria jasotakoak horren eredu direla azaldu zuen. Errenteriako Udaleko Euskara zinegotzi Garazi Lopez de Etxezarretak bere aldetik, euskararen ezagutzak aurrera urratsak egin, baina horrek erabileran ez duela nahi adina indargunerik sortu azaldu zuen. Aldi berean, euskara batuaren 50. urteurrena bete delako, Koldo Mitxelenari aipu berezia egin zion.
Naroa Iturri eta Joxe Juan Ugalde kazetariek gidatu zuten gala. Eta Lurdes Sistiagak, iazko Euskararen Sariaren jabe Mikel Ugalde errenteriarraren eskutik jaso zuen merezitako aitortza. Sistiagak, hizketaldi hunkigarrian, aitortu zuen hark egindakoa, ondoan izan dituenen laguntzarik gabe ezinezkoa izango zela egitea. Eta harro azaldu zen bai Pasaia-Lezo Lizeoan, eta bere herrian, Donibanen, egindakoarekin, azken batean haren lana euskaraz bizitzea eta hizkuntzaren balioa transmititzea izan baita, eta euskaraz bizitzeko aukera zabaldu nahi izan diela bere seme-alaba nahiz bilobei. “Erne. Euskaraldia ez da bukatu. Eta ez da abenduaren 3an bukatuko. Jarraitu behar da euskaraz hitz egiten. Sari hau niri eman didate, baina zuena da”, esan zuen Sistiagak. Eskerrak eman zituen sariaz gozatzeko aukera izateagatik, bere izateko eta egiteko estiloarekin: goxo eta bero.
Bi mendiko lasterketetako kideek ere hizketaldia egin zuten, nahiz eta aitortu ez zutela deus prestatua, ez zuten espero hitz egiteko aukera izango zutenik. Dena dela, mikrofono aurrean ondo moldatzen direla azaldu zuten, eta esan zuten eurentzat normala, naturala dela euskaraz lan egitea, euren kirol probak euskaraz antolatu eta garatzea.
Sari emate eta hizketaldiez gain, ikuskizunak izan ziren. Sanjuandar ukitua eman zioten ekitaldiari Donibaneko kantu jirako kideek nahiz Andoni Oilokiegi abeslariak. Aritz Salamanca eta Udane Eskudero dantzariek, Itxiar Etxegia biolin jotzailearen aginduetara dantza emanaldia egin zuten.
Jarraian, ekitaldiaren bideoa eta argazki bilduma.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.