Hilaren 28an izango da, 20:30ean.
Iazko irabazleak, podiumean, Ibaiondo pilotalekuan.
Pasai Antxoko Gabonetako Krosaren bederatzigarren edizioa hilaren 28an (ostirala) egingo da. Azken urteetan bezala, gauez izango da, 20:30ean hasita, Gure Zumarditik abiatuta. Helmuga ere bertan izango da.
Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeak antolatu du krosa, Antxoko Jai Batzordearen, Pasaiako Udalaren, eta Antxoko hainbat norbanakoren laguntzarekin. Horiez gain, hainbat babesle eta laguntzaile ditu krosak, Antxoko komertzio, denda eta tabernak gehienak. Antolakuntzak haiei eskerrak eman dizkie krosa egiten laguntzeagatik.
Aldez aurretik edo bertan
Izena emateko epea zabalik dago,
Kirolprobak atariaren bitartez. Aldez aurretik izena webgune horretatik ematen dutenek, 10 euro (txip horia dutenek) edo 12 euro (txip zuria alokatu behar dutenek) ordaindu beharko dituzte. Egunean bertan, dortsalak gelditzen badira, izena emateko aukera dago, Ibaiondo pilotalekuan (17:30etik 19:00etara). Kasu honetan, txip horia dutenek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta ez dutenek, 14. Dortsala aurrez hartua dutenek, hilaren 28an, lasterketaren egunean, jaso behar dute dortsala Ibaiondo pilotalekuan ere (18:30-20:00).
Korrikalariek, trukean, opariak, zozketak, indarrak berritzeko gai likido eta solidoak, masaje zerbitzua (BI-K eskolari esker), kontsigna zerbitzua, dutxak… denetik izango dute aukeran.
Sariak
Lasterketa bukatuta luntxa egoten da Ibaiondon.
Sarien banaketa Ibaiondo pilotalekuan egingo da, 21:45ak aldera eta luntxa ere egongo da bertan. Guztira, aurten, hamaika sari banatuko dituzte. Emakumeen eta gizonen kategorietan lehen hirurek jasoko dituzte garaikurrak. Gainera, lehen emakume eta gizon beteranoek ere izango dute saria (40 urtetik gorakoak dira), baita lehen emakume eta gizon pasaitarrak ere.
Festa handia da krosa, eta jendeak mozorrotzeko ohitura izaten du: mozorro onenak ere saria izango du.