Zer hobetu badelako
SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak gaixo psikikoek Oarsoaldean jasotzen duten arretaren gaineko diagnostikoa egin berri du Arraztalo eta Aldura elkarteek eskatuta; asteartean aurkeztuko dute ikerketa, Donibanen.
Gaixotasun psikikoa duten pertsonek Oarsoaldean jasotzen duten arreta aztertzeko helburuz diagnostiko bat egin dute eskualdean. Donibanen aurkeztuko dute, datorren asteartean. Gaixo psikikoak eta haien senideak biltzen dituzten Aldura eta Arraztalo elkarteek bultzatu dute ikerketa, eta astearteko aurkezpena ere beraiek antolatu dute, elkarlanean.
Kontxi Larrañaga Arraztalo elkarteko kidea da, eta azaldu duenez «tokiko elkartea izanik erakundeek beren eskariei erantzuten ez» zietela ikusi zutenean hasi ziren orain argia ikusi duen ikerketa bultzatzen.
Oiartzungo elkartea da Arraztalo, eta Pasaiako, Lezoko eta Errenteriako elkartea da Aldura. Gaixo psikikoen eskubideen defentsan aritzen dira biak. Sortzen lehena Arraztalo elkartea izan zen, 2009. urtean, eta gaur egun soldatapeko sei langile dituztela jakinarazi du Larrañagak, «gaixo mentalak guztiak». Arraztaloko kideak jakinarazi duenez «herriak eskainitako baratzeetan» egiten dute lan, eta horrekin eta Oiartzungo Udalak ematen dien diru laguntzari esker ordaintzen dituzte langileen soldatak.
Aldura elkartea 2016an sortu zen, Arraztaloren adibidea jarraituta. Eskoletarako baratzeak garatu dituzte, eta gaur egun osasun mentalari buruzko eskualdeko mahai bat eratzeko lanean dihardute, «gaixo mentalei arreta eskaintzen dieten zerbitzu denak ordezkatuak izango diren mahai bat; gizarte laguntzaileak, Beraungo osasun zentroko ordezkaria, udaletxeetako gizarte langileak, Lanbide…».
Elkarteetan garatzen ari diren proiektu horiek guztiak arrazoitzeko oinarriak asteartean aurkeztuko duten azterketan bilatu dituztela ohartarazi du Larrañagak, eta diagnostikoaren egitasmoa nola sortu zen gogorarazi du: «Behar nagusi bat ikusi genuen bi elkarteek, koordinazio falta antzeman genuelako arreta eskaintzen duten erakundeen eta zerbitzuen artean».
Ildo beretik, diagnostikoa eskuan «bat ere sorpresarik» ez dutela jaso baietsi du Arrraztaloko kideak: «Ikerketan agertzen diren hutsuneak eta guk antzemandakoak berberak dira». Hala ere, «beldur» dira Arraztalo eta Aldura, susmo bat badutelako: «Politikoak, foru aldundikoak, Oarsoaldeko Garapen Agentziakoak, gizarte langileak, psikiatrak… ziurrenik horiei ez zaizkie gustatuko atera diren ondorioak».
Horregatik, ikerketaren «objektibotasuna» goraipatu du: «Enpresa batek egin du ikerketa, eta Beraungo Osasun Zentroaren bidez egituratu da».
Lan egokituak, aire librean
Arraztalo eta Aldura elkarteen aldarri nagusiak bi dira, lan egokitua eta gizarte integrazioa. Ildo horretan Kontxi Larrañagak hainbat ñabardura egin nahi izan ditu: «Guk pertsona hauentzako lana eskatzen dugunean, kontuan hartu behar da pertsona diagnostikatuak direla, normalean gizarte langileek aukeratuak eta diagnostiko larriekin. Asko dira %67ko ezintasun mentala dutenak».
«Ziurrenik, horiei [arduradunei] ez zaizkie gustatuko ondorioak»
«Esperientziak erakutsi digu inportantea dela lana aire librean izatea»
«Ikerketan agertzen diren hutsuneak eta guk antzemandakoak berberak dira»
Kontxi Larrañaga
Arraztalo elkartea
Ildo beretik haientzat botikarik onena lana dela ohartarazi du, baina beti ere lan egokitua: «Esperientziak erakutsi digu inportantea dela lan hori aire librean izatea: baratzeak, herrian mantenua…».
Gaur egungo arretak, zentzu horretan, gabezia handiak dituela iritzi diote Arraztalon: «Hemengo familiek bizitzen dugun esperientzia normalean izaten da hiru edo lau hilabetean behin joatea Beraungo Osasun Zentrora, eta han duten arreta bakarra medikazioa da».
