Ekintza sortaren barruan, hilaren 15eko Gabonetako Kontzertua izango da lehenengoa.
Koldo Mitxelenako jolastokian Musika Bandak emandako kontzertu bat.
Egitarau berezia prestatu du aurten ere EMKE Musika Bandak Gabonei begira. Ekintza sorta horren lehenengo emanaldia hilaren 15ean (larunbata) Niessen Kulturgunean eskainiko duen Gabonetako Kontzertua izango da. Ez da bakarrik arituko kontzertu horretan, Jai Toki Kultur Elkarteko Furius gazte taldearekin batera egingo baitu emanaldia. Zinema eta literaturaren pertsonaia klasikoak, Disney eta Pixar faktorien doinu ezagunak, eta arrakasta handiko musikalak tartekatuko dituzte Furiusen hamargarren urteurrenaren harira. 18:30ean da kontzertua.
Elisa Di Pietro sopranoak ere hartuko du parte kontzertu horretan. EMKE nabarmendu duenez haur eta familia osoarentzat bereziki pentsatutako programa izango da.
Kontzerturako gonbidapenak datorren astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dituzte interesdunek, pertsona bakoitzeko sei gehienez, Niessen Kulturguneko harreran, ohiko ordutegian.
Abenduaren 24an izango du hurrengo hitzordua EMKE Bandak. Gabonetako diana egingo du herriko kaleetan barrena goizean goizetik. Urte berria behar moduan hasteko, berriz, urtarrilaren 6an Urte Berriko Kontzertua egingo du 12:30ean.