50 bizikleta oparituko ditu Errenkoaldek herriko saltokietan erosten dutenen artean. Kanpaina martxan da.
Errenkoalderen Gabonetako kanpaina aurkeztu dute Eñaut Graciak, Maika Martinek, Imanol Iparragirrek eta Orhi Aizpuruak.
Saltoki handiek eta erosketak egiteko zabaldu diren bestelako aukerek tokiko komertzioa kaltetu dute. Ez da berria ere, erosleak herrian bertan gelditzeko, bertako saltokietan erosketak egin ditzaten Errenkoalde Errenteria-Oreretako
merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak urtero abiatzen dituen kanpainak. Helburua bizirautea, batetik; baita erosleak saritzea ere, eta herria bizi mantentzea.
Helburu horiekin abiatu berri dute Gabonetako kanpaina. Gaur eguerdian aurkeztu dute Imanol Iparragirre Errenkoalderen lehendakariak, eta Maika Martin eta Orhi Aizpurua elkartearen batzarreko kideak. 50 sari potolorekin dator kanpaina berria, izan ere, 50 bizikleta tolesgarri oparituko dituzte herriko saltokiek. Saria banatu nahi zutela, eta sari hori gainera, mugikortasun iraunkorrarekin lotu azaldu du Aizpuruak: “Bezero asko etortzen zaizkigu aparkaleku faltagatik kexaka nahiz eta Errenkoaldeko dendetan Merkatuzar eta Niessengo aparkalekutan autoa uzteko txartelak ditugun bezeroei eskaintzeko”.
Errenteria erosketak bizikletaz egiteko herri nahikoa erosoa iruditzen zaiela gaineratu du, “auzo aldapatsuak badira, baina badakigu maldak ekiditeko baliabideak badaudela. Bestalde, leku gutxi izaten dugu gehienok etxean bizikleta jasotzeko, eta horregatik bizikleta tolesgarria oparitzea erabaki genuen”.
Saria jasotzeko argi dago zein den bidea: herriko saltokietan erostea, bertako komertzioaren aldeko hautua egitea. 105 saltokik hartuko dute parte ostiraletik martxan den kanpainan. Horietako hamarretan 30 eurotik gorako erosketa egin beharko dute, eta erosketa egiteko unean kanpainan ateratako liburuxkan zigilua jarri beharko du dendariak, eta erosketa tiketa. 10 tiket eta 10 zigilu lortutakoan liburuxka Errenkoalderen bulegoan entregatu beharko da. Liburxka behin osatuta ahalik eta azkarren entregatzea komeni dela zehaztu du Aizpuruak, “izan ere, lehenengo 49 pertsonek zoketarik gabe jasoko dute bizikleta”. 50. bizikleta berriz, liburuxka aurkeztuko duten gainontzekoen artean zozkatuko dute 2019ko urtarrilaren 2an eguerdian.
Liburuxka pertsona bakarrak bete edota partekatzeko aukera izango du, hau da, anai-arrebek, ahizpek, guraso eta seme-alabek partekatzea dute liburuxka hori.
Bizikleta guztiak datorren urteko urtarrilaren 4an banatuko ditu Errenkoaldek, baina aurretik haiek ikusteko aukera izango dute herritarrek Aizpuruak azaldu duenez: “hilaren 15ean kalean barrena buelta txiki bat emango dugu Errenkoaldeko hainbat merkatarik, udal ordezkariak, eta herriko hainbat pertsona esanguratsuk bizikleta horiekin”. Herritarrentzat aurkezpena egingo dute gainera hilaren 17an.
Errenkoaldek gabon jai zoriontsuak opa dizkie herritar guztiei, bide batez.
Eñaut Gracia Informazioaren Gizarte eta Herritarren Parte Hartzeko zinegotziak kanpainarekin bat egin duela udalak azaldu du. Horretarako arrazoiak ere eman ditu Graciak, “komertzio lokalak herri bizi batean jokatzen duen paperaz kontziente da udala, gure bizilagunak, gure familia, gure lagunak dira eta herri kohesionatu bat bultzatzen dute. Bizikleta aukeratu dute gainera, Errenterian barrena mugitzeko beste modu bat, eta hori ere garrantzitsua da udalarentzat, azken urteetan gure herrian joan da saretzen beste mugikortasun modu bat”.
Agerraldia euskara hutsean egin dute, Euskararen Egunarekin bat eginda.