Bestelako bideak badirela aitortuta ere, beti ez direla egokiak ohartarazi du: «Eguneko zentroak daude, eta tailer okupazionalak ere, baina enplegu zentro bereziak, Gureak taldekoak adibidez, ez dira egokiak diagnostiko maila larria duten pertsonentzako, ez direlako egokitzen. Ordu asko, irabazi txikiak… Eta hori guretzako esplotazioa da», deitoratu du Larrañagak.
Katalunia eredu
Goiz osoko jardunaldia antolatu dute Aldurak eta Arraztalok diagnostikoaren aurkezpenerako. Eskualdeko ikerketaren berri ematearekin batera, bi elkarteen jarduna aurkeztuko dute, eta Kataluniako esperientzian sakondu. Horretarako Kataluniako hiru gonbidatu igoko dira Donibaneko Juanba Berasategi aretoko oholtza gainera: Marta Poll, Salutmental Catalunya federazioko zuzendaria; Monica Carrilero, Salutmental Catalunya federazioko eragintza politikoko arduraduna; eta Foix Sogas, El Turo elkarteko presidentea.
Kataluniako osasun mentaleko mahaien esperientziaren berri emango dute mahai-inguruan, bukaeran, aretora bildutakoen artean sor daitezkeen galderak erantzuteko eta hausnarketak partekatzeko.
Larrañagaren ustez, urrats bat aurretik doaz Katalunian: «Han badituzte beste esperientzia motak. Han mahai komunitarioak dituzte eta hor elkartzen dira familia medikua, psikologo edo psikiatra, gizarte langilea eta kasu batzuetan etxeetara ere hurbiltzen da lantaldea».
Esperientzia horretatik ikasi eta hangoen esperientziaz baliatuta hemengo gaixo psikikoei merezi bezalako arreta integrala eskaintzeko bidean aurrera egitea, horixe, finean, astearteko jardunaldiaren helburu nagusiena.
June Arechalde, SIISeko ikerlaria: «Ikusi dugu batzuk sistematik kanporatuak izaten direla»
Oarsoaldean gaixotasun psikikoa duten pertsonek jasotzen duten arreta ikertzen aritu zara. Lana bukatuta, zeintzuk izan dira ondorio nagusiak?
1970eko hamarkadan jendea psikiatrikoetatik atera eta eredu komunitarioa indartzen hasten da. Prozesu horretan sortu diren baliabide berriak garrantzi handia dute, baina oraindik ere pisu gehiago behar dute, hau da, ez dago behar adina bitarteko.
Horrez gain, sakonago aztertu beharko litzateke ea gaur egun diseinatu diren hainbat baliabide zein punturaino diren eraginkorrak, batez ere, lan arloan eta eguneko arreta emateko ereduetan. Askotan normalizaziora gehiegi jotzen dute. Erabateko integrazio bat lortu nahi izaten da, gaixoak osatzea eta beste edozein pertsona bezala aritzea lan munduan eta beste hainbat tokitan. Gaixotasun mentalak manifestazio pilo bat dauzka eta larritasunaren arabera egoera asko aldatzen da. Egia da pertsona batzuk gai direla hori egiteko, baina beste batzuk ez, eta ikusi dugu batzuk sistematik kanporatuak izaten direla.
Arazo handia dago ere gaixotasunaren kontzientzia hartzeari dagokionez. Pertsona batek aitortzea gaixo dagoela, medikura joatea, medikazioa hartzea…, jarraipen hori ez da beti prozesu erraz bat izaten. Gaur egun Osakidetzari dagokio lan hori egitea, baina ez daude adina baliabide lan horretan proaktibo izan eta kasu bakoitzak behar duen lanketarekin erantzuteko.
Hutsuneak antzemanda, horiek konpontze bidean jartzen hasteko zeintzuk beharko lukete lehentasunak?
Nik bi nabarmenduko nituzke. Bat izango litzateke osasun sistemari buruzkoa eta bertan jendeak jasotzen duen arretari dagokiona. Guk buruko gaixotasuna duten hainbat pertsona elkarrizketatu ditugu eta sarritan agertzen den zerbait da arreta psikologiko —eta ez psikiatriko—gehiagoren beharra. Hau da, gaur egungo sistema, Osakidetzaren barrukoa, farmakologiarantz eta diagnostikorantz orientatuta dago. Orduan, jendeak eskatzen du bere gaixotasuna nola kudeatu, eta horrek dakartzan bizipenak kudeatzeko laguntza gehiago.
Nabarmenduko nukeen bestea, eguneko arretari dagokio. Gaur egun bi baliabide nagusi daude; lan merkatuan txertatzeko zentroak, eta errehabilitazio psikosozialerako zentroak. Guk diagnostikoetan nabaritu duguna da oso zurrunak direla, hau da, normalean jendeari eskatzen zaio, sei, zazpi, zortzi egunez egunero joatea, eta hori ez da pertsona hauentzat funtzionatzen duen eredu bat. Egia da salbuespenak egiten direla, eta beraz, ezin da esan jendeari hori eskaintzen zaiola edo ez zaiola ezer eskaintzen, baina dagoen ereduak normaltasunerantz jotzen du, aitortu gabe jende honek lau orduz egunean errutina bat edukita, aski duela eta batzuetan baita gehiegi ere.
Kontuan hartu behar da buruko gaixotasunek arazo asko dakartela harremanen arloan, eremu sozialetan edo pertsonarentzat oso ezagunak ez direnetan. Jendeari eskatzen zaiona gehiegi baldin bada, alde egiten du eta arretak ez du funtzionatzen.
Zentzu horretan, Arraztaloko kideek uste dute lana dela botikarik onena, baina beti ere lan egokitua eta aire librean. Ados??
Nik ezingo nuke hori horrela baieztatu bere osotasunean, guk ez dugulako horren gaineko ikerketa zehatz bat egin, baina egia da inpresio hori badagoela guk elkarrizketatu ditugun hainbat pertsonengan.
Gogoratu behar dugu, Gipuzkoan lan insertzioa batez ere Gureak-en esku ematen dela. Gureak-ek jatorri industrial nabarmen bat du, eta egiten dituen ekintzak asko dibertsifikatu dituen arren, egia da postu asko han eskaintzen direla, eta gaixotasun mota batzuentzat egokiak izan daitezkeen arren, beste hainbatetan ez direla egokiak.
Elkarrizketatuak aipatu dituzu. Zein metodologia erabili duzue diagnostikoa osatzeko??
Lanak bi atal dauzka. Lehenik eta behin, bibliografiaren berrikusketa bat egin genuen, gaixotasun mental larria duten pertsonenganako arretan azkeneko joerak zein diren ikusteko.
Bigarren atal batean Oarsoaldean eta Gipuzkoan dauden bitartekoak aztertzera jo dugu. Zentzu horretan komeni da nabarmentzea zaila dela ezberdintzea eskualdean eta lurraldean gertatzen dena, errekurtso askorentzako sarrera foru aldundiak duelako. Nahiz eta egon udalek kudeatzen dituzten hainbat errekurtso, gaixotasun mentalaren esparruan gutxi dira.
Ikerketan zehar sumatu dugun beste kontu bat da, gizarte langileek, askotan, gizarte insertziorako bestelako bitartekoetara jotzen dutela, errekurtso horiek hobeto erantzuten dietelako gaixotasun psikiko larria duten pertsonei, beraientzako berez aurreikusitakoak baino.
Ikerketaren bigarren atala elkarrizketen bidez egin dugu, hurbilketa kualitatiboago bat eginez. Badago ere atal kuantitatibo bat, baina atal horretan nabarmendu beharko genuke datuen urritasuna. Gipuzkoan badaude datu gehiago, baina eskualdera iristen garenean urriagoa da informazio hori. Ikerketaren beste ondorioetako bat, beraz, hori da, tokian tokiko datuen bilketa eta lanketa hobetzearen beharra.
Elkarrizketatuak hautatzeko zein irizpide erabili dituzue??
Hiruzpalau eragile mota elkarrizketatu ditugu. Alde batetik, instituzioetan lan egiten duten teknikari eta kudeatzaileak elkarrizketatu ditugu: Oarsoaldeko Garapen Agentzia, lau udalerrietako gizarte langileak, eta Gipuzkoako Foru Aldundian errekurtsoetara sarbidea ematen duten eta kudeaketaz arduratzen diren erakundeetako kideak. Horiez gain, gaixotasun psikikoa duten pertsonekin lan egiten duten zerbitzuetako langileak: Gureak, Agifes…
Hirugarren profil batean, familiarrak elkarrizketatu ditugu eta, hor sartuko nituzke ere, gaixotasun mentala duten pertsonen eskubideak defendatzen dituzten elkarteak.
Azkenik, Beraungo osasun?mentalaren zentroan arreta jasotzen duten hamabi bat lagun elkarrizketatu ditugu, genero, adin, zein gaixotasun mota eta larritasunaren araberako aniztasuna bermatuz, eta errekurtsoetara sarbidea lortzen zuten ala ez kontuan hartuz. Izan ere, ez da egia gaur egun egiten den guztiak ez duenik funtzionatzen, baina egia da arretarako gaur egungo ereduak pertsona asko kanpoan uzten dituela, ez direlako egokitzen.
Egitaraua
Zer. Zein arreta jasotzen dute gaixotasun psikikoa duten pertsonek gure eskualdean?. Diagnostikoaren aurkezpen jardunaldia.
Lekua. Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.
Eguna. Hilak 11.
Harrera. 09:00.
Aurkezpena. 09:15ean Arraztalo eta Aldura elkarteak; 10:30ean,
Oarsoaldeko diagnostikoaren aurkezpena.
Mahai-ingurua. 11:00etan Osasun mentaleko mahaien esperientzia Katalunian